George Pernoud zendu da, France 3ko telebista aurkezlea

Paulo Ostolaza.
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
George Pernoud telebista aurkezlea atzo hil zen, Paris inguruko erietxe batean. Pernoudek 73 urte zituen, eta ia berrogei urtez aurkeztu zuen Thalassa telebista saioa, France 3 katean. Saioa berak sortu zuen 1975. urtean, eta 1980az geroztik aurkeztu zuen.Saioan, itsasoari buruz hitz egiten zuen: hango bizitzari buruz, arrantzaleei buruz, artxipelagoen aurkikuntzaz... Baita migratzaileen erreskateez eta hegaluzeen arrantzaz ere. Azken saioa 2017ko ekainaren 30ean aurkeztu zuen, Saint-Malo herrian, Bretainian.

Pernoud Marokon jaio zen 1947an. 1973an, kamerari zebilela, munduari emandako itzuli batean lanean ari zela piztu zitzaion itsasoarekiko interesa. 1975. urtean France 3ko irudien arduradun bilakatu zen, eta urte hartan bertan sortu zuen ospetsu egin zuen saioa.

Atzoko egunez Emmanuel Macron Frantziako presidenteak hitz hauek eskaini zizkion Pernoudi:«Thalassa-rekin frantziarrei itsasoarekiko eta hango paisaiekiko zuen maitasuna igorri zigun ia berrogei urtez». Hitzok laburbiltzen dute telebistako aurkezleak herrialdean zuen irudia. Pernoudek sortutako saioan inspiratutako saio bat ere emititu zen ETBn 1991ko urtarriletik 1995eko irailera arte, astero: Thalassa Itsasoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.