Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Enpatiarako lekukotasunak

2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Ez da gai erraza, gertutik bizi edo ezagutu ezean behintzat, transexualitatearena, eta horren erakusgarri da Espainiako Berdintasun Ministerioak prestatu duen lege proposamenak —transen babes juridikoari eta sexu-identitatea eta genero-adierazpena askatasunez zehazteko eskubideari buruzkoak— sortu duen eztabaida, transexual eta feminista asko haren aldeko eta bultzatzaile izan arren beste askok gogor kritikatu baitute.

Beste gai askoren arteko bidegurutze korapilatsua da, izan ere, transexualitatea: sexua, generoa, aurreiritziak eta estereotipoak, pribilegioak eta diskriminazioa, gizarte erakundeen sailkatze irizpideak, zuzenbidea, biologia, kirola, gurasoen rola, eskolarena, medikuntzarena, psikologiarena... Horregatik, argitasun pixka bat izango bada, gaia gertutik bizi izan dutenen eta bizitzen ari direnen lekukotasunak eta iritziak entzutea bezalakorik ez dago.

Horixe egin du Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteek lankidetzan sortu, Izar Filmsek ekoitzi, Izaskun Arandiak zuzendu eta Zinegoak jaialdian aurkeztutako Ni naiz naizena websail dokumentalak, eta lehen bi atalak ikusgai daude trans.eus atarian: Aitzole Aranetari buruzkoa, euskaraz gaztelaniazko azpitituluekin; eta Victor Virutari buruzkoa, gaztelaniaz euskarazko azpitituluekin.

Lekukotasun zintzo eta zuzenak dira biak, gardentasun eta sinesgarritasun osoz eginak eta enpatia handia sortzen dute ikuslearengan. Horrenbestez, oso dokumentu baliagarriak dira gaia gertuagotik ezagutzeko eta nork bere irizpideak oinarri sendoagoz finkatzeko. Ez daude soberan horrelakoak, transexualek eta haien problematikak ez baitute presentzia handirik ikus-entzunezkoetan, ez fikziozkoetan ez bestelakoetan, ez oro har mundu osoan eta ez gure artean. Literaturan ere ez, bide batez esanda. Zer dugu, adibidez, euskal literaturan, Kattalin Minerren Moio. Gordetzea ezinezkoa zen liburuaz aparte?

Gizartean, tamalez, erabat desagertzetik urrun badaude ere, lesbofobia eta homofobia zuzentasun politikoaren antipodetan daude jada, zorionez, eta azken urteetan transfobia ere horretara bideratzen ari da, atzerapenez eta mantsoagoa bada ere. Ni naiz naizena urrats duin eta interesgarria da transfobiaren aurka oraindik ere egiteke eta egiteko dagoen bidean aurrerago jotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.