gorka julio
IRLEN SAREA

Pegaso ereduak

2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Demokrazia liberalararen kode guztiak lehertzen ari dira. Pegasus espioitza aferak demokrazia liberalaren errepresentazio formala erasotu duen bitartean, gerrak demokraziaren balioak zalantzan jartzen ditu autoritarismo mota desberdinei ateak irekiz. Zurrunbiloan, eredu liberalagoetan gehiago sakontzeko joerak ere badaude. Azkena, plaza publiko izan gabe, plaza publikotzat hartu izan dugun Twitterren erosketa Elon Musk oligarkaren partetik. Bi joera, baina biak demokrazia eta herritarren parte hartzearen kontrako bidean.

Higadurak ez du etenik izango mugarik jartzen ez badiogu. Eredu berriak behar ditugu, parte hartzean eta demokraziaren balioetan sinisten badugu, horiek errealitatera eramango dituzten ereduak. Inspirazio iturri bi dira honakoak: lehena, Twitterren aldaketa bortitzen bat gertatzen den bakoitzean, fedibertsoa osatzen duten sare sozialetara (mastodon.eus, adibidez) jende berria batzen da. Eredu horretan, mastodon txiki bakoitzean, beren balio edo egiteko moduekin bat egiten duten pertsonak biltzen dira, baina, aldi berean, beste mastodon batzuetako erabiltzaileekin mezuak trukatu ditzakete.

Bigarrena, rider kooperatiba berriak dira. Asko dira Coopcycle programari esker Glovo edo Deliveroo bezalako enpresei aurre egiten dioten eredu kooperatibo demokratikoak. Elkarren artean kudeatu eta ordaintzen duten tresna orokor batek batzen ditu, baina bakoitzak beren balioekin funtzionatzen du lanaren burujabetzari balioa ematen dioten ereduetan.

Bi adibideek gauza komunak dituzte, eta beharbada, arrasto bat dira etorkizunean eredu parte hartzaile eta demokratikoagoak lantzeko. Deslurraldetze bat ematen da alde batetik, globalki erabiltzen den software edo tresna partekatuak erabiltzen diren momentuan. Mundu mailako beste batzuekin elkarlanean arituz tresna horiek hobetzen edo garatzen. Aldi berean, baina, lurraldetze maila bat ematen da beren balio propioak dituzten komunitateak edo kooperatibak eraikitzen direnean. Bi espazioen artean etengabeko jauziak egiteko aukera ematen dute biek, baina parte hartze eta deliberazio espazio propioak ere errespetatuz.

Pegasok, lurreko animalia izanik ere, hegalak zituen. Hegan egiteko aukera zuen, baina lurra ukitzean ur oparoa ekarri zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.