Nola jan elefante bat

Burujabetza partekatua eta erabakitzeko eskubidea defendatu dute Ardanza eta Ibarretxe lehendakari ohiek, eta bermeak eskatu dituzte Espainiako Estatuarekin alde biko harremana benetakoa izan dadin.

Jose Antonio Ardanza eta Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohiak, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2016ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Hozkada batez ezinezkoa denez, zatika», erantzun dio norberak eginiko galderari Jose Antonio Ardanzak, hamalau urtez (1985etik 1999ra) Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandakoak. Hizkuntza baliabide estilistikoekin jarraituz, esan du «bereizi» egin behar dela presazkoa dena eta garrantzitsua dena, ez direla nahasi behar -«sozialistek egiten dute eran»-, «konbinatu» behar direla. Eta presazkoa, hura lehendakari izandako garaian, krisialdi ekonomikoa eta indarkeria —bereziki ETArena, baina ez soilik— izan zirela, eta garrantzitsua, EAEko autogobernua garatzea, sakontzea: «Euskal gatazkaren sakoneko erroei heltzea, euskal gizarteak berezkoa duen nortasun-dualitatea aintzat hartuta». Ardanzak uste du, neurri batean behintzat, lortu zuela hori, Ajuria Eneko Itunarekin. «Baina gero betikoa gertatu zen: Espainiako alderdiek apurtu zituztela kontsentsu guztiak eta ETAk berriro ekin ziola terrorismoari». 1999. urtean izan zen hori.

Antzera pentsatzen du Ardanzaren eskutik aginte makila hartu eta hamar urtez (1999-2009) lehendakari izandakoak: Juan Jose Ibarretxek. Konbinatu bai, baina batak ez duela bestea trabatu behar azpimarratu du, eta bera horretan ahalegindu zela, ETAk bere jarduna jarraitu zein ez, akordioak lantzen, «garrantzitsua» den horri irtenbide bat emateko. Baina kasu hartan ere ezin izan zuen elefantea jan; jaterik badago.

«Agian, uko egin beharko diogu estatu baten asmoari», ondorioztatu du Ardanzak, Donostian. Eta Ibarretxek ere zalantzan jarri du helburu hori, estatu hitza aipatu gabe burujabetza partekatuaz mintzatu denean. Biek ala biek defendatu dute, ordea, erabakitzeko eskubidea, euskal gatazkaren irtenbide gisa. Eta alde biko harremana Espainiako Estatuarekin. Biek aipatu dute Kanadako eredua. Dena den, bietako inork ez du independentzia hitza erabili, hizketan aritu diren bi ordu luzeetan; sarrerako hitzak salbu, espainolez dena.

Jaurlaritzaren sorreraren 80. urteurrena gogoratzeko EHUko uda ikastaroetan antolatutako mintegi batean izan dira bi lehendakari ohiak. Francoren diktaduraren osteko beste bik ezin izan dute parte hartu, Ludger Mees ikastaroaren zuzendariak azaldu zuenez: Carlos Garaikoetxea 1980tik 1985era arte lehendakari izandakoa «atzerrian» dagoelako bidaian eta Patxi Lopez (2009-2012) Espainiako Gorteetan osaketarako negoziazioetan dagoelako, Madrilen. Gutun bana igorri dute mintegira, Jose Luis de la Granja irakasleak irakurri dituenak. Garaikoetxeak «autodeterminazio eskubidea» aldarrikatu du, «gizarte justu eta solidario» bat eraikitzeko, eta zalantzan jarri du Espainiako Estatuarekin alde biko harremana izateko aukera. Lopez, berriz, Espainiako Estatuaren federalizazioan sakontzearen alde azaldu da, «zatiak osotasunaren parte senti daitezen». Iñigo Urkullu egungo lehendakaria herengun izan zen EHUko udako ikastaroan, inaugurazio ekitaldian, eta EAErako estatus politiko berria eskatu zuen.

Lau lehendakari ohiek galdetegi berari erantzun diote, eta agertu dituzte euren agintaldiko zailtasunak, lorpenak eta porrotak, baina, bereziki, aurrera begira jarri dira, eta horri buruz aritu direnean azaldu dute argien politikari sena, Ardanzak eta Ibarretxek bereziki. Dena dela, Ibarretxek esan du «akademiko gisa» hitz egingo zuela, eta, Ardanzak ez bezala, argitu bere alderdi EAJren erabakiekin bat egingo duela «beti», ziurtasun osoa duelako hori dela egokiena, autokritika tonu batekin berak egindakoaz harro azaldu arren. «Espero dut datozenek nik baino hobeto egitea, gauza ezberdinak egitea, eta gela beste kolore batez margotzea».

Ibarretxe baino luzeago aritu da hizketan Ardanza. Argi dauka zein diren berak nahiko lukeen autogobernuaren osagaiak: erabakitzeko eskubidea, segurtasun juridikoa izango lukeen alde biko harremana Espainiako Estatuarekin, eta nazio aniztasuna aitortuko lukeen estatu bateko «bazkide» izatea. «Nazioen naziorik ez dago, batek beti hartuko dituelako mendean besteak. Berdintasun egoera batean, estatua partekatzea litzateke irtenbidea».

Independentzia, «arrisku»

Ardanzak nabarmendu du berak ez lukeela joko independentzia prozesu batera, «erradikalizazio prozesua» litzatekeelakoan. «Estatu bat apurtzen saiatzea oso delikatua eta arriskutsua da. Estatu batek arriskuan ikusten badu bere burua, eskura dituen baliabide gutziak jar ditzake martxan, egun pentsaezinak diren batzuk barne», azpimarratu du, etaGALen garaiko gerra zikinari aipamena egin dio, zeharka. «Haustura arriskuak, gainera, zuzenbidea sortzen du», azaldu du, Ibarretxeren haserrerako: «Printzipio terrorista bat da hori». Eta Ardanzak erantzun: «Horregatik diot nik inteligentziarekin eta argudio demokratikoekin erantzun behar dugula, inoiz ez indarrez». «Baina arbitroa ez dadila izan beti alde batekoa», ihardetsi du Ibarretxek.

Hori izan du lehendakari ohiak irakasle roletik aldendu den une bakarrenetakoa Ibarretxek. Bestela, azkenaldian han-hemenka azaltzen ari den tesiari eutsi dio: maila akademikoan ere justifikatzen ari direla estatuak banatzea, estatu horiek ez badituzte aintzat hartzen barruan dituzten herrien eta bertako herritaren eskubideak. Hark, baina, burujabetza partekatua defendatu du EuskalHerriarentzat, «identitateen kolaborazioan eta ez konfrontazioan» oinarritutakoa. Nolanahi den, Ibarretxek argi dauka Euskal Herriak ekonomikoki eta sozialki garatu nahi badu «euskal nortasunean sakondu» behar duela, «artikulazio politiko-juridikoa zernahi izanda ere». «Identitatean eta kulturan oinarritzen ez diren proiektuak dependenteagoakdira», haren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.