Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Alexa, gaixo al nago?

2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Pandemiak gure ohituretako asko errotik aldatu ditu. Duela bi urte eskas, pentsaezina iruditzen zitzaigun gaizki sentitu eta, medikurengana jo beharrean, medikuari telefono bidez ematea gure osasun egoeraren berri. Bada, pandemia aurretik, pertsonen osasuna urrutitik monitorizatzeak etorkizuneko kontua zirudien arren, gaur-gaurkoz praktika hori orokortu egin da, eta ezbairik gabe gurekin jarraituko du.

Gutako bakoitzak ahots bereizgarria du, eta ahots horrek bakar egiten gaitu. Nahiz eta jakitun ez izan, hitz egiteko hainbat egitura anatomiko eta sistema koordinatu behar dira. Birikek airea ahots kordetara bideratzen dutenean sortzen den soinua, besteak beste, mingainak, ezpainek eta sudur-barrunbeek moldatzen dute. Garunak, nerbio sistemaren beste elementu batzuekin batera, prozesu horiek erregulatzen ditu, eta esan nahi dugun hitza esaten edo soinu hori igortzen laguntzen digu. Hartara, gaixotasun batek hitz egiteko prozesuan parte hartzen duen edozein elementutan eragiten badu, diagnostiko-arrastoak utz ditzake pertsona horren hitz egiteko moduan. Hori horrela izanik, ahots bidezko diagnostikoa, bere hastapenetan egon arren, dagoeneko errealitatea da.

Nola da posible gaixotasun bat diagnostikatzea pertsona baten diskurtsoan oinarrituz? Beste behin ere, horretarako ordenagailuen laguntza ezinbestekoa da. Machine learning deritzon teknika erabiltzen da. Lehenik eta behin, ordenagailuari ehunka edo milaka ahots lagin erakutsi behar zaizkio. Gero, erakutsi behar zaio zein ahots dagokion pertsona osasuntsu bati eta zein gaitz jakin bat pairatzen duenari. Makinak informazio hori prozesatzen du, eta pertsona osasuntsuen eta gaixoen ahotsen arteko ezberdintasunak atzematen ditu tonuan, hitzen arteko espazioan edota fonema baten bibrazio espektroan. Horrela, gaixotasun jakin bati erlazionatutako ahots profila eraikitzen du. Hain zuzen ere, profil bereizgarri horretan oinarrituta, ordenagailuak edonoren ahotsa azter dezake, eta gaixotasun jakin hori duen ala ez diagnostikatu.

Ahots bidezko lehen diagnostiko saiakerak Parkinsonen gaixotasunarekin egin ziren. 2012an argitaratutako lan batean, a hizkia ahoskatzen zuten 33 parkinson gaixoren eta 10 heldu osasuntsuren ahots grabaketetan 132 ezaugarri akustiko aztertu zituzten. Horietatik hamar ezaugarrik Parkinsonen gaitza %99ko zehaztasunarekin diagnostikatzeko balio zutela frogatu zuten.

Urte batzuk geroago, Torontoko ikertzaile talde batek erakutsi zuen Alzheimerren gaitza ere horrela diagnostika daitekeela. Izan ere, gaixo horiek badute hitz egitean errepikatzen den patroi bereizgarri bat: hitz laburragoak erabiltzen dituzte, hiztegi urriagoa daukate, eta hori bezalako izenordainak osasuntsuek baino gehiagotan erabiltzen dituzte.

Neuroendekapenezko gaixotasunak ez ezik, depresioa, trauma osteko estresaren nahastea, bihotzeko eta arnasketako gaitz batzuk (tartean COVID19a) eta neurogarapenezko gaitzak ere ahotsaren bitartez detektatu ahal izan dituzte azkeneko urteotan. Harrigarria badirudi ere, hamar hilabeteko haurrek igortzen dituzten doinuetan oinarrituz, gerora autismoaren espektroaren nahasmenduarekin diagnostikatutako haurren %80 zuzen diagnostikatzea ere lortu dute.

Adituen arabera, ahots bidezko gaitzen detekzioak etorkizun oparoa izan lezake, bereziki gaixotasunen diagnostiko goiztiarrerako, eta hori da gaur egun medikuntzak aurrean dituen erronka nagusietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.