Zientzia. ARGI ALDIAN

Musika zein isiltasuna

ana galarraga aiestaran
2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Pandemiak behartutako itxialdian, musika funtsezko aringarria izan da askorentzat. Emily Abrams Ansari Western Unibertsitateko ikertzailearen arabera, konfinamenduan %28 jaitsi ziren Spotify plataformako zerrendetako lehen lekuetan zeuden abestien entzunaldiak. Aldiz, asko igo ziren musika instrumentalarena eta lasaiarena, eta 1950-1980 bitarteko musika-zerrendak osatzera jo zuen jende ugarik. Ikertzaileak joera horren zergatia azaldu du: musika ezagunak babesa ematen digu, eta baretu egiten gaitu.

Abramsen esanean, musika ezagunak gure nortasuna eta jatorria gogorarazten digu, eta iraganaren eta orainaldiaren arteko lotura egiten laguntzen digu, oraina onartzea eta etorkizuna argi ikustea zaila den garaietan. Hain zuzen, El Salvadorren 1980ko gerra zibilean musikak errefuxiatuentzat izan zuen eragina ikertzen ari da Abrams, eta oroimena gordetzeko, identitatea sendotzeko eta taldea indartzeko duen garrantzia frogatu du.

Batzuetan, El Salvadorko errefuxiatuek beren egoera azaltzen zuten hitzak jartzen zizkieten aspaldiko abestiei; hala, orainari buruzko kontakizun propioa sortzeko ere balio izan zien musikak. Agian, funtzio hori izan dezakete baita konfinamenduan sortutako kantuetako batzuek ere.

Dena dela, errefuxiatuei babes emozional handia eman zien musikak, eta hori bera berretsi izan da muturreko beste hainbat egoeratan ere, adibidez, nazien kontzentrazio-esparruetan. Abramsek ez du Ruper Ordorika ezagutuko, baina biek egiten dute bat musikari eragin baltsamikoa aitortzean.

Beste zientzialari batzuek, berriz, musikari beharrean, isiltasunari erreparatu diote konfinamenduan. Izan ere, agerikoa izan da, jardueraren geldialdiari esker, isiltasuna eta naturaren soinuak leheneratu direla. Horretaz jabetuta, Isiltasunaren proiektua (The Quiet Project) sortu dute Erresuma Batuko Akustika Institutuak eta Zarata Aholkularien Elkarteak. Zaratarik gabeko ingurumenaren soinuen datu-base irekia sortzea da helburua, herritarrekin elkarlanean.

Proiektuaren bultzatzaileek diotenez, zientzialarientzat isiltasuna oso lagungarria da ingurumena ikertzeko, eta herritar askok ere nabaritu dute onura. Hain zuzen, nazioarteko ikerketa ugarik frogatu dute hirietako zaratak estresa eragiten duela eta kaltegarria dela osasunerako.

Hala ere, isiltasuna ere esperientzia subjektiboa da, musika bezala, eta, batzuentzat, bizitasunaren kontrakoa da: haientzat, hilda daude zaratarik eta soinurik gabeko kaleak. Horrenbestez, datu-basean, grabaketekin batera, haiekin lotutako sentipenak ere adieraztea eskatu dute proiektuaren sortzaileek. Beraz, itxialdiak eragindako emozioak ikertzeko, entzundako musikak bezain baliagarria izan daiteke isiltasuna aztertzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.