Albistea entzun

ARGI ALDIAN

Ba al dakigu zer diren mikroplastikoak?

David Montoya - BC3ko Ikerbasque ikertzailea, Ramon & Cajal fellow

2023ko otsailak 10

Bizitzen ari garen aldaketa globala eragiten ari da bioaniztasunaren eta ekosistemen funtzioen eta zerbitzuen galera. Aldaketa globalari buruz hitz egiten dugunean, normalean, burura datozkigu klima aldaketa, habitaten zatikatzea eta galera, baliabideen gehiegizko ustiapena, eta abar. Beste faktore bat gehitu zaio zerrenda horri: mikroplastikoak. Baina, zer dira mikroplastikoak? Zer-nolako eragina dute ekosistemetan?

Petrolioaren eratorrietatik sortutako neurri txikiko —bost milimetro baino txikiagoak— partikula sintetikoak dira mikroplastikoak. Txikiak dira, bai berez hala sortzen dituztelako, bai plastiko handiagoak desegitean sortu direlako. Eguzki izpiek, izpi ultramoreen erradiazioak eta aldaketa termikoak desegiten dituzte plastikoak.

Mikroplastiko mota asko daude. Mota bakoitzak ditu ezaugarri fisiko-kimiko ezberdinak (polietilenoa, polipropilenoa, poliestirenoa, adibidez), baina mikroplastikoek bi ezaugarri nagusi dituzte: alde batetik, nonahi daude, baita lurrean, ozeanoen hondoan, nekazaritzan, airean eta baita zenbait elikagaitan ere; bestetik, denbora luzez irauten dute, eta oso zaila eta neketsua da modu naturalean desagertzea. Ondorioz, mikroplastikoen kutsadura gure ingurunearen zati integrala bihurtu da. Izan ere, mikroplastikoak aurrera eta atzera dabiltza aurreko mendearen erditik aurrera. Esate baterako, hamar mila milioi tona plastiko iristen dira ozeanoetara.

Mikroplastikoek hainbat inpaktu dituzte ekosistemetan. Agian guretzat ezagunenak argazkiak dira, neurri ertaineko plastikoak jateagatik hildako hegaztienak, zabortegienak edo ozeanoen erdian dauden plastiko irlenak. Hala ere, mikroplastikoek eragiten diete banako organismoei eta haien fisiologiari. Kate trofikoko maila ezberdinetako organismo multzo zabal batek irensten ditu, zuzenean edo zeharka, adibidez. Haien neurria oso txikia denez, bakterioen moduko zelula bakarreko izakiek ere irents ditzakete. Mikroplastikoak irensteak ondorio kaltegarriak izan ditzake organismoen hazkundean eta ugalkortasunean, haien elikatzeko gaitasuna mugatu dezake, eta bizi itxaropena gutxitu. Baina mikroplastikoak badira gizakiak sortutako habitat edo substratu bat ere. Nitxo berri bat sortzen dute mikroorganismoentzat: plastifera. Plastifera-n mikrobioen komunitate konplexuak aurki daitezke, eta oso litekeena da horrek ekosistemen produktibitatean eragitea.

Gaur egungo ikerketa mugitzen ari da, nagusi den ikuspegi ekotoxikologikotik, ikuspegi ekosistemiko osoago batera. Ikuspegi ekosistemiko horren oinarria da ikertzea ea norbanakoetan eta populazioetan duten eraginak ondorioak dituen komunitateen eta ekosistemen eskalan. Zantzu batzuek erakusten dute mikroplastikoek balizko eragina dutela bioaniztasunean eta funtzio eta zerbitzu ekosistemikoetan. Mikroplastikoak, adibidez, karbonoz osatuta daude nagusiki, eta, beraz, ekosistemetan baldin badaude, ez dira fotosintesiak edo karbonoaren oinarrizko ekoizpenak sortuak. Ondorioz, aldatu egin ditzakete mikrobioen jarduera eta ziklo biogeokimiko globalak.

Hortaz, mikroplastikoak aldaketa globalaren faktore gisa tratatuak izaten hasi dira jada. Hala, haiei buruzko ikerketa klima aldaketaren eta habitaten galeraren ikerketen pareko zorroztasunarekin egin behar da. Mikroplastikoek eragindako kutsadura mundu guztian handitzen ari denez, haren inpaktuak aztertu behar ditugu, eta baita inpaktu horiek arintzeko neurriak ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Twitterren balioa New Yorkeko Burtsan, artxiboko irudi batean. ©JUSTIN LANE / EFE

Ordainpeko kontuak bakarrik gomendatuko ditu Twitterrek aurrerantzean

Edu Lartzanguren

Apirilaren 15etik aurrera sartuko da indarrean Elon Muskek iragarritako neurria. Gainera, egiaztaturiko kontuen jabeek bakarrik bozkatu ahalko dute galdeketetan.

Pantxika Maitia. ©JONAES ETXEBARRIA
 ©JON URBE / @FOKU

«Ez genuen espero jendearen zirrara»

Jakes Goikoetxea

Esku asko daude Irulegiko Eskuaren aurkikuntzaren eta zabalkundearen atzean. Eider Conderenak, esaterako. Eskua mugarria izan da, baina arkeologia prekarioa dela gogorarazi du.
Kantok jolasaren spota

Kantok jokoa, euskal musikarekin jolasteko

Urtzi Urkizu

'Badok'-ek Kantok jolasa sortu du: kantu baten pasartea entzunda, abestia asmatu behar da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.