Xabier Gurrutxaga. Abokatua

«Fiskaltzak ez du arrazoirik, auziko preskripzioa ezin delako etentzat jo»

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
2014ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Egunkaria-ko auzi ekonomikoa ondo aztertua du Xabier Gurrutxaga abokatuak (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1955), eta berriki iritzi artikulu luze bat atera du gaiari buruz —Egunkaria.info-n irakur daiteke, osorik—.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak gaur aztertuko du epaiketa egin ala ez. Zer gerta daiteke?

Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Epaitegiko epaileak auzia ixteko maiatzean jakinarazitako sententzian argudio juridiko sendoak daudela uste dut; ondo egituratutako idatzia da. Egunkaria-ko auzi ekonomikoa preskribatutzat jotzeko eta ixteko arrazoiak eman zituen; bat nator harekin. Auziko parteak ados daude 1998-2001 artean egindako ustezko delituen preskripzio epeari buruz, guztiek baitiote bost urtekoa dela. Epaileak auzia preskribatutzat eman zuen, baina fiskaltzak ez.

Fiskaltzak dio preskripzioa une batez eten egin zela eta, beraz, auzia ezin dela itxi. Zer diozu?

Fiskaltzak bazuen helegitea aurkezteko zilegitasunik, eta aurkeztu zuen. Orain Gipuzkoako Auzitegiak aztertuko du epaiketa egin ala ez. Baina, nire iritziz, fiskaltzak helegitearen edukian ez dauka arrazoirik. Haren arabera, 2003ko azaroaren 4ko auto batek eten zuen preskripzioa. Zubimendi epailarentzat ez, eta nire ustez ere ez. Batetik, fiskaltzak aipatzen duen auto hark Egunkaria-ren itxierako auziarekin dauka zerikusia, ez ekonomikoarekin. Gainera, 2010eko apirilean itxierako kasuan absoluzioa eman zen; hau da, Auzitegi Nazionalaren sententziak zioen ez zegoela loturarik ETAren eta Egunkaria-ren artean. Bestetik, 2003ko azaroaren 4ko auto hartan delitu gertakariak eta egileak ez daude zehaztatuta, modu orokorrean aipatzen dira. Gainera, 2003ko azaroaren 26ko auto baten bidez prozedura berri bat ireki zuten; han ere aitortzen da zehazgabeak direla ustezko delituak eta egileen parte hartzea. Badira arrazoi gehiago.

Zein?

Auzipetuek 2009ra arte ez zuten gai horiei buruz deklaratu epailearen aurrean; Egunkaria-ren itxiera kasuko epaiketa hasi baino hilabete batzuk lehenago hitz egin zuten aurreneko aldiz auzitegian —Torrealdai, Uria eta Auzmendik—. Beraz, instrukzioan diligentziarik eza egon da. Horrez gain, Fiskaltza Ministerioa hasieran ez zen auzi honetan akusazio bezala aurkeztu; gero egin zuen hori, Dignidad y Justicia elkarteak egindako eskaerei atxikiz.

Idatzi duzu auzibideak aurrera jarraitzea «ezustea» litzatekeela.

2003an izan zen operazioa, 2009-2010ean Egunkaria-ren itxierako epaiketa, 2010ean absoluzioa. Euskal gizartearen gehiengoak absoluzioarekin eman zuen amaitutzat auzi hau. Baina jarraitu egin du, pieza ekonomikoarekin. Eta segitu du, nahiz eta Jaurlaritzak bi txostenen bidez ziurtatu duen ez zela diru laguntzetan iruzurrik izan; PSEren gobernuak eta EAJrenak egin zituzten txostenok. Gipuzkoako Aldundiak ere esana du diru kontuen faltsutzerik ez zuela egin Egunkaria-k. Auziko gaiak kontuan hartuta parte liratekeen Jaurlaritzaren eta aldundiaren akusaziorik ez dago, ez baitute ikusten deliturik.

Auzia zergatik iritsi da honaino?

Egunkaria-ren aurka egin nahi zutelako hasi zen auzi hau, kausa orokor bat eginda. Guardia Zibila handik eta hemendik ibili zen ustezko delituak bilatzen. Gauzak ez zituzten ondo egin. Itxiera kasuan absoluzioa eman zen, eta oraingoan ez dago argudiorik auzibidea segitzeko. Horrez gain, espero dut epaimahaiak kontuan hartuko duela gizartean auzi honekiko dagoen iritzia; hau da, ez da arazo gisa ikusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.