«Beste giza espezie bat» topatu dute Filipinetako Luzon uhartean

Duela 67.000 urte bizi izandako hiru gizabanakoren arrastoak aztertu dituzte, eta orain arte ezagutu gabeko mota batekoak direla ondorioztatu

«Beste giza espezie bat» topatu dute Filipinetako Luzon uhartean.
Edu Lartzanguren.
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Uharteek barietatea sortzen dute. Darwini Galapago uharteetan (Ekuador) etorri zitzaion burura espezieen eboluzioaren ideia, ikusi zuenean uharte batetik bestera txoriek oso ezaugarri ezberdinak zituztela, bakoitzean modu batean eboluzionatu zutelakoan. Printzipioa baieztatu da berriz orain, Filipinetan, baina gizakiekin. Luzon uhartean aurkituriko aztarna batzuk aztertuta, hango arkeologo talde batek iragarri du «beste giza espezie bat» topatu dutela. Homo luzonensis izena jarri diote, eta gizaki txikia zela ondorioztatu dute, inguruko Flores uhartean lehen ere topaturiko Homo floriensis hura bezala.

Filipinetako Unibertsitateko Armand Mijares antropologoak duela 67.000 urteko hezur bat topatu zuen 2007an, Luzongo iparraldeko Callao kobazuloan. Orduan ondorioztatu zuen Homo generoko banako batena zela, baina puska txikiegia eta bakanegia zen zer espezietakoa zen jakiteko. Indusketa lanetan jarraitu dute, eta orain beste hamabi hezur topatu dituzte, leku eta garai berean bizi izandako beste hiru banakorenak. Ondorioztatu dutenez, hezurrak ez dagozkie ezagutzen diren Homo generoko beste espezieei, ez Homo sapiens-ari ezta Homo floriensis-ari ere. Gizabanakoak txikiak ziren: helduak 1,20 metro ingurukoak, eta zuhaitzetan bizitzeko egokiturik zeudela uste dute, haien oinetako hezurrak ikusita.

Mikel Iriondo EHUko antropologia irakasleak ohartarazi du hezur gutxi batzuk baino ez direla, eta oraindik baieztatu beharko dela ondorioa. «Hainbat ikertzailek esan dute gizabanako gutxiren aztarnak direla. Bai, baliteke gaitzen bat pairaturiko gizakiak izatea; baina Homo floriensis-arekin gauza bera esan zuten», nabarmendu du antropologoak.

Iriondoren arabera, pentsatzekoa da eskualde horretako uharteetan hainbat giza espezie bizi izan zirela. Izan ere, bakartuak egoteko aukera gehiago zuten, eta populazio txikiak izateko; horren eraginez, aldaketak azkarrago gerta zitezkeen.

Azken urteotako aurkikuntzek zabaldu egin dute giza familia. «Adar asko egon ziren, eta, aztarna gehiago aurkitu ahala, gero eta adar gehiago jarriko dizkiogu giza eboluzioaren zuhaitzari», esan du Iriondok. Edonola ere, gogoratu du genetikak erakusten duela talde ezberdin horiek asko ugaldu zirela elkarrekin, eta horrek zalantzan jarriko lukeela espezie ezberdinak izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.