Ana Iruretagoiena.
BADIATIK

Laster arte, Sardiñerria

2019ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun

Gure sentitzen ditugun espazio horietako jaietan, izaten dira beti leku edo momentu kuttunak: taberna zulo jakinen bat izango da batzuentzat, festei hasiera ematen dien suziriak jarriko die oilo ipurdia beste batzuei.

Duela lau urte, maleta egin eta Donostiara bizitzera etorri nintzenean, Donostiako Piratek sentiarazi zidaten etxean nengoela: bazela ateak zabalik zituen komunitate bat. Baina jai herrikoiek ere badituzte zentroa eta ertzak. Eta, tamalez, maizegi ikusten ditugu kontzertuetako lehenengo ilaran oihu eta bultza ibiltzen diren mutil —jator— kuadrillak. Goierritik sexiliatutako lesbiana bezala, ordea, Donostiako Piratek izan dute orain arte ertzetako identitateok elkartzeko balio izan duen espazio bat. Maskulinitate kutsakorren bultzadetatik urrun, hiru kale eta aldapa bat gora, espazio feminista, seguru, aske eta eder bat: Sardiñerria.

Penaz idazten dut zutabe hau, azken urteen ondoren, hau izango delako Sardiñerak kofradiak Sardiñerria festa antolatu ez duen lehen urtea, zergatik, eta belaunaldi berriek erreleborik hartzerik izan ez dutelako. Eta ezin dut, gainera, hirian aurten bertan izan dugun beste galerarekin lotu gabe utzi: ia 25 urteren ostean, udal hauteskundeetan ez du hautagaitzarik aurkeztu Plazandreok taldeak, horiek ere lekukoa hartuko dien eskurik ezin topatuta. Bi dolu handi aurten, Donostiako feministok.

Martxoaren 8ko manifestaziorik jendetsuenen garaian, badirudi bestelakoa dela militantzia feministak bizi duen argazkia. Niretzat bakarrik ez, jakin badakit beste askorentzat ere Sardiñerria zela Donostiako Aste Nagusiko programan borobiltzeko ekitaldi nagusia. «Gure» sentitzen genuen espazio kuttun hori.

Badugu zer hausnartua aipatutako bi galerek tristatu gaituzten feministok, baina baita jai herrikoiak bermatu nahi dituztenek ere: zer espazio eskainiko zaie ertzei?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.