ana galarraga aiestaran
Zientzia. ARGI ALDIAN

Haurrak, txertoaren gordailu

2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun

Egunero hizketagai ditugunez, gauza arrunta dirudite txertoek. Alabaina, aipagai ditugun horiek teknologia farmazeutikorik sofistikatuenaren emaitza dira. Pfizerrenak eta Modernarenak, esaterako, informazio genetiko apur bat baino ez daramate, lipidozko nanokapsula baten barruan. Informazio genetiko hori nahikoa da gure gorputzak sor dezan, lehenik, koronabirusaren proteina jakin bat, eta, gero, proteina horren aurkako defentsa. Horren bidez, koronabirus osoarekiko babestuta geratzen da.

 

Duela 200 urte baino pixka bat lehenago, ez zuten imajinatu ere egiten halako teknologiarik egongo zenik, baina txertoak banatzeko asmatzen zituzten irtenbide batzuk gaur egungoak bezain txundigarriak ziren. Horren adibidea da baztangaren txertoa Amerikara eramateko Balmisen espedizioa.

Edward Jennerrek 1798an argitaratu zituen baztangaren txertoaren esperimentuen emaitzak. Lan hartan erakutsi zuen, behi-baztangak eragindako legenetako zornea pertsonen larruazalaren azpian sartuta, baztangarekiko immunitatea lortzen zela. Baztanga gaixotasun larria zen, hilgarria kasu askotan, eta azkar zabaldu ziren Jennerrek aurkitutako metodoaren bidezko txertaketak Europa osoan.

Amerikan ere gaitzak kalte handiak egiten zituela eta, Jennerren seruma eramaten saiatu ziren, baina bidean galdu egiten zen. Orduan, Francisco Xavier Balmis Karlos IV.a erregearen zirujauak irtenbide hau proposatu zuen: txertoa behi-baztangarekin infektatutako pertsonen bidez eramatea; hau da, pertsonak txertoen gordailu bihurtzea. Eta, horretarako, egokienak haurrak ziren.

Hala, 1803an, Karlos IV.a Espainiakoaren babesarekin, 3-9 urteko 22 mutiko bildu zituen, haur abandonatuen Madrilgo eta Coruñako etxeetatik. Gainera, Coruñako etxeko zuzendaria, Isabel Zendal Gomez, kontratatu zuen, haurren ongizatea zaintzeko.

Txertoa eramateko metodoa hauxe izan zen: lehenengo bi haur txertatu zituen serumarekin (behi-baztangaren zornea), lantzeta baten bidez zauri bat eginda larruazalean. Hamar bat egunera, haurrek pikorrak zituzten gorputzean. Pikor horien zornea lantzetarekin hartu, eta beste bi txertatu zituzten, eta, horrela, batzuek hurrengoak infektatuz, eraman zuten txertoa, lehenik Kanarietara, eta, handik, Venezuelara, Kubara, Mexikora... Hain justu, Kubatik Mexikorako bidaiarako, Kuban ez zituen mutiko egokiak aurkitu, eta hiru neska esklabo erosi zituen. Espedizio osoko neska bakarrak izan ziren.

Historialarien arabera, Balmisek ardura handia jarri zuen haur haiek tratu ona jaso zezaten eta ondo egon zitezen. Are gehiago: denak jatorrizko lekura itzularazten ere saiatu zen, beti lortu ez bazuen ere.

Amerikatik, Ozeano Barearen beste aldera ere iritsi zen txertaketa, Mexikon bildutako 26 umezurtzi esker: Filipinak, Txina... Guztira ehun haurrek baino gehiagok parte hartu zuten Balmisek abiatutako espedizioan, eta milaka pertsona txertatu zituzten haien bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.