Sanprudentzioak Matienan (Abadiño)

Mozorroa kendu ezinda, goizetik gauera

San Prudentzio jaiak hasiko dituzte gaur Matienan. Asteburua ekitaldiz lepo izango da. Larunbatean, 200 matienar baino gehiago mozorro onenaren saria lortzeko lehian arituko dira.

Larunbatean, mozorro egunean, herri bazkaria egingo dute. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Matiena
2016ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Lehen oso jende gutxi mozorrotzen zen, baina jai batzordeak sariak jarri zituenetik jende mordoa mozorrotzen da». Mozorro eguneko egitaraua gustu handiz antolatzen du Mari Carmen Jaen matienarrak, eta, dioenez, gaurko egunez, festetako egunik onena da. San Prudentzio jaiak hasiko dituzte gaur Matienan (Abadiño, Bizkaia), eta maiatzaren 8ra arte ez dute atsedenik izango.

Jaietako lehen asteburuaren ateetan, azken prestaketak egiten dihardute, eta Mozorro Egunerako jadanik armairuan gordeak dituzte jantzi koloretsuak eta makillajea. Kuadrilla bakoitzak erabakitzen dut zertaz mozorrotu, eta batzuek karrozak ere egiten dituzte. «Gu hamar kide inguru gara gure taldean; gainera, umeekin ibiltzen gara, txiki, zahar eta gazte, denok mozorrotuta. Halere, aurten ez dugu karrozarik egin, pena», esan du Jaenek.

Mozorro lehia hiru taldetan banatzen dute: 16 urtetik gorakoak, 13 eta 15 urte artekoak, eta hortik beherakoak. Kuadrillan mozorrotzen dira lehiakideak, eta kuadrillan parte hartzen dute. Sariak ez dira nolanahikoak: 16 urtetik gorakoentzat, 310 euroko lehen saria; 200 euroko bigarren saria; eta 100 euroko hirugarren saria. 13 eta 15 urte artekoentzat, Tabernazarra jatetxean kuadrilla guztiarentzat afaria da lehenengo saria, eta Oregi jatetxean kuadrilla guztiarentzat bazkaria da bigarren saria.

Goizean goizetik, mozorrotuta ateratzen dira etxetik matienarrak, eta ordu bietan herriko frontoian bazkalduko dute denek. «200 pertsonatik gora bilduko gara; afarirako tiket guztiak berehala saldu dira. Frontoia txiki gelditu zaigu». Menu sendoa zerbitzatuko dute, egunari indarrez aurre egiteko: marmitakoa, masailak saltsan, pantxineta, akeita, txola eta txokorra. «Jaiak hasten direnean, etxetik agertu ere ez gara egiten kasik. Oso aktiboak eta parte hartzaileak gara. Kalean ibili, kalean jostatu, kalean edan... Beraz, ondo jan beharko dugu, bizi-bizi eta fresko egoteko», esan du umoretsu Jaenek. Gainera, zerbitzari bereziak izango dituzte bazkalorduan: Sekule Bedarra atletismo taldeko gazteak, hain zuzen. Bazkalostean, kuadrillen arteko jokoak izango dituzte, baina tripa betearekin zaildu egingo zaizkie zereginak. Arratsaldeko zazpietan, Bizkarra fanfarrearekin kalez kale ibiliko dira kuadrilla guztiak, eta orduantxe hasiko da lehia. «Lehiaketan parte hartzeko, beharrezkoa da fanfarrearekin desfilatzea, bestela ez dago saririk», ohartarazi du Jaenek. Brindas kalean hasi, eta Trañabarrenan etorbide guztian fanfarrearen atzetik dantzan joan beharko dute, taldeka. Traña plazara heltzean, 21:00 inguruan, sariak banatuko dituzte. Inork ez daki epaileak nortzuk diren, horixe da harrigarriena.

Gerorako, kontzertuak daude antolatuta: Hamaika Ikusteko Jaioak, Hoax Attack eta Zarpazo A Cicatriz. Duela hiru urte txosnagunea Traña plazara eraman zuten, eta jai giroa asko hobetu da, Jaenen esanetan. «Lehen baztertuta bezala zeuden txosnak; orain, plaza bete egiten da». Zortzi bat txosna egongo dira goizetik gauera zabalik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.