Ana Iruretagoiena.
BADIATIK

Suak

2019ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Gaueko hamaikak jo gabe oraindik, bart, eta lehenengo burrunbek asaldatu egin dute lokartzear zegoen kanpotarra. Argirik piztu gabe gelako balkoira gerturatuta ikusi du erabat ahaztua zuen Aste Nagusiko—San Sebastian Great Feast— suak direla. Londres hoteletik bista paregabeak. Ez dio inbidia handirik eman Kontxan galtzen eta gonen zirrikituak hondarrez beteta dauzkan jendetzak. Baina efimerotasunak harrapatu du: ederrak dira, bai, dir-dir eta pun-pun agertu bezala joaten diren suak.

Trinitate plazan, hamaikak eta erdiak izango ziren, ehunka laguni jaten eman ostean, sukaldeko suak itzaltzeko ordua iritsi eta sukaldariek kea ez beste arnasteko aukera izan dutenerako. Tomate entsalada da beti lehendabizi amaitzen dena, baina plantxako guztia amaierara arte kozinatzen jarraitu behar. Sua, sukaldeko soinu banda, erritmo, tenperatura eta kolorea jartzen dituena. Erreduraren baten eragile ere bai, patatak oliotatik ateratzean.

Urgulleko langa saltatuta, gaueko ordu txikitan ari dira leku ezkutu baten bila bi nerabe, uda hasieratik maitakeriatan dabiltzanak. Polboriñeraino, intimitate bila. Galtza motz eta kuleroetan barrena, baten eskuak; bularretakoa askatzera, bestearenak. Urgentzia, desira, sua. Belarretan etzanda jan dituzte elkarren musuak eta hankartea eta izterrak bustita, lortu dute garrak itzaltzea beste bikote baten zaratak aditzerako.

Goizaldean, lauretan jaiki den garbitzaileak lankideari eskatu dio sua, taberna zulora sartu aurretik adorea biltzeko baliatzen duen zigarroa pizteko. Bost minutu izaten dira, elkarrekin baina isilpean. Munduko mozkor guztiak komun berean sartuta ere, nola da posible hain nazkagarri amaitzea?! Gustura hustuko lituzke alkohol eta aguarras ontziak goitik behera eta bertara bota zigarro punta. Ea pizten den. Ez dago xaboirik, sua bezain garbitzailerik. Lixiba bera errautsekin egiten zuten lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.