PLAN BAT MARIJAIAREKIN. Lander Otaola. Aktorea

«Aktoreontzako oso txupinazo bereziak izaten ari dira azken urteetakoak»

Otaolak dio Bilbon soilik ikusten dela egunotan hirian nagusitzen den giroa, eta bertan gustura ibiltzen da. Aste Nagusia bakarra da harentzat.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2018ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
«Eurodisney bilakatzen da Bilbo». Hitz horiek darabiltza Lander Otaola (Bilbo, 1989) aktoreak Bilboko Aste Nagusia deskribatzeko orduan. Festa eta lana uztartuko ditu egun hauetan Otaolak, Yo soy Pichichi (Ni Pichichi naiz) antzezlanean arituko baita, baina, ziurtatu du Aste Nagusiaz gozatzeko tartea ere aterako duela. Atzo bertan, jaietako txupinazoa entzun aurretik murgildu zen festa giroan.

Aste Nagusiko une bat aukeratzekotan, zein aukeratuko zenuke?

Zaila da, plan asko izaten baititut Aste Nagusian. Baina niretzat bereziena txupinazoaren egunean kuadrillako lagunek egiten dugun bazkaria da. Urteroko zita bihurtu da guretzat, egun osoko plana izaten da.

Kontatzeko modukoa al da plan hori?

Bai, noski. Egaña kalean hasten dugu txupinazo eguna: bertan poteoa egiten dugu. Ostean, elkarrekin bazkaldu, eta, jarraian, pregoia entzutera joaten gara Arriaga plazara. Aurten, gainera, itsasadarretik itsasontzian joan gara Arriagara, eta bertatik ikusi dugu jaien hasiera. Eta gero, nola ez, mugimendua hasi bezain laster, txosnetara. Nire ustez, konpartsetan sortzen den giroa baita Aste Nagusiaren bihotza. Bertan murgildu eta galdu beharko litzateke Bilbora egun hauetan datorren edonor.

Zer da zuretzat txupinazoa?

Oso une hunkigarria da. Baina, pertsonalki, aurtengoa are bereziagoa izan da, Zorion Egileoraurtengo pregoilaria lagun mina baita. Halaber, duela bi urte Patxo Telleria izan zen, eta duela hiru, Gurutze Beitia. Horregatik, aktoreontzako oso txupinazo bereziak izaten ari dira azken urteetakoak. Lagun bat balkoian ikustea zirraragarria da.

Arriaga plazara sartzen den horietakoa al zara?

Ez, ez. Pregoia kanpotik ikusten dut, plazara sartzeak beldurra ematen baitit.

«Bakarra munduan», dio abestiak. Zer du Aste Nagusiak hain berezia izateko?

Bilbon bakarrik existitzen den izaera txirenea [bilbotar umorea, eta harrotasuna azaltzen duen jarrera] ateratzen da egun horietan kalera. Urte osoan ere jai giroa edonon aurki daiteke, baina Aste Nagusian ateratzen den txirenismo hau izugarria da. Azken finean, haurtzarorako bidaia bat da Aste Nagusia.

40 urte bete ditu Aste Nagusiak. Hartan jaio gabe zinen, baina nola gogoratzen dituzu zure hastapenak?

12 urte nituela hasi nintzen Aste Nagusian ateratzen.

Eta nola aldatu dira jaiak ordutik?

Lehen, gauero ateratzen nintzen parrandan; orain, aldiz, bizpahiru gautan soilik ateratzen naiz. Gainera, azken urteotan antzezlanetan aritzea egokitu izan zait. Aurten, Yo soy Pichichi taularatuko dugu Pabiloi 6 antzokian. Asteazkenetik igandera bitarte, gauero emanaldi bat eskainiko dugu, 21:00etan.

Zer da bilbotar batentzat Aste Nagusian lan egitea?

Azken sei urteotan bost antzezlanetan aritu naiz Aste Nagusian. Polita da, baina, aldi berean, baita zaila ere. Norberak Aste Nagusiari egiten dion ekarpen txiki bat da. Are gehiago, ohorea da kulturaren aldetik egitarauko antzerki eskaintzaren parte izatea.

Aste Nagusiak ba al du gustatzen ez zaizun zerbait?

Su artifizialak. Ezin ditut jasan.Jendeak asko estimatzen ditu, baina niri ez didate graziarik egiten. Guztiak iruditzen zaizkit berdinak, ez dut ulertzen su batzuk beste batzuk baino gehiago gustatzen zaion jendea. Gainera, hainbat herri eta hiritako jaietan aurki daitezke.

Eta norbaitek suak ikustera joateko plana proposatuko balizu?

Joango nintzateke, baina ez zaizkit batere erakargarriak iruditzen.

Zer eskatuko zenioke Marijaiari?

Ez, ez da leloaren atzean dagoena betetzea. Hau da, emakumeak errespetatu eta eraso sexistarik gabeko jaiak izatea. Eta baita borrokak eta lapurretak desagertzea ere. Borrokak gero eta gutxiago daudela esango nuke, baina urtero lapurtzen diote ezagun bati diru zorroa edo sakelako telefonoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.