Suak hartutako monumentuak

Sugarren indarrak mundu osoko begiradak harrapatu ditu azken egunotan, Parisko Notre Dame katedralaren gainaldea erorarazten zutela. Lehenago edo geroago, mundu osoko ondareari eragin izan dio suak, eta hainbat kulturatako eraikin esanguratsuetan utzi du bere marka.

OLEG SYROMYATNIKOV.
Andoni Imaz.
2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Weimar

Mudantza bezperan, erre

Alemaniako memoria kulturalaren zati bat eraman zuen suak 2004ko irailaren 2ko gauean. Weimar hirian, Anna Amalia liburutegiko rokoko aretoak su hartu zuen, baita hango milioi bat liburu inguruk ere, eta sekulako kalteak eragin: 50.000 liburu, batez ere XVII. eta XVIII. mendeetakoak, kiskali egin ziren; 28.000 hondatu zituen suak; 34.000, berriz, sua itzaltzeko erabilitako urak. 28.000 liburu erreskatatu zituzten, boluntarioek osatutako giza kateari esker. Handik bos astera, liburutegia husteko asmoa zuten arduradunek, hurrengo urtean eraikina berritzeko lanetan hastekoak baitziren. «Arriskuaren jabe ginen», esan zuten.

 



Venezia

Antzoki berreraikia

1996. urteko urtarrilaren 29ko gauean, suak kiskali egin zuen Veneziako (Italia) La Fenice opera antzokia. Hiru ordu baino gutxiago behar izan zituen egurrezko eraikin enblematikoa suntsitzeko. Gianantonio Selvak egindako antzokia 1792an inauguratu zuten, eta 1836an ere beste sute larri bat izan zuen. Orduan, inguruko ubideetako ur eskasiak zaildu egin zituen itzaltze lanak. 1996ko sua bi elektrikarik nahita eragin zutela erabaki zuten epaitegietan. Eraikina zaharberritu egin zuten, eta 2003an jarri zen berriro martxan.

 



San Petersburgo

Katedralaren gainbehera

Sarri, zaharberritze lanetan dauden eraikinek hartzen dute su. Errusiako inperioko hiriburua izan zenaren katedraletako batek, Hirutasun Santuarenak, kalte handiak jasan zituen 2006ko abuztuaren 24ko sutean. XIX. mendeko lehen zatian eraiki zuten, eta San Petersburgoko zentro historikoaren parte da, gizateriaren ondarea. 2006. urteko sutean, kupula nagusia jausi egin zen, baita lau txikietako bat ere. Estilo neoklasikoko eliza ortodoxoa da, eta 80 metro baino garaiago da. Iraultza boltxebikearen aurretik, guardia inperialaren eliza zenak zenbait maisuren ikonoak gordetzen zituen, baina komunistek itxi egin zuten, eta okerrera egin zuen eraikinaren egoerak. Sobietar Batasuna erori ostean, Eliza ortodoxoari itzuli zioten katedrala orduko agintariek. Barruan zeuden ikonoak salbatu egin ziren sutik. 2010. urtean ireki zituen berriro ateak katedralak.

 



Alexandria

Jakinduriaren suntsipena

Jakintzaren eta ikasketaren hiriburua zen Alexandria (Egipto), eta, hein batean, liburutegiari zor zaio izendapen hori. Adituek ez dakite zehazki zenbat pergamino gordetzen ziren han, baina K.a. 48. urtean, Julio Zesarren garaian, 700.000 liburu zituela esan ohi da. K.a. III. mendean sortu zuten munduko liburutegirik handiena, Alexandria hiri sortu berrian, jakintza unibertsala jasotzeko asmoz sortu ere. Ez dago liburutegiaren suntsiketaren inguruko datu argirik, hainbat ezbehar jasan zituelako urtetan. Lehen istripua Alexandriako portuaren sutearekin lotu ohi da: Julio Zesarren armadarekin gerran zebiltzala, suak hartu zituen hiriko zenbait gune, baina adituek ere zalantzak dituzte K.a. 48. urtean suntsitutako liburu kopuruaren inguruan. 400.000 erre zirela esan izan zuten historialari klasikoek, baina gutxiago izan daitezkeela uste dute egungoek. Ondorengo urte eta mendeetan egondako gerrek ere ekarri zuten liburutegiaren suntsiketa, harik eta XX. mendean berreraiki zuten arte.

 



Rio de Janeiro

Herrialde baten historia osoa

Aurrekontu murrizketa baten ondorioz, Brasilgo Museo Nazionalak ez zuen mantentzerako behar adina dirurik jaso azken urteetan. 2018ko ekainean, Rio de Janeiro hiriko eraikin historikoak 200 urte bete zituen, baina egoera eskasean: paretak egoera txarrean zeuden, eta kable ugari bistan. Urte bereko irailaren 2an, ateak itxi ondoren, museoaren hiru solairuek su hartu zuten. Sabaia erori zen, eta bi solairu osorik kiskali ziren ordu gutxian. Museoaren arduradunen arabera, Teresa Cristina enperatrizaren bilduma osoa galdu zen sutean, Ponpeiako (Italia) freskoak ere bai, ondare linguistikoarekin batera. Suteak suntsitutako lanen artean, Brasilen aurkitutako giza fosilik zaharrena ere bazegoen. Paleontologia bilduma zabala zuen, eta kultura indigenetako objektu ugari. Michel Temer Brasilgo orduko presidentearen hitzetan, «bilduma galtzea galera ikaragarria da Brasilentzat». Hogei milioi objektu baino gehiago eraman zituen suak.

 



New York

Serbiarren tenplua

San Sava katedral serbiar ortodoxoa Manhattanen dago, AEBetako New York hirian. Kanpoaldea bloke sendoekin egina dago, eta xehetasun gotikoekin eginak dituzte grabatuak. Fatxada nagusia 30 metro garai da, harrizko lau kontrahormek eusten diote, eta arrosa leiho handi batek janzten aurrealdea. Hirian egurrezko habeekin egindako teilaturik altuena zuen, 2016ko maiatzaren 1era arte. Urte hartan, kristau ortodoxoak Pazkoa ospatzen ari ziren egunean bertan, eraikinaren zatirik handiena suntsitu zen. Elizaren harrizko egiturak zutik eutsi zion, ordea. Egun, katedralaren eskeletoa besterik ez da ikusten. Ez eraistea erabaki zuten, eta zenbait agintarik aipatu zuten eraikina zaharberritzeko asmoa zutela, baina inor ez da prest agertu lanaren kostu osoa bere gain hartzeko. Serbiako Atzerri ministroak esan zuen haren herrialdeko gobernuak ere diruz lagunduko zuela konponketa, «New Yorkeko serbiarren komunitatearentzat esanahi handia duelako».

 



Bartzelona

Txinpartek jan zuten oihala

Langile baten soldagailuko txinparta batek agertokiko belusezko oihala jotzearekin bat, suak hartu zuen Bartzelonako Liceu antzokia. Hain zuzen, aretoa sutik babestuko zuen segurtasun oihala konpontzen ari ziren bi langile. Horretarako, hura desaktibatu behar izan zuten. Eskuan zituzten su itzalgailuak, eta hamabost minutuan iritsi ziren suhiltzaileak, baina ordurako sua menderaezina zen. 1847tik, munduko operarik arrakastatsuenak jasotzen zituen Ramblak pasealekuko antzoki handiak, eta erraustu egin zen 1994ko urtarrilaren 31n. Sabaia jausi, eta 70 metroko sugarrak altxatu ziren Bartzelona erdialdean. Jabeen erkidego batek kudeatzen zuen aretoa, eta 1980ko hamarkadan laguntza eskatu zien erakunde publikoei. Haien gain hartu zuten gastua, baina ez zuten gastatu nahi ondare pribatuaren esku amaituko zuen dirurik, antzokiak behar zuen konponketa egiteko. Azkenean, bikoiztu egin zen erakundeek ordaindu beharrekoa. 1999. urtean zabaldu zuten berriro. 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.