martxelo otamendi
Katalunia. ANALISIA

Katalanak benetan sumintzen dituena

2018ko martxoaren 28a
00:00
Entzun

Espainiako Gobernuak konstituzioaren 155. artikulua iazko urriaren hirugarren astean Katalunian indarrean jarri zuenetik, aurretik ere bai, oso gauza larriak gertatu dira. Batzuen sortzaile zuzena Rajoyren gobernua bera izan da, eta beste batzuenak Espainiako Justizia, bereziki Auzitegi Gorena.

Ikuspegi politiko hutsetik, artikulu horren aplikazioa Kataluniako autogobernuari egin ziezaioketen erasorik gogorrena da, herritarrek libreki hautatutako gobernua eta legebiltzarra Madrilek desegitea ekarri duelako. Larria da printzipio demokratikoetatik begiratuta, esku hartze onartezina, eta iseka herritarren borondateari. Denbora gutxian, bi aldiz esan diete Espainiako estatu egiturek katalanei ez direla nahiko helduak beren burua gobernatzeko. Lehena, 2010ean, Auzitegi Konstituzionalak katalanek erreferendumean onartutako estatutu berriari guraizeak sartu zizkionean. Bigarrena, iazko urrian, 155.aren bidez autogobernuaren bi erakunde nagusiak desegin zituztenean.

Baina zer da egunotan katalanak benetan samindu dituena, 155.aren aplikazioa edo Auzitegi Goreneko Llarena magistratuak Turull, Forcadell eta besteak kartzelan sartu eta Puigdemont eta beste deserriratuak atxilotzeko emandako aginduak?

Asteburuan ikusi ditugun mobilizazio jendetsuak ez dira, noski, bakarrik Auzitegi Gorenari emandako erantzunak, lehenagotik ere nahiko kargatuta zegoen giroa independentziazaleen artean, baina erabaki judizialekin lehertu da.

Katalanen autogobernua Madrilgo gobernuaren eskutan uzteko pentsatuta dagoen artikulu horren kalterik handiena komunikabide publikoetan eta eskolako hizkuntza murgiltze sisteman egitea aurreikusi zuten Rajoyren gobernuan. Badirudi PSCkoek PSOEri egindako presioaren ondorioz uko egin ziotela komunikabide publikoak okupatzeari, eta hezkuntzan duela aste batzuk botatako proba-baloia galdu egin da ortzimugan. TV3ko albistegiek betiko bidetik segitzen dute, eta iragan igandeko programazioa adibide bat besterik ez da, gertakizun politikoek justifikatzen dutenean orduak eta orduak irauten duten saio informatibo bereziak ematen dituzte, audientzietan jaun eta jabe bihurtzen dituztenak.

Generalitatearen ardurapeko administrazioan, oso goi mailetako bulegoan izan ezik, normaltasun handiz ari dira lanean: eskola, ospitale, gizarte zerbitzuak...

Non antzematen du orduan herritarrak kanpoko estatuaren gogorkeria? Auzitegien erabakietan. Herritarrei mingarria egiten zaie botoa emateko eskubidea ahalbidetu nahi dieten politikariak kartzelan sartzea, oso delitu larriak leporatuz. Horrek sortzen die mina, amorrua.

Aste batzuk barru Espainiako estatu egiturek onargarri jotzen duten gobernua osatzen denean, osatuko da noizbait, kendu egingo dute 155. artikulua, zaintzapeko autogobernua atzera Kataluniako erakundeei itzulita. Inork Euskal Herrian pentsatzen badu erabaki horrekin baretu egingo direla Kataluniako egoera politikoa eta herritarren sumindura, kalkulu okerra egiteko aukera handia dauka. Horretarako auzitegien jarduna neutralizatu beharko da, kartzelan daudenak kaleratu, matxinada eta halako delituak egozteari utzi, eta konponbidea politikaren zelaira eraman. Botereen bereizketaren aitzakia alde batera utzita, asko egin lezake 155. artikulua kenduko duen gobernuak. Fiskalaren jokabidea aldatzea ez litzateke keinu txarra izango.

Espainiako Gobernua Katalunian egiten ari dena ikusi eta katalanekin solidarioa izan nahi duena ezin da ase 155. artikulua indargabetzearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.