Albistea entzun

Txakalaldirik ez mendi martxetan

Pandemiak mendi martxen egutegiari eragin dio bi urtez, baina etenak ez du ondoriorik izan parte hartzaileen kopuruan. Aurten egutegiari ekin zaio berriz, 70 mendi martxa ingururekin, eta orain arte egin direnetan partaidetzari eutsi zaio.
Martxoaren 27an egin zuten Aizkardi mendi martxa luzea, Villabona-Amasan; aurten, Zirkuituko lehena.
Martxoaren 27an egin zuten Aizkardi mendi martxa luzea, Villabona-Amasan; aurten, Zirkuituko lehena. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2022ko maiatzak 3

Pandemiaren ondorioz, kirol askok izan dute beherakada kirolari kopuruan. Ez da hori, ordea, mendi martxen kasua. Azken bi urteetako geldialdia gorabehera, 2022an ez da eraginik sumatu mendizale ibiltarien kasuan. Urte osoan 70 mendi martxa inguru antolatzen dira Euskal Herrian. Maila eta neurri ezberdinetako martxak dira, eta haien artean iraupen luzeko ibilaldien Zirkuitua da arrakasta gehien duen egutegia. Aurten 22 martxa antolatu dituzte. Martxoaren 27an Villabona-Amasan (Gipuzkoa) egin zuten lehena, Aizkardiko Ibilaldia, eta azaroaren 6an egingo da azkena, Amurrion (Araba), Gorobelen inguruan. Arrakastatsuak izaten dira denak ere, eta Euskal Herriko lurralde gehienetan ibiltzeko aukera eskaintzen dute. 2022ko martxak sei lurraldetan izango dira: zazpi izango dira Gipuzkoan; bost Bizkaian; lau Araban; hiru Nafarroan; bi Lapurdin, eta bat Nafarroa Beherean.

GOTZON LARREA Zirkuituko arduradun nagusia
«Jendea oso gogotsu itzuli da mendi martxetara»

Euskal Mendi Federazioak 2002an sortu zuen iraupen luzeko ibilaldien Zirkuitua. Orduko presidente Antxon Bandres tolosarraren ideia izan zen mendi martxen zirkuitu bat osatzea. Lehiaketak eta txapelketak albo batera utzi gabe, mendiaren oinarria zaindu nahi izan zuen Bandresek. «Ordurako Katalunian bazegoen mendi martxen zirkuitu bat, eta Bandresek antzeko zerbait antolatu nahi zuen hemen», azaldu du Gotzon Larreak, Zirkuituko arduradun nagusiak (Tolosa, Gipuzkoa, 1959).

2001eko lehen bilera hartan, sei edo zazpi mendi elkarte batzartu ziren. Tartean ziren orduan jada mendi martxak antolatzen zebiltzan elkarte batzuk: esaterako, C.D. Fortuna (Donostia), Aizkardi Mendizale Elkartea (Villabona-Amasa, Gipuzkoa) eta Aralarko Adiskideak (Tolosa, Gipuzkoa). «Han sortu zen Zirkuitua, eta geroztik hemen gabiltza». Lehen urte hartan dozena erdi martxa egin bazituzten, urtez urte handituz joan zen martxa kopurua, eta azken urteotan egonkortu egin da kopuru hori. Gainera, 2011n zirkuitua.com webgunea sortu zuten, eta geroztik mendi martxen ikur bihurtu da ibilaldi luzeak egiten dituzten mendizaleentzat.

Larreak berrogei urteko ibilbide luzea darama mendi martxen inguruan, eta argi dauka zein diren jende gehien mugitzen diren urteak: «Tolosako Hamalau Orduen martxa egiten deneko urteak izaten dira kopuru aldetik indartsuenak. Lau urtetik behin egiten da, eta orduan nabaritzen da jende gehien».

Urtero, Zirkuituan, 10.000-12.000 lagun inguruk parte hartzen dute , eta horien artean 7.000 izen emate berri izaten dira urtero. Zirkuituan sartzeko, baldintza batzuk bete behar dituzte mendi martxek: «Egutegian sartzeko, ibilbideak 40 kilometro baino gehiago behar ditu, eta 2.000 metrotik gorako pendiza positiboa». Dagoeneko egutegiko lehen bi martxak egin dituzte, Villabona-Amasan eta Andoainen (Gipuzkoa), eta, pandemiagatik azken bi urteetan ia martxarik antolatu ez den arren, 2019ra arte izaten zituen datuak berreskuratu ditu Zirkuituak. Pozik dago Larrea: «Jendea oso gogotsu itzuli da mendi martxetara. Orain arte antolatutakoetan jendeak oso ondo erantzun du, eta hurrengo mendi martxetarako izen emateak ere oso martxa onean doaz».

Azken urteetan mendi martxek izan duten aldaketaren inguruan, Larreak gauza bat azpimarratu du batez ere. «Lehen denak oinez ibiltzen ginen, eta orain, berriz, gehienak korrika ibiltzen dira. Orain, mendiko boten ordez, korrikarako oinetakoak gailendu dira».

MARIJO AIZPURUA Mendizalea
«Mendi martxetako giroa izugarria izaten da»

Azken urteetako aurpegirik ezagunenetako bat da Marijo Aizpuruarena Euskal Herriko mendi martxetan (Zumaia, Gipuzkoa, 1964). 2004an egin zuen lehen mendi martxa. Ordura arte hainbat kiroletan aritutakoa zen Aizpurua. Urte asko egin zituen eskubaloian, eta saskibaloia, futbola eta pilota ere probatutakoa zen. Baina mendiarekin ez zuen erlazio handirik. «Nire lehen mendi martxa Tolosako Hamalau Orduak izan ziren. Ordu arte mendi taldearekin zerbait ibilia nintzen, baina inoiz ez nuen parte hartu mendi martxa batean».

Lagunek esan zioten kide bat falta zutela bosteko taldea osatzeko, eta animatu zen. «Imajinatu ere ez nuen egiten hamalau orduz ibiltzeko gai izango nintzenik. Lasai-lasai joango ginela esaten zidaten. Azkenean hamaika ordutan amaitu genuen», ekarri du gogora Aizpuruak.

Geroztik ez da gelditu. Bertan topatutako giroak eta ibilbideetan ikusten dituen bazterrek liluratuta, mendian ibiltzeari ekin zion: «Izugarrizko giroa izaten da mendi martxetan, bai hasieran eta baita amaieran ere. Horrelako gauzek betetzen naute gehien». Iraupen luzeko mendi martxen Zirkuituak banatzen duen Sheve Peña saria Aizpuruari eman zioten 2011n.

Urtean 50 mendi martxa inguru egindakoa da Aizpurua. «Orain askoz gutxiago egiten ditut, baina zenbait urtetan larunbat eta igande askotan jarraian egiten nituen mendi martxak. Orain, berriz, belaunak direla edo beste zerbait dela, erritmoa jaistea tokatu izan zait». Lehen, ibilbide luzeko martxak egiten zituen batez ere, hamar ordu ingurukoak. Orain, berriz, ibilbide laburragoak egiten ditu, sei edo zazpi ordu ingurukoak.

Halere, martxen kopurua ez du asko jaitsi. «Aurtengo denboraldian dagoeneko hamar egin ditut. 25-30 kilometro ingurukoak izan dira gehienak», esan du. Aizpuruak ez ditu bereziki prestatzen mendi martxak. Astean zehar kirola egin zalea da bestela ere, eta ez du entrenamendu berezirik egiten mendi martxetarako: «Inoiz ez naiz bereziki entrenatu. Korrikalariak entrenatzera joaten dira mendi martxetara, baina ni denbora pasatzera joaten naiz».

Korrikalariak aipatuta, Aizpuruak ere gorakada nabarmena nabaritu du azken urteetan: «Gaur egun, oinez goazenak gara arraroak [barrezka]. Lehen, orduko bost kilometroko erritmoan joanda, martxa ona zen. Orain, berriz, erratzaren pare edo atzetik ibiltzen gara». Halere, Aizpurua ez da korrikalariak mendi martxetan korrika ibiltzearen aurkakoa: «Niri primeran iruditzen zait korrika ibiltzea. Mendian denentzako dago lekua, eta denena da; beraz, denak ibili gaitezke. Ondo iruditzen ez zaidana zera da: batzuk mendi martxa batera joan, anoa gunera ezarritako ordua baino lehenago iritsi eta gainera kexaka ibiltzen direla. Hori ez zait bidezkoa iruditzen».

Urte batzuk badaramatzan arren, oraindik ere mendi martxetan ikusten du bere burua Aizpuruak hurrengo urteetan. «Orain egun gutxi, Toubkal [Maroko, Afrika, 4.167 metro] mendian egon naiz. Ni nintzen gazteenetan bigarrena; gehienek 70 urte baino gehiago zituzten. Inbidia sanoa sentitzen nuen haiei begira jartzean. Belaunak eta lesioek errespetatzen banaute, urte askoan jarraitu nahi nuke».

KEPA LARRUZEA Mendizalea
«Ahal dudan bitartean mendi martxetan jarraituko dut»

Euskal Herriko mendi martxa eta ultra distantziako mendi lasterketa gehienetan parte hartutakoa da Kepa Larruzea (Zornotza, Bizkaia, 1952). Baina haietan hasi aurretik, mendian ibiltzea oso ohikoa zen harentzat. Gorbeiarako joan-etorriak ziren elikagai nagusi. «Abarkekin eta garai hartan anorak izena zuen zirarekin joaten ginen mendira. Orduan ez ziren mendi martxak existitzen. Askotan, bertako pagopeetan gelditzen ginen lotan», ekarri du gogora Larruzeak.

Mendi martxak hasi aurretik ere herrietan mendiko lasterketa motzak jokatzen zirela gogoan du Larruzeak: «Lagun arteko erronkak izaten ziren gehienetan. Gerora etorri ziren mendi lasterketak». Askok eta askok mendi martxak izaten dituzte mendi lasterketetara jauzi egin aurreko probak. Larruzeak, berriz, biak uztartu izan ditu urte askoan bere kirol ibilbidean.

Ezin da ukatu mendian ibiltzeko ohiturak ere asko aldatu direla, eta aldaketa horren adibide bat jarri nahi izan du: «Lehen, Gorbeiara igotzeko, sigi-sagak egiten igotzen ginen; ez geneukan sasoirik gehiagorako. Gaur egun, zuzenean bakarrik ez, korrika igotzen dira asko».

Ez dira soilik gazteak horrela ibiltzen direnak; Larruzea ere sasoiko dago oraindik, eta, lanean erretiroa hartuta dagoen arren, mendirako zaletasunak ez du etenik izan. Oraindik ere martxa eta ultra lasterketa asko egiten ditu urte osoan, eta ohiko partaidea da, esaterako, Ehun Miliak lasterketan (166 kilometro eta +12.000 metro). Lehen aipatutako Zirkuituaz gain, urtero hiru edo lau ultra lasterketa egiten ditu 100 kilometro baino gehiagokoak. Halere, argi dauka: «Ni ez naiz mendi korrikalaria; ni ibiltaria naiz. Lasterketa batean gutxieneko maila eman dezaket, baina ni ibiltaria naiz».

Aurtengo denboraldirako ere mendi martxen egutegiari begiratu bat eman zion urte hasieran, eta dagoeneko Villabona-Amasakoan parte hartu du. Larruzeak ez zuen bi urteko geldialdiaren ondoriorik nabaritu parte hartzaileen aldetik, eta, betiko aurpegiez gain, gazte askoren presentzia ere nabaritu zuen: «Egarri handiz dago jendea. Egia da beterano batzuen falta ikusi nuela, baina izugarrizko gazte pila zegoen. 20 urte inguruko askok eta askok parte hartu zuten. Hori oso ona da mendi martxentzat». Larruzeak oso argi dauka mendi martxek zer ematen dioten: «Laguntasuna eta sasoia ematen dizkit. Ahal dudan artean, mendian jarraitu nahiko nuke. Hau bukatzean, arazo larri bat izango dut» , esan du, barrezka.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Yves Lampaert. ©BERRIA

Ustekabekoa eman du Lampaertek

Beñat Mujika Telleria

Erlojupekoa irabazteko faborito guztiei hartu die aurre. Van Aert izan da bigarren eta Pogacar hirugarren

Arraun Lagunak eta Orio lehia betean iaz, Zarauzko estropadan, Euskotren ligan. ©JON URBE / FOKU

Kartak ezkutatu ezinda

Aitor Manterola Garate

Bihar hasiko da Euskotren ligaren hamalaugarren aldia, Bilbon, eta, ohi bezala, lau talde ariko dira. Aurtengo berrikuntza Tolosaldea da, Hondarribiaren lekua hartuko baitu debutanteak. Beste hirurak ezagun zaharrak dira: Arraun Lagunak aurreko urteko garailea, Orio bigarren sailkatua eta Donostiarra. Lehen biak dira irabazteko hautagai handiak. Hamalau estropada izango dituzte.
Uriarte eta Valverde. ©M. DEL VALLE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...