Nerea Eizagirre. Realeko jokalaria

«Athleticen intentsitate berean lehiatu behar dugu irabazteko»

Aurreko sasoi batzuekin alderatuz Athleticengandik «gero eta hurbilago» daudela uste du Nerea Eizagirrek. Etxeko jokalariek talde txuri-urdinaren proiektuaren alde egin izanaren garrantzia nabarmendu du.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Realaren zaleen kutunetako bat da Nerea Eizagirre (Tolosa, Gipuzkoa, 2000). Aurreko sasoian, gol bat sartu zuen Anoetan jokatutako Athleticen aurkako derbian, eta oraingoan ere Gonzalo Arkonadaren taldearen erasoko jokoaren gakoetako bat izan daiteke. Gogotsu dago biharko.

Nola bizi izan duzue astea?

Modu berezian, derbia ez baita partida arrunt bat. Batez ere etxekoek, gipuzkoarrek, ezberdin bizi dugu.

Hirugarrenez jokatuko duzue derbia Anoetan. Modu desberdinean eragiten dizue orain?

Bai. Normaltzat hartzen hasi gara. Lehen aldiz jokatu genuenean, ni, behintzat, bi aste lehenago hasi nintzen horretan pentsatzen. Orain, lasai egon naiz aste osoan. Gure helburua asteburuero Anoetan jokatzea bada, halako lehiak normaltzat hartzen joan behar dugu.

Lehengo sasoian zure taldekideetako batzuek zioten Anoetan jokatutako derbia mugarri izan zela, zuengan gehiago sinetsi eta ondoren Granadako balentria lortzeko. Zertan da desberdina oraingo derbia?

Athletic beti egon da gure gainetik, baina azken denboraldietan erakutsi dugu haiengandik gero eta hurbilago gaudela. Aurreko denboraldiko derbiak, Espainiako Kopa irabazi izanak... indarra eman digu, eta balio izan digu are gehiago sinesteko talde on bat garela. Denboraldi -aurrean, Euskal Herria kopako finalean, erakutsi genuen Athletici irabazteko gai garela.

Haiek ez dute ondo hasi denboraldia. Gainera, aurrean, Erika Vazquez Lucia Garcia eta Yulema Corres faltako dituzte. Une aproposa da irabazteko?

Egia da ez dutela sasoia nahi bezala hasi, baina talde ona dute, eta, nahiz eta unerik onenean ez egon, gure kontra beti egiten dituzte partida onak. Beraz, lehen unetik gure onena ematera irten beharko dugu, garaipena lortzeko.

Parekatze horretan zer zerikusiizan du lehiatzeko hartu duzuen gaitasunak? Gonzalo Arkonada teknikariak behin eta berriz aipatzen zuen aurreko sasoian, urrats handia egin zenutela horretan.

Handia. Puntu bat falta zitzaigun arlo horretan, eta Gonzalo ailegatu zenetik asko aldatu da hori. Partida guztiak azken unera arte lehiatzea gustatzen zaio, emaitza edozein izanda ere. Norgehiagoka guztietan eskatzen digu intentsitate handiz aritzea, eta genituen indarguneei hori gehitu zaio. Aurkari guztientzat, kontuan hartzeko talde bat gara, eta antzematen dugu gure aurkako lehiak gehiago prestatzen dituztela.

Gaizki hasi izanak are arriskutsuago egiten ditu?

Bai. Gainera, derbi batean berdin dio zein postutan iristen den talde bakoitza sailkapenean. Azken denboraldietako derbirik parekatuena izango dela uste dut. Guk ondo hasi dugu sasoia, eta bide horretatik segitu nahi dugu hemendik aurrera ere.

Zeintzuk dira Athleticen indarguneak?

Talde oso borrokalaria da. Ez du baloi bakar bat ere galdutzat ematen, eta intentsitate handiz jokatzen ditu partidak. Gainera, ahalmen handia dute goiko baloietan. Haien intentsitate berarekin jokatu behar dugu, nor baino nor gehiago lehiatu. Hala eginez gero, eta baloia dugunean gure jokoa ezartzeko gai bagara, aukera handia izango dugu irabazteko. Izan ere,baloia duenean, Athleticek min handia egiten dizu; baina ez duenean, gehiago kostatzen zaio. Presio estua egin behar diegu baloiaren irteeran.

Nahiari Garcia kili-kolo ibili da aste osoan. Erasoko joko horretan nola eragin diezazueke hark ez jokatzeak?

Oraindik ez dakigu jokatuko duen edo ez. Argi dago jokalari garrantzitsua dela guretzat. Baina hemezortzi jokalarik osatzen dugu taldea, eta guztiak gaude prest jokatzeko.

Liga hain lehiatua eta parekatua egonda, zein izan behar da Realaren helburua?

Lehengo sasoikoa hobetzea. Zazpigarren amaitu genuen, eta gorago geratu nahi dugu. Espainiako Kopan ere hor egon nahi dugu. Handia izango zen beste final bat jokatzea. Txapelketa guztietan lehiakor izan nahi dugu.

Non dauka muga talde honek?

Oraindik hobetzeko tarte handia dugu, eta hori da onena. Talde oso gaztea daukagu, eta, esan bezala, aukera duen edozein jokalarik ondo erantzuten du. Adibide argiena Mariasunen [Quiñones atezainaren] lesioarekin izan dugu. Larritu ginen egoerarekin, bainaAdrianak [Nanclaresek] 17 urte izanik egin duen lana ikaragarria da. Gazteak prest gaude taldearen bizkarrezurra eta lema izateko. Chini [Pizarro], Sandra [Ramajo] eta halako beste jokalari batzuk joan zitzaizkigun, baina Mariasunek, Nahikarik eta Itsasok [Uriarte] eskarmentu handia dute gazteak izan arren, eta naturaltasunez hartu dituzte ardurak.

Zuk ere taldean gero eta garrantzi handiagoa duzula sentitzen duzu? Ardura gehiago hartzeko eskatzen dizute?

Entrenatzailearengandik hasita, ardura puntu hori eskatzen didate. Punta erdian jokatzen dut, eta postu hori oso garrantzitsua da. Erasoko jokoan baloia ia beti hortik pasatzen da, eta nik parte hartze handia izatea nahi izaten du. Klubaren aldetik ere etxekoei garrantzi handia ematen digute, nahiz eta kanpotik datozenek ere beren ekarpena egin. Ardurak hartze horretan, eredu eta adibide onena Mariasun eta Nahikari dira.

Nola daramazu hori?

Ondo. Nire laugarren denboraldia da taldean, eta haziz joan naiz, bai pertsona moduan eta bai futbolari moduan. Liga gero eta gehiago ezagutuz noa, eta bai zelaian, bai zelaitik kanpo garrantzi handiagoa hartuz noa pixkanaka. Jada ez naiz hasierako umemokoa, eta neure burua ziurrago eta sendoago ikusten dut.

Aurreko denboraldi amaiera erabakigarria izan al zen zuretzat hazkunde horretan?

Zalantzarik gabe. Sasoia ez nuen ondo hasi. Europako Txapelketatik koadrizepsean min hartuta itzuli nintzen, eta kosta egin zitzaidan horri buelta ematea. Baina, taldearen dinamikan sartu nintzenean, sasoi onean sentitu nintzen, eta uste dut denboraldiko azken bost partidetan oso ondo jokatu nuela. Golak sartunituen, gainera. Denboraldi honetan erregulartasun handiagoa lortu nahi dut.Orain arte, ondo sentitu naiz, nahiz eta partida guztietan ez dudan hasieratik jokatu. Lehia handia dago taldean, eta oso zaila da asteburuero hasierako hamaikakoan egotea. Baina zenbat eta minutu gehiago jokatu, orduan eta hobeto.

Harrobikoentzat eredu izanda, garrantzitsua izango da etxeko jokalariek proiektuaren alde egitea, ezta?

Bai. Egia da urtero dituzula eskaintzak, eta nik jaso izan ditut, adibidez, Athleticera joateko eskaintzak. Garai batean, harrobiko jokalari batzuek joateko erabakia hartu zuten: Maite Lizasok, Irene Paredesek... Baina, orain, hemenhazten eta hobetzensegitzeko aukera oso ona daukagu; gainera, etxean. Ni, behintzat, oso gustura nago, eta denbora luzez ikusten dut neure burua hemen. Nahikarik hemen segitzea, adibidez, guretzat oso garrantzitsua da. Fitxaketarik onena izan da, taldearen ikurra baita.

Bost hilabeteren ostean, zer oroitzapen duzu orain Granadako balentriaz?

Hazteko balio izan dit. Final batek prestakuntza bat eskatzen du, eta hortik asko ikasi nuen. Lan asko egin genuen, eta izugarri disfrutatu nuen. Baina gogoan dudan momentuetako bat da finaleko astean aitari galdetu niola: «Aita, sinesten duzu irabaz dezakegula?». Erantzun zidan oso zail ikusten zuela, eta esan nion. «Nik sinisten dut; beraz, etxekoek ere hala egin behar duzue». Berehala esan zidan berak ere sinesten zuela. Aste osoan egin genuen lanarekin, oso ondo geneukan landuta partida, eta horrek konfiantza eta ziurtasuna eman zigun ondoren egin genuena egiteko. Momentu bakoitza disfrutatu nuen, emozioz eta umorez. Presioa kanporatzen laguntzen dit umoreak. Oso txantxazalea naiz.

Zer diozu zuen inguruan dagoen ikusminaz?

Aurreko sasoia bikaina izan zen, eta klubaren eta zaleen aldetik gehiago eskatzen digute. Gainera, emakumeen futbola ere indartzen ari da. Presio hori izatea, dena den, ona da. Nik, behintzat, gustuko dut.Kaletik zoazenean ezagutu egiten zaituzte, eta beti esaten dizute: «Hiru puntuak irabazi behar dituzue». Ez bagenu halakorik izango, seinale txarra litzateke.

Zer sentiarazten dizu ikusteak zaleek zure izena dutela elastikoaren atzean?

Harrotasuna, halako gauzak lehen ez baitziren gertatzen. Horrek esan nahi du gauzak ondo egiten ari garela, eta erreferente bihurtzen ari garela. Batzuetan, sinestezina iruditzen zaigu, eta lotsatu ere egiten gara zenbaitetan. Baina gustua ematen du zaleen gertutasuna izateak.

Etxekoek oinak lurrean izaten laguntzen dizute? Hori ere eskertuko duzu, ezta?

Etxean laguntza handia daukat. Oso gertu ditut. Nik gauza txikiena ere oso barrutik bizi dut, eta, une horietan, baita txarretan ere, hor ditut besarkada bat eman edo babes hitz bat esateko. Beti baikor izaten laguntzen didate, eta hori oso inportantea da niretzat. Izan ere, pozik nagoenean, zelaian ere antzematen dut. Beste Nerea bat naiz.

Zer jokalari miresten dituzu?

Irene Paredes da nire erreferentea. Denbora asko darama puntan. Mutiletan, berriz, Antoine Griezmann eta Mikel Aranburu. Mikel lehengusua dut. Bazkari asko egin izan ditugu, eta gomendio asko eman dizkit. Asko ikasi dut harengandik, batez ere zelaian zuen patxada. Griezmannekin, berriz, izugarri disfrutatzen nuen Anoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.