Pastor
DARWIN ETA GU

Bismarck eta neska egiazalea

2022ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Bismarck ez zen «diplomazialari faltsu eta gezurtia, gizon tolesgabe eta basatia baizik». Halaxe definitzen du XIX. mendeko Alemaniako politikaria Guy de Maupassant-en Fort comme la mort nobelako pertsonaia batek. Bismarckek «oihuka» esaten omen zituen egiak, inoiz ez zituen bere asmoak ezkutatzen.

Egiazaletasuna, krudelkeria. Non amaitzen da bata, non hasten bestea? Gaiari buruz jarrera muturrekoak egon daitezkeela irakurria dut. Bat nator: lagun batzuen iritziz, dohainik preziatuena da egiazaletasuna; beste batzuen ustez, ordea, dohain hori, sarri, krudelkeriaren maskara besterik ez da.

Amaginarrebarekin zuen harreman gorabeheratsuaren jatorria egiazaletasuna zela argitu zidan neska batek, aspaldi. Mutilaren etxera lehenengo aldiz joan zenean otordu berezia prestatu zion senargaiaren amak. Ez dut oroitzen zein zen lehen platera, baina neskak ez zuen batere maite. Inoiz ez zuen jaten. «Ez zait gustatzen», bota zion mutilaren amari. Ez zuen mokadurik jan. Jakiari muzin egiteko modu diplomatikoagorik ez ote zegoen galdetu nion: apurtxo bat jan eta utzi, ondoezik zegoela azaldu... «Nik egia esaten dut beti», adierazi zuen, afaltzen ari ginen bitartean.

Noiz eta zenbateraino da onuragarria egiazaletasuna? Guraso batek ume jaioberria erakutsi dizu kalean. «Polita da, ezta?». Zer esan behar diozu, ados ez bazaude? Gordin-gordin erantzun ala irtenbideren bat bilatu, inor ez mintzeko?

Egiazaletasunaren beste adibide bat, lagun baten ahotik entzuna, testuinguru zeharo desberdinean: haren lehen umea jaio zenean erizaina nahastu edo egin zen. Ez dakit zer egin zuen, kontua da segundo batzuetan umearen burura ez zela oxigenorik iritsi. Konturatu ahala korrika joan zen neska eta okerra konpondu zuen. Jaioberria suspertu egin zen, baina ondorioak betirako geratu ziren haren gorputzean. «Batzuetan pentsatu izan dut ez ote zen guztiontzat hobea izango erizaina eginiko akatsaz ohartu ez balitz», esan zidan lagunak, semeak bi hilabete zituela, ia-ia negarrez.

Hogei bat urte igaro dira geroztik. Tarteka semearen argazkiak bidali izan dizkit mutilak, eta umea nola dagoen azaldu: eskola berezi batean dute, bertan haren zentzumenak estimulatzeko saioak jasotzen ditu. Aldarte onean egoten da beti, irribarrez. Sanjoanak pasatu eta gero bidali zidan ezusteko mezua: «M... hil da». Jota geratu nintzen, nola erreakzionatu jakingo ez banu bezala. Gertatuaren berri eman zidan, telefonoz: COVID-19a zela eta, astebete eman zuen erietxean. Alta eman behar zioten egunean okerrera egin zuen, baina: sukarra, dardara, konbultsioak... Aita ospitalera heldu zenerako koman zegoen mutila. Haren besoa laztandu eta laztandu ibili zen gizona, harik eta semea hil zen arte. Derrepentean, negarrak ahotsa apurtu zion: «Ezin dut gehiago hitz egin». Eta eskegi egin zuen.

Isilik geratu nintzen, lagunaren oinazearen mina eta lantua burutik kendu ezinik. Eta isiltasun horrek kezka handia ekarri zidan burura, latza: haren negarra aditu arte ez ote nintzen soraio edo krudel samar jokatu, nahi gabe izanik ere; zergatik ez nintzen gai izan konturatzeko umea jaio berria zela bere buruari hura hiltzea onena izango ote zen galdetzen zion aitak, azkenean, beste bi seme-alabak adina maite izan zuela haur hura.

Aste honetan semearen argazki bat bidali dit. Aulkian dago, burua alde batera okertuta, aurpegian betiko irribarrea duela. Realaren bufanda darama lepoan. «Gogoratzen duzu? Parte Zaharreko souvenir denda batean erosi genuen», esan dit. Semearen gauza guztiak biltzen dituzten kutxak etxean ditu prezintaturik. «Oraindik ez dut irekitzeko kemenik».

Afalostean solasean segitu genuen neska egiazaleak eta biok. Alaba nerabeari buruz hitz egiten hasi zen. Sakelakoa atera eta neskatxaren argazkia erakutsi zidan. «Oso polita da, ezta?», galdetu zidan Bismarcken lagunak. Erreflexuak izan nituen. «Begi biziak ditu. Nabari du oso neskato argia dela». Kalean egiazko sargoria zegoen. Irailekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.