Herri bat marrazteko objektuak

Euskal Herriko historia 50 objekturen istorioen bidez kontatzen duen liburua argitaratu berri du Hemendik elkarteak: 'Hemendik, Euskal Herriko 50 objektu ikonikoren istorioak'.

Dos Cafeteras gozokiak. HEMENDIK.
Ainize Madariaga - Nagore Rodriguez
2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Behin bazen hemen egina, hemengoaz eta hemengo soaz jositako liburu bat, zeinak biltzen baitzituen Euskal Herriko 50 objektu, bertan sortuak eta herriaren historia markatu baitzuten beren istorioei esker. Hemendik. Euskal Herriko 50 objektu ikonikoren istorioak liburua argitaratu berri du Hemendik elkarteak (Hemendik, Baiona, 2020), eta objektu bakoitzaren azalpena beti «Behin bazen» batez aurkezten du, historiari istorioen ukitu hegalaria emateko gisan.

Helbidea Baionan kokatua bada ere, obra kolektiboa erabat nazionala dela azpimarratu du Jean Louis Iratzoki proiektuaren sortzaile eta bultzatzaileak: «Gure memoria kolektiboa sortzea da helburua, kanpokoek baitute kontatzen gure historia. Gure autoestimua lantzea ere dugu xedea».

450 orriko lanak biltzen ditu, izenburuak argiki salatzen duen gisan, 50 objektu, zeintzuek Euskal Herriaren historiaren koadroa pintzelkadaz osatzen baitute, bakoitzak bere kolore eta aldian.

Haatik, Iratzokik azpimarratu du ideia ez dela «museo» bat izatea, edo «entziklopedia bat», baizik eta: «Tipologian, kronologian arrunt kolpeak ematen dituen lana da: saltoak ematen ditu. Abiazaitezke Iruñean egiten den Dos Cafeteras karamelutik, eta salto egin dezakezu Sestaon ekoizten dituzten altzairuzko kate erraldoietara. Liburu alegera da, eta sorpresaz betea». Adin ororentzat «egokia».

Etxekoa ikasi eta kanpoari so

Objektuen eta beraien historiaren bildumak «etxekoa» du jomugan, Euskal Herriaren «memoria kolektibo eskasa»osatzeko, gisa hortaz, «autoestimua eta bere buruarenganako konfiantza sortzeko». Izan ere, objektu batek baitu zer konta bere genesitik abiatu eta ibilbidean zehar ukan dituen abenturez. Hala, lehen-lehenik euskaldunendako dute proiektua obratu, eta gero, Iratzokik gehitu du: «Kanpoko jendea ere interesatzen da gu bezalako herriez, baina askotan zozokeriak irakurtzen ditu, topikoak. Dena den, ez da kanpokoari begira egina».

Eki Solorzano taldeko koordinatzailea lan pribatua izatearen abantailaz mintzatu da: «Ekinbide pribatua denez, xantza bat da, ez baitugu mugarik ukan; muga, zentzu guzietan».

Horretarako, diru laguntzen bila joan dira, Euskal Herri osoa kurrituz. Preseski, lurralde osoak ez dituenez oraindik osoki euskal hiztunak, liburua hiru aldiz biderkatu dute: euskarak du «beti lehentasuna, nagusitasuna», eta gehitu diote ere, frantsesa ale batean, espainiera bertzean, eta ingelesa azkenekoan. «Maite genuen ideia hori: kasu guzietan euskara hor egotea. Hirurak elebidunak badira ere, liburuaren egituran berean lehentasuna euskarak du», zehaztu du Iratzokik.

Hautatzea aisa ez bada ere, 50 objektuetatik bakoitzak badu bere kuttuna: Iratzokirentzat Zestoako kate erraldoiak: «Kate bat da, ez du deus berezirik, baina dimentsioak du berezi egiten, erraldoitasunak».

Solorzanok, berriz, Orbea bizikleta du gogokoen, objektua bera: «Armagintzatik bizikletara egin duen ibilbide historiko hori zait interesgarri egiten».

Dos Cafeteras gozokiak

Claudio Lozano gozogileak 1886an sortu zituen gozokiak alabentzat, Iruñeko Zapateria kalean. Baina auzora hedatzen hasi ziren, eta orduan gozokiak saltzen hasi zen. Beste gozogile batzuek ere inspirazio iturritzat hartu zituzten gozoki haiek, baina Lozanok berak 1912ra arte baino ez zuen Dos Cafeteras marka sortu. 1990ean, familiako hirugarren belaunaldiak Espainiako Nutrexari saldu zion enpresa. Dos Cafeteras eta La Cafetera enpresek bat egin zuten, Dulsa konpainian, baina Lozanoren errezetarekin jarraitu dute. Europako luxuzko marka bihurtu da, eta hainbat herrialdetara esportatzen dute: Suitza, Herbehereak, Danimarka, Korea...

Notoxsurf ohola

Miarritzen (Lapurdi), 1956an, pelikula bat grabatzen ari ziren bitartean, Peter Viertel gidoilari amerikarra Euskaldunen Kostako hondartzako uhinetan ibili zen surfean. Han inguruan zebiltzanei jakin-mina piztu, eta surf oholak egiten hasi ziren. Horietako bat, Michel Barland, shaper ezaguna bihurtu zen. Geroztik, hainbat enpresa sortu dira Euskal Herrian, tartean Zarauzko (Gipuzkoa) Pukas. Baina XXI. mende hasieran, Pierre Pomiers eta Benoit Rameix konturatu ziren oholak ekoiztea oso prozesu kutsakorra zela, eta hortik sortu zen Notox ohola ekoiztearen ideia. 2006an ireki zuten tailerra Angelun, eta 2010ean diseinatu zuten liho zuntzezko lehen ohol ekologikoa.

Bilboko baldosa

Zehazki noiz sortu zen jakitea ez da erraza. Almacenes Robredo enpresak dio 1920an berak sortu zuela, baina udaleko artxiboko idatzizko lehen lekukotasunak 1940koak dira. Hiriko eskulangileek hiriko tailerretan eraikitzen zituzten baldosak. Marrazkia, batez ere, praktikotasunagatik egin zuten, eta eguraldiarekin lotura zuen: zirimiri eta euri asko egiten zuenez, espaloietan putzurik ez sortzeko asmatu zuten marrazkia. 15 zentimetroko betoizko lauza karratua da, eta bost zirkuluz osatutako marrazki zulatua dauka. Bartzelonako lauzak antzekoak dira, baina Bilbokoen berezitasuna kanporanzko marrak dira: horiei esker isurtzen da ura kanpora. Hirurogei milioi lauza baino gehiago daude Bilbon, eta urtero 600.000 ordezkatzen dituzte. Beraz, denak ordezkatzeko ehun bat urte beharko lirateke.

TxokolateaBaionan

Txokolatea Europara iritsi zenean, eliteak bakarrik zuen eskura: Euskal Herrian, 1640 inguruan, Villena markesa txokolatezale handien artean zegoen. XVII. mendearen bigarren erdialdean garatu zen txokolatearen kontsumoa Euskal Herrian. Hegoaldean, Gorrotxategi enpresa sortu zen 1680an Tolosan, eta beste batzuk ere sortu ziren: Oñatin, Iruñean eta Mendaron. Baina haien fama ez zen asko zabaldu. Iparraldean, berriz, Baionako txokolategileentzat bestelakoa izan zen egoera: hiriko txokolatea famatu egin zen, gainera, hiriko portuak kokapen estrategikoa baitzuen Europan. Baionan, San Izpiritu auzoko komunitate juduak negozioa garatu zuen. XIX. mendean, euskal txokolategintza aro industrialean sartu zen. Baionan, batzuek tradizioaren arabera lan egiten dute oraindik: Darandatzek eta Cazenavek, adibidez.

Laia tresna

Lurra lantzeko tresna da laia. Gutxienez, XIII. mendetik erabiltzen da. Baina, batez ere, artoa Amerikatik iritsi zenean zabaldu zen haren erabilpena, XVII. mendean. Euskal Herriko lurrik aldapatsuenetarako ezin egokiagoa zen. Laia oso egokia zen artoa lantzeko, baina gariarentzat ere erabili zuten. Lursailak oso desberdinak ziren: oso aldapatsuak, lehor eta harritsuak... horregatik, zaila zen orgekin lan egitea, eta, beraz, tresna ezin egokiagoa zen. Laiak h hizkiaren forma du: altzairuzko bi zango ditu, 8 eta 12 zentimetroko zutoin batek lotuak. Gainaldean zurezko giderra du, eta, orotara, 7 eta 9 kilo artean pisatzen du. Laiariak lau eta zazpi kide arteko taldeetan ibiltzen ziren, lursailak iraultzen. Lan oso gogorra zen. 1960ko hamarkada arte erabili izan zen.

Sancheski irristailua

Surf oholak Euskal Herriko kostaldean zabaltzen ari ziren bitartean, 1964an, beste ohol bat iritsi zen Miarritzeko aireportura Kaliforniatik: espaloietan irristatzeko aukera ematen zuen. Irungo (Gipuzkoa) familia bati berehala piztu zitzaion harekiko arreta. Sancheztarrek eski eta kirol ekipamendu enpresa bat zuten 1934tik. Enpresaren jarduera zabaltzea erabaki zuten, eta hiriko aldapetan behera egingo zuen ohola diseinatu zuten. Jarduera hori berria zen, ordea, eta sustatu beharra zegoen. Ikastetxeetan ibili ziren hura aurkezten. Europako lehen irristailu marka sortu zuten, zur trinkozko oinarri bat ardatz zuen eta patin gurpilak itsasten zizkioten. Gerora, materialak aldatuzjoan ziren, polietilenozkoak ere egin zituzten, top naranja modelo ezaguna, kasurako. Euskal Herritik Europa osora zabaldu zuten.

Xistera

Senperen (Lapurdi) asmatu zuten 1857an, pilota jokoek izandako aldaketa ugariren ondorioz. Pilotaren kolpeek eskuak gehiegi ez zauritzeko eskularruak janzten hasi ziren. Baina aurreko eskularruak baino arinagoa eta erabilerrazagoa zen Jean Ithurbide Gantxikik sortutako xistera, eta, beraz, pilotariek berehala bereganatu zuten. Konpositezko xisterak sortzen saiatzen ari dira orain, baina, oraingoz, zumea gustatzen zaie gehien pilotariei. Euskal Herriko fabrikatzaile gutxi batzuek jarraitzen dute xisterak egiten.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.