Migel Joakinen garaikideak

Izan zen erraldoirik Altzoko Handia baino lehen, eta izan dira ondoren ere. XIX. mendeko haren garaikideak dira hauek. Salbuespenak badaude, baina oso gutxik egin zioten ihes orduko patuari: diruzale gupidagabeen esku, zirkuetan eta ikuskizunetan izar bihurtuta, batetik bestera erabili eta erakutsi zituzten.

BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Fermin Arrudi. Handi bat Sallent de Gallegon ere



Ipar partean eta mendialdean jaiotakoak biak. Herri txikietakoak biak. Mundu osoan bidaiatu eta errege-erreginek ikusi eta miretsitakoak biak. Nekeak eta erraldoitasunaren ajeak ahitutakoak biak, eta 43 urteren bueltan atseden eta erretiro bila berriz herrira eta hango mendi eta haranen berdera bueltatutakoak biak. Handi bat Altzon (Gipuzkoa) eta beste handi bat Sallent de Gallegon (Huesca, Espainia). Migel Joakin Eleizegi bata (1818-1861), eta Fermin Arrudi bestea (1870-1913).

Badira antzekotasunak Altzoko Handiaren eta Aragoiko erraldoiaren artean, eta euren adarretan euskal sustraiak gurutzatzen ote diren ikertzen ari dira. —Urieta zuen bigarrena abizena Ferminek, eta euskal jatorrikoa da—.

Arrudik 2,18 metro luze zen 18 urterekin. Canfranceko geltokian behargin ari zela, Cariñenako ardo tratante batek ikusi zuen, eta ohartu zen han bazela negozioa. Zaragozako Pilar jaietan erakutsi zuen. Huraxe abiapuntua. Andaluziara, Madrilera... Espainian zehar gero. Frantzia, Alemania, Belgika, AEBak, Hego Amerika, Afrika... Berlingo (1896) eta Parisko (1900) Nazioarteko erakusketetan izan zen, eta Pariskoan ezagutu zuen emaztea.

Artista zen Arrudi. Musikarako aparteko dohainak zituen. Hainbat instrumentu jotzen zituen (gitarra, biolina, lautea, bandurria, flauta eta armonika), eta jotak kantatzen zituen. Aragoiko tradizioak maite zituen. Hurbilekoa zen herritarrekin, eta bidaiak eta ikuskizunak ahalik eta bizimodu lasai eta arruntenarekin uztartu nahian eman zuen bizitza.

Agustin Luengo. Argiak eta ilunak Extremaduran



Kondaira beltz bat dago Agustin Luengo Capillaren inguruan (Puebla de Alcocer, Espainia, 1849-1875). Berez iluna zena argi(egi) bihurtzeko ahalegin bat, eta berez iluna zenari argia emateko beste bat. Bada Extremadurako erraldoiari buruzko bertsio urardotu bat: 12 urterekin hasi zirela hura zirku eta ikuskizunetan erakusten. Alfonso XII.a Espainiako erregeak ezagutu nahi izan zuela, berarekin argazki bat atera zuela, eta bi bota erraldoi oparitu zizkiola. Halaxe egin zuela jauzi ospera. Eta Madrilera amarekin joan zela, zituen oinazeak nork arinduko, eta akromegalia nork sendatuko.

Puntu horretara arte historialari ia denak datoz bat. Hortik aurrerakoetan, zalantzak: Pedro Gonzalez Velasco mediku ezagunak tratu bat egin zuela amarekin. Semea zainduko zuela agindu ziola, baldin hildakoan haren gorpua ematen bazion. Eta baiezkoa eman zutela Agustinek eta haren amak. Baina ez zuela tratuak asko iraun, tuberkulosiak jota hil zelako Luengo. Luis Angel Sanchez Gomez Madrilgo Complutense Unibertsitateko historialariak gezurtatu egin ditu bertsio horren puntu asko, berriki argitara emandako ikerketa batean. Kontuak kontu, Agustin Luengoren hezurdura ikusgai dago Madrilgo Antropologia museoan.

Hugo anaiak. Baptiste eta Antoine



Alpeetako erraldoiak deitzen zieten, eta Frantziako bikiak ere bai. XIX. mende amaierako erraldoi pare ezagunena izan zen, baina ez ziren ez Frantziako Alpeetan jaioak eta ezta bikiak ere. Gerora jakin zenez, Italiako Alpeetan jaio ziren Baptiste Hugo (Vinadio, Italia, 1876-1916) eta Antoine Hugo (Vinadio, Italia, 1887-1914). Baptiste anaia zaharrena 1900eko Parisko Nazioarteko Erakusketan egin zen ezagun. Paris zaharreko erraldoi edo Gargantua gisa aurkeztu zuten, eta mundu guztian bidaiatu zuen gero Barnum & Bailey zirkuarekin. 15 urterekin hasi zen Antoine anaia harekin bidaiatzen, biki gisa.

Frederic Kempster. Profesioz, erraldoia



Frederic Kempsterrek (Blackburn, Ingalaterra, 1889-1918) Astley and Company's American Circusekin kontratua sinatu zuenean, halaxe zioen: erraldoi profesionala zela, eta ez «ero» bat. Erraldoi ingelesa edo erraldoi lagunkoia deitzen zioten. Oso hurbilekoa eta ezaguna egin zen Ingalaterran.

John Rogan. Erraldoi beltza



Esklabo izandako William Roganen hamabi seme-alabetatik laugarrena zen John (Tenessee, AEBak, 1868-1905). Inoizko gizonik altuenetan bigarrena izan zen 2,64 m), eta afro-amerikarrik garaiena. Ankilosia zeukan, ezin zuen ibili, eta bi ahuntzek tiratutako orgatxo batean ibiltzen zen geltokiz geltoki postalak saltzen. Beti egin izan zion uko zirku eta ikuskizunen zirkuituan parte hartzeari.

Julius Koch. Constantine handia



Nahasiak dira Constantine erraldoiari buruzkoak (Reutlingen, Alemania, 1872-1902). Garaiko kronikek diote munduko pertsonarik altuenetakoa izan zela, harena baita inoiz neurtu den femurrik handiena: 76 cm. Erraldoitasuna zeukan, eta ibiltzeko arazoak. Hausturak izan zituen hanketan: gangrenatu, eta moztu behar izan zizkioten. Haren hezurdura Monseko museoan dago (Belgika).

Edouard Beaupre. Willow Buncheko erraldoia



Hogei seme-alaben artean zaharrena zen Edouard Beaupre (Saskatchewan, Kanada, 1881-1904), eta familiari laguntzeko ibili zen Kanadako eta AEBetako izaki arraroen azoketan Willow Buncheko erraldoia (2, 18 metro). 23 urterekin hil zen; erraldoitasuna zuen.

Chang Woo-Gow. Asian ere bai



Garai hartako Asiako kasu ezagun bakanetakoa da Chang Woo-Gowrena (Kanton, Txina, 1841-1893). Eskoziako margolari batek ezagutu zuen Shanghain, eta Londresera joateko konbentzitu. Errege-erreginek ezagutu zuten Txinako erraldoia (2,35 metro). Mundu osoan ibili zen. Erraldoitasuna zuen.

Fiodor Majnov. Datuei buruzko zalantza



Nor handiagoa eta erraldoiagoa izango, datuak eta neurriak puztu egiten zituzten garai hartan. Hori da Fiodor Majnoven kasua (Vitebsk, Bielorrusia, 1878-1912). Europan eta AEBetan ibili zen Errusiako erraldoia. 2,30 metro zen luze, baina 2,85 zela zioten.

Ella Kate Ewing. Emakumerik altuena



Benjamin F. Ewingen eta Ana Eliza Herringen alaba bakarra izan zen Ella Kate (Missouri, AEBak, 1872-1913). Orduko datuen arabera,Missouriko erraldoia munduko emakumerik garaiena zen. 7 urterekin hasi zen neurrigabe hazten. Erraldoitasuna zeukan (2,54 m). Chicagoko museo bat izan zen eskaintza egin zion lehena: hilabetez erakutsiko zutela, 1.000 dolarren truke. Familiari laguntzeko, baiezkoa eman zuen. Baita Barnum & Bailey zirkuak 5.000 dolarreko kontratua eskaini zionean ere. AEBetan zehar erakutsi zuten.

Emma Bataillard. Lady Aama eta bere ahizpak



Harena da batetik bestera erakutsi eta erabilitako erraldoiaren adibide garbia. Etxekoak izan zituen horretan lagun Emma Alma Bataillardek (Paris, Frantzia, 1876-1893). Emmaren ahizpak haren erraldoitasunez ohartu ziren, eta AEBetara eraman zuten. Frantziako erraldoia zela esanez erakusten zuten, Lady Aama ezizenez, harena ez zen ahizpa gezurrezko eta txiki batekin batera: Joespha printzesa. Hil ondoren ere, ahizpek negozioa egiten segitu nahi izan zuten, eta Iowako Unibertsitateari saldu zioten gorpua, 200 dolarren truke.

Anna Hainning. Edukazioa eta prestakuntza



Hamahiru anai-arreben artean hirugarrena izan zen Anna Hainning (New Annan, Kanada, 1846-1888). Erraldoitasuna zuen (2,27 m). Barnum & Bailey zirkuak kontratatu zuen 16 urterekin. Pianoa jotzen zuen, eta Shakespeare errezitatu. Europara egindako bidaian ezagutu zuen Martin Van Buren, Kentuckyko erraldoia. Victoria erregina harrituta utzi zuen Annaren edukazioak eta prestakuntzak. Hark oparitutako soinekoarekin ezkondu ziren Londresen, zirkuko hainbat kide lagun. Mundu hura utzi, eta irakasle aritu zen AEBetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.