Itzaletik argitara

Euskal Herriko industria produktuen historian zeharreko bidaia bat proposatzen du 'Orain diseinua! Euskadi eta industria' erakusketak. 120 lan baino gehiago bildu dituzte, euskal enpresek ekoitzitako diseinua ezagutzera emateko.

JON URBE/ FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Euskal Herriko diseinua itzalean egon da, bigarren lerroan». Guillermo Zuaznabarren (Donostia, 1971) adierazpena da, Donostiako Tabakalera zentroan ikusgai dagoen Orain diseinua! Euskadi eta industria erakusketaren harira. Hark antolatu du, eta Euskal Herriko industria produktuen aukeraketa bat da: euskal enpresen diseinua ezagutzera emateko. Ehun enpresatik gora aztertu ondoren, 40 enpresatako eta bildumatako 120 industria produktu dira erakusketaren mamia. «Urteak daramatzat erakusketa hau egin nahian», adierazi du, eta sei hilabeteko dokumentazio eta lanaren ostean, ikusgai dago proiektua; otsailaren 9ra arte egongo da zabalik.

Erakusketa antolatzeko, bibliografiara jo zuen lehenik, baina espero baino datu gutxiago bildu zituen: «Diseinuaren munduko bibliografia oso murritza da: lau liburu soilik topatu ditut. Harrigarria da; hainbeste sari industrial irabazi dituen herrialde bat izanik, nahiko bitxia da lau argitalpen soilik aurkitu izana». Informazio bilketaren ostean, arlo guztietako enpresen zerrenda bat osatu zuen. «Sailkapen hori materialen arabera egin dugu», azaldu du. Erakusketaren helburua historia moduko bat proposatzea da, komisarioaren esanetan, «eraikitzeke dagoen historia bat». Historia hori eraikitzeko bidean, geruzatan banatu dute erakusketa: historia, batetik, eta diseinu garaikidea, bestetik. Guztira, lau atal bereizi dituzte: aurreko formak, lizentziak, materialak eta diseinu garaikidea.

«Aurreko formen atalean, euskal kulturaren forma bereizgarrien bilduma moduko bat osatu nahi izan dugu, gure kulturarekin lotura duten formez eta kolorez osatua», esan du. Hala, euskal formen mundu hori zer izan zitekeen marrazten ahalegindu da, eta askotariko produktuak bildu dituzte, esaterako: kaikuak, txapel beltz, urdin eta gorriak eta espartin urdin, beltz eta zuriak. Lizentzien atalean, bestalde, gerraren ondorena ageri da, komisarioaren arabera: «Garai horretan euskal lantegiek diseinuak erosi egiten zituzten, gero ekoitzi eta saltzeko; horregatik izendatu dugu lizentzien atala».

Hirugarren atala materialekin loturiko atala da, hots: burdina, altzairua, zura eta harria. «Material horiek gustuko genituela onartu genuen, hein batean, Oteiza eta Txillidaren arte garaikidearen eraginez», adierazi du. Elementu horiekin lan egin duten enpresa ugari daude, eta materialen bitartez antolatuta ikus daitezke erakusketan. Diseinu garaikideari egiten dio keinu azkenengo atalak, komisarioaren esanetan, «atalik nabariena»: gaur egun enpresek egiten dituzten produktuak modu irekian erakusten ditu.

«Abiapuntu bat»

«Orain diseinua! oihu bat da, aldarrikapen bat», azpimarratu du Zuaznabarrek. Haren esanetan, gizarteari bizkarra emanda bizi izan da euskal diseinua, eta, orain, «garai egokia izan da, bai politikoki baita ekonomikoki ere, gizarteari erakusteko zer egiteko gai garen». Nabarmendu du diseinuari buruzko erakusketarik ez dela egin industria iraultzaren ondotik gaurdaino. Horregatik, historiaren lehen lerroak idatzi nahi izan ditu: «Mosaiko sakabanatu bat dugu, eta konektatu gabe dauden elementu horiek guztiak josten ahalegindu naiz. Hau abiapuntu bat besterik ez da».

Erakusleiho lan hori «izugarrizko mesedea izango litzateke bertako langileentzat eta enpresentzat», eta hori egin ezean, «identitatearen neurri handi bat galtzeko arriskua» egongo litzateke. «Arazoa mahai gainean dago jada, eta badago aukera honi aurre egiteko», nabarmendu du. Hazia jarrita dago jada, eta, komisarioaren arabera, «erakusketa honen fruitua euskal enpresen diseinua munduan erakusteko leku bat sortzea izango litzateke». Itzaletik argitara jauzi egiteko pauso bat.

Eskuliburua

Arte subtillissima por la qual se enseña a escreuir perfectamente. Joan Itziar kaligrafoak 1550. urtean argitaratu zuen eskuliburu bati egiten dio erreferentzia. Kaligrafia liburu bat da, eskuz eginiko alfabetoak aztertu ostean idatzia. Inprimategien presentzia gero eta nabariagoa zen garai horretan, eskuz idaztearen hautua egin zuen, eta erreferentzia garrantzitsu bihurtu zen diseinatzaile britainiar, herbeheretar eta alemaniar garaikideentzat.

Nortasunaren arauak

Bilboko metroa du hizpide: garraioaren sinboloa, irudiaren kolore paleta eta geltoki sarearen planoa. 1995. urtean jarri zen martxan, Metro Bilbao SA enpresaren gidaritzapean. Diseinua Otl Aicher alemaniarrakegin zuen, Hans Brucklacher eta Michael Weiss diseinatzaileen laguntzaz. Erakusketan, sinbolo dimentsionatuaren diseinua, eta erakundearen koloreen eta lurgaineko geltokien seinaleen azalpena irakur daitezke.

Espartinak

Espartin urdin, beltz edo zuri. Zestoan ( Gipuzkoa) dute jatorria; Sustraiak Espartinak SL enpresaren produktua da, eta 2013. urtean hasi ziren egiten. Erakusketan, hiru koloretakoak ikus daitezke: urdinak, beltzak eta zuriak. Kolore horiek lotura dute euskal tradizioarekin eta folklorearekin; EuskalHerriko paisaia eta arkitektura tradizionalean bizitasun handiko koloreak erabiltzen dira: gorria, berdea, urdina, zuria, beltza eta grisa.

Kortxo-kentzekoak

Kortxo-kentzekoak. 1931. urtean sortu zen lehen palanka bikoitzeko Buho M502 kortxo-kentzekoa, Eibarren (Gipuzkoa). Boj Olañeta SLU enpresa izan zen sortzailea, eta David Olañeta diseinatzaileak egin zuen diseinua. Bederatzi urte ondoren, 1940. urtean, iritsi zen kortxo-kentzekoaren bigarren bertsioa. Hogei urte ondoren egin zituzten lehen kortxo-kentzeko palankadun automatikoak, 1959. urtean. Gero egin ziren M9903 bertsioa eta kromatua.

Kaikua

Kaikua, abatza edo goporra izenez ezagutzen den industria produktua da, eta Euskal Herriko artzainek jetzitako esnea biltzeko erabili ohi zuten ontzia da. Erratzuko (Nafarroa) eta Urepeleko (Nafarroa Beherea) eredu bi dira Euskal Herriko kaiku esanguratsuenetako bi. Heldulekua duen kaiku bat da lehena: Erratzun egina, XX. mendean. Bigarrena, zinkezko, burdinazko eta zurezko kaiku bat da: Urepelen egina, XX. mendean.

Karta sorta

Hiru karta sorta ikus daitezke. Lehena Manuel Canovasen karta sorta da: Emilio Soubrierren eta Ignacio Diazen diseinua da; Gasteizen egin zen, 1878. urtean. Hamar urteren ondoren egin zen bigarren eredua: 12 koloretako karta sorta du izena, eta 1888. urtean egin zen, Gasteizen. Hirugarrena 1998. urtean egin zen: 1 zenbakidun fournier karta sorta du izena, eta lehenengo karta sortaren diseinatzaileen marrazkiak hartu zituzten oinarritzat.

Txapela

Txapel beltz, urdin edo gorri. Espartinen antzera, euskal tradizioarekin eta folklorearekin loturiko koloreak dituzte. Tolosan (Gipuzkoa) eginak dira, eta 1858. urtean egin ziren lehenengoak. Boinas Elosegui SA enpresaren produktua da, eta gaur egun ere produktu hori egiten jarraitzen du. Sortu zenean, eskuz egiten zituzten txapel horiek, eguneko eta langileko bat; gerora, ehun mekaniko zirkularrarekin, egunean 15 eta 20 artean ere ekoizten zituzten.

M5 grapagailua

Juan Solozabal eta Juan Olabe diseinatzaileen lana da. Ia ehun urte dituen industria produktu bat da. El Casco-Tuncalya SL enpresaren ekoizpena da, eta, geroztik, objektu berbera egiten dute. 1932. urtean egin zen lehena, Eibarren (Gipuzkoa), eta, gerora, Elgetan (Gipuzkoa). Erakusketako elementurik esanguratsuenetako bat da; izan ere, arrakasta handia izan du Euskal Herritik kanpo ere. Egun, urrezko bertsioak ere egiten dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.