Albistea entzun

ARGI ALDIAN

Ezagutu Oier Etxaniz

Gorka Azkune - EHUko Informatika fakultateko ikerlaria eta irakaslea

2020ko apirilak 24

Joan den ostiralean, apirilak 17, berri tristeak iritsi zitzaizkidan: lankide eta lagun nuen Oier Etxaniz zendu zen, 31 urte besterik ez zituela. Kolpe gogorra izan zen. Bi hilabete baino gutxiago ziren berarekin azkenekoz hitz egin nuela, eta animoso ikusi nuen. Doktorego tesia amaitu nahian zebilen Euskal Herriko Unibertsitateko Informatikako fakultatean. Baina gaixotasunak ez zion utzi aurrera jarraitzen.

Horrelako momentuetan tristura gailentzen da. Galdera andana suertatzen zaizu buruan, honek guztiak zentzuren bat izango balu bezala. Erantzunak topatzeko gai izango bagina bezala. Saminak hartuta, erabaki nuen gaurko zutabea bere omenez idatziko nuela. Gogoratzeko moduko tipoa baitzen Oier. Argia, jatorra, umore bereziduna, baina oso umoretsua, ekintzailea, saltseroa eta, batez ere, oso-oso indartsua. Urteak eta urteak zeramatzan minbiziaren aurka borrokan, eta nik ez nion inoiz kexarik entzun.

Pentsamendu, oroitzapen eta emozio zurrunbilo hartan ez nekien ongi nola planteatu zutabe hau. Bat-batean, ordea, film bateko esaldi bat etorri zitzaidan burura: «Ez iezadazu kontatu nola zendu zen. Kontatu nola bizi izan zen». Hor zegoen gakoa. Oierren bizitza kontatu behar nizuen, benetan oparoa izan baitzen.

Gradu amaierako lana egiten hasi zenean ezagutu nuen Oier, orduan lan egiten nuen enpresan. Bere lanarengatik sari bat eman zioten eta bere enpresa martxan jartzeko diru laguntzak lortu zituen. Pentsa, unibertsitatetik irten eta ia zuzenean bere enpresa teknologikoa jarri zuen martxan, alajaina. Urte batzuk pasatuta, esan zidan doktore tesia egiten hasi behar zuela EHUko Informatika fakultatean. Neu ere orduan hasi nintzen nire doktore tesiarekin, Deustuko Unibertsitatean, ordea. Behin baino gehiagotan Donostiako autobus geltoki zaharrean gurutzatzen ginen. Bera Elgoibartik Donostiara, eta ni Donostiatik Bilbora.

2019. urtean, EHUn hasi nintzen lanean. Saileko lehen bileran Oierrekin topatu nintzen. Esan zidan fakultateko kaferik onena beraien bulegoan zegoela, irribarretsu beti bezala. Mila aldiz damutu naiz kafe hori berarekin hartzeko denborarik ez atera izanaz. Igogailuan eta korridoreetan topatzen ginen, beti ere solasalditxo bati atea irekiz.

Doktore tesia egiteaz gain, Oierrek beste hainbat eta hainbat gauza egiten zituen: Elgoibarko musika bandan aritzen zen, adibidez. Elgoibarko ekitaldi kulturalak biltzen dituen web ataria ere berak egin zuen (elgoibarkokultura.hatza.eus). Europa mailan zientziarako Python programazio lengoaia sustatzen duen EuroPython erakundeko kide zen, eta bere euskal adarreko lehendakaria (PySS). Alor horretan hainbat konferentzia antolatu zituen Bilbon. Bereziki polita iruditu zait EuroPython-ekoek egin dioten omenaldia beren webgunean.

Maila pertsonalago batean, Oier boluntarioa zen Aspanogi elkartean. Minbizia duten umeekin pasatzen zuen denbora, beraiek entretenitu asmoz eta bere kemena transmitituz. Liburu bat ere idatzi zuen: Itsasoan barrena. Bertan, minbizia (izan) duten hainbat umeren esperientziak elkartu zituen beste kolaboratzaile batzuekin batera.

Zalantzarik gabe, Oier tipo berezia zen. Maitatua. Elgoibarko herriak larunbatean agurtu zuen balkoietatik Xalbadorren heriotzean abestuz. Asko eman baitzigun bere biziarekin. Baina jada joan zaigu eta ezin ditugu malkoak saihestu. Gogoratu, Oier, distira handieneko izarrak direla denbora gutxien bizi direnak. Eta zuk distira handia izan zenuen. Besarkada handi bat zure familiarentzako, eta agur bihotz-bihotzez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Argazkiak badauka benetakoaren zigilua, eta hitzek ez»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Argazkilaritza dokumentalean sinisten du Morelesek: «Informazioa edukitzea kontzientzia edukitzea da, eta horrek ekitera eramaten zaitu». 'Urtzearen aztarna' paratu du Donostian, klima aldaketaz ohartarazteko.

 ©JON URBE / ARGAZKI PRESS

Basogintza eredu berri baterantz

Unai Etxenausia

Ez dago «baso perfektua» sortzeko errezeta magikorik, aldakorra baita Euskal Herriko paisaia. Errez kooperatibako kideak eredu berri bat ari dira lantzen eta proposatzen: baso bakoitzak espezie autoktonoak eta genetika ezberdinekoak izan behar dituela diote, «baso irregularrak» bihur daitezen.
Kotoi markak Irizarren autobusetako ehuna erabiliz sortutako jantziak. ©GORKA RUBIO/ FOKU

Moda egiteko beste modu bat

Amaia Jimenez Larrea

'Ekomoda' erakusketa jarri dute Ezkioko Igartubeiti baserri-museoan, maiatz hasierara arte. Autobusetan erabili gabeko ehunekin egindako jantziak daude ikusgai.
Naizen elkartearen aurkezpen eguneko argazkia, Donostiako Antzoki Zaharrean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Naizendarren festa

Ane Insausti Barandiaran

Naizen elkarteak Bigarren Hezkuntzarako sortutako ikus-entzunezkoak eta kamiseta berriaren diseinua aurkeztuko ditu gaur, urteroko festan

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.