Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Txirrindularitza, gazian eta gozoan

2021eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Pentsatzekoa da pantailetara iritsi aurretik gutxieneko barne-zentsura ere pasaturik izango zuela Jose Larrazaren eta Marc Ponsen El día menos pensado dokusailak (Netflix) bere bi denboraldietan, iazkoan zein aurtengo estreinatu berrian, hain aspalditik txirrindularitzaren gailurrean dagoen talde sendo batek, Movistarrek kasu honetan, bere irudia zaindu beharra baitauka hainbesteko oihartzuna izateko asmoz ekoitzitako ikus-entzunezko batean. Baina ez da inondik ere propaganda hutseko panegirikoa, eta horri esker fikzio askok baino indar handiagoaz kateatzen du ikuslea, batez ere, jakina, ikusle hori txirrindularitza zalea baldin bada.

Txirrindulari ezagunak Alejandro Valverde, Jose Joaquin Rojas, Imanol Erviti, Enric Mas, Marc Soler, Carlos Verona, Dario Cataldo...—, haien zuzendariak Eusebio Unzue, Patxi Vila, Txente Garcia, Jose Luis Arrieta, Pablo Lastras... eta beste profesional batzuk onean eta txarrean, gazian eta gozoan, bakean eta liskarrean, ikusteko aukera ematen du dokusailak. Emakumeen taldea ere ageri da, askoz gutxiago bada ere.

Ohikoa da txirrindulariak asfalto gainera erorita ikustea, hezurrik hautsi ezean berriro ere bizikleta gainean jarraitzeko prest; baina gutxitan ikusten da nola iristen diren horrelakoetan, etapa nola edo hala, arrastaka, amaitu eta gero, autobusera, etsipenaren mugetan eta hizketarako gogorik gabe. Ohikoa da talde barruko liskarrei buruzko komentarioak eta zurrumurruak entzutea, are txirrindulariren batek adierazpen publiko polemikoak egitea ere, baina gutxitan ikusten dira profesionalak beren artean eztabaidan, errietan, xextran, haserretzen eta iraintzen, adiskidetzen eta barkamena eskatzen. Ohikoa da txirrindularitza oso kirol gogorra dela esatea; baina gutxitan erakusten dira gogortasun horrek txirrindulariaren aldartean eta oreka psikologikoan utz dezakeen arrastoa.

Ohiz kanpoko horrelako une ugari eskaintzen ditu El día menos pensado-k, eta gainera muntaketak oharkabean eramaten du aurrera ikuslea, gainetik ezarritako off-eko ahots narratzaile gidaririk gabe baina istorioan erabat sartuta beti. Taldeak ondo babestutako lider batek bezala egiten du aurrera ikusleak, pendizik gogorrenetan bezala sasiordekan, nekearen arrastorik txikiena ere sumatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.