Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Biolentziaren artea

2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Zezenketa gabe, arterik onena galduko genukeen». Kruzifixio gabe ere bai (Basterretxea, Velazquez, Dali). Fusilamendu gabe ere bai (Gamborino, Goya, Manet). Bonbaketa gabe ere bai (Picassoren Gernika). Horrore belikorik gabe ere bai (François Gerarden Austerlitz, Veroneseren Lepanto). Tortura gabe ere bai (Ribera, Murillo, Tiziano). Eta? Espresio batzuek estetika baliotsu bat edukitzeak justifikatzen al du haien eduki brutalak errealitatean ikustearen gozamena sentimendu noble bat izatea? Ba, nik umetan... Jakina! Argi dago ume-sen batzuk kriminalak direla.

Espresio librearen onurak ez luke eragotzi behar espresioa bera ere arbuiagarri izatea, gratuitoki biolentoa denean. Pinta edo zizelka dezakezu eszena ikaragarri biolento bat. Ongi da. Hor dago eta hor gelditzen da. Oso ezberdina da, ordea, garapen bat eskatzen duten arteetan, hala nola zinea, literatura,komikia, opera. Baldin arte horien eskakizuna bada efektu artistikoak biolentziaren ustiatze exasperantean oinarritzea, ezaba nazazue gizaditik. Tiro bakarra nahikoa den tokian, zergatik jasan behar dugu ehuneko tarratada bat? Ulertzen dut. Ken biolentzia eta hil duzu zinea. «Zenbat eta arrakasta handiagoa izan gaiztoak, hainbat eta arrakasta handiagoa du filmak» (Hitchcok). «Biolentzia da ikuskizunik dibertigarriena» (Tarantino). Ezin gara argiago erretratatu.

Errealitatea zer den edo zer izan daitekeen badakigu. Baina fikzio batek zergatik iritsi behar du, efektiboa izan dadin, artearen halako mailara, non film batean, adibidez, gizon batek emakume bat larrutzen duen, bi laurdenkatzen eta hiru erretzen, zehaztasun eta xehetasun guztiekin? Arte hori ez da zabor-artea bakarrik, gustu txarragatik gustatu ahal zaizuna. Arte hori arte biolentoa da. Funtzionatzen duela? Ba, bai. Ikusleok gehiegi daukagu sen biolentotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.