Prozesua luzatzearen arriskuak

Mugitu beharra dagoela esan dute euskal politika jarraitzen duten hiru adituk; ETAk bere bidea azkartu behar duela nabarmendu du batek, eta gizarte eragileek mugitu behar dutela beste batek.

Urtarrilaren 11n EAJk, Sortuk, Aralarrek, EAk, Geroa Baik eta Alternatibak antolatutako manifestazioa. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Politologoak ez datoz bat ETAk amaierarako bidean egin dituen urratsak baloratzeko orduan. Bada erakunde armatuak «uste baino gehiago» egin duela iruditzen zaionik eta bada gehiegi luzatzen ari dela dioenik. Beldur eta arriskuez aritu dira hiru aditu BERRIArentzat.

MARIO ZUBIAGA EHUko irakaslea

«Duena baino garrantzi gutxiago ematen ari zaio orain arte egin denari»

ETAren amaiera gauzatzen ari dela zalantzarik ez du Zubiagak. Azken hilabeteetan egin dituen urratsek hori adierazten dutela dio, eta asteburuan argitaratutako agiria «oso esanguratsua» dela: «Amaiera da».

Horren nolakotasunak interpretatzeko «klabeak» ez direla ezagutzen ohartarazi du ezer baino lehen. «Informazio gutxiren gainean interpretatu behar dugu egoera». Izan ere, amaiera prozesuari buruz publikoki ezagutzen denaz gain ezagutzen ez direnak ere izango direla pentsatzen du. Hala, politikari eta eragileen balorazioen atzean dagoen guztia ezin dela neurtu dio. «Batzuetan egiten dituzten adierazpenak beste behar batzuengatik egiten dituzte».

Amaiera «etapetan» egiten ari dela ere agerikoa dela azaldu du. Eta «ixtea faseetan» egitearen bi interpretazio egin ditu. Batetik, amaiera «adosteko nahia» ikusi du horren atzean. «Ez dakigu benetan zer dagoen eta zer ez, baina egon liteke nolabaiteko negoziazio saioa horren atzean». Erakundearen beraren barrua antolatu, egokitu eta desadostasunak leuntzeko modua ere izan liteke.

Edozein modutan, denboran luzatzeak «banalizatzea» dakarrela ohartarazi du. Irakaslearen ustez, ETAk pauso bat egiten duen bakoitzean ez dela nahikoa behin eta berriro entzuteak urrats horien indarra ahuldu egiten du. «Duena baino garrantzia gutxiago ematen ari zaio orain arte egin denari; asko egin da».

Erantzun gabeko galdera bat ere badu ETAren azken agiriaren inguruan: «Eragile politiko bihurtuko dela dirudi, ez dela desegingo; alde ilun samarra da hori». Hori argitu beharra dagoela esan du, «beharrezko ez den eragile politiko» bihurtzeko arriskua ikusten baitu.

XABIER AIERDI EHUko irakaslea

«Inpresioa dut ETAk alde bakarrekoa ez den bidea egin nahi duela»

«Ez dut askorik jarraitzen gaia, baina inpresioa dut ETAk alde bakarrekoa izango ez den bidea egin nahi duela». Prozesua gehiegi luzatzen ari dela iruditzen zaio, eta «egoera kontrolatzeko gogoa» ikusten du atzean. «Ez du balio errua besteei botatzen aritzeak».

ETAri «tentsioa» antzematen dio: «Badakite zerbait egin behar dutela, baina luzatzen ari da». Eta horrek ETAri berari «arazoak» ekarri ahal dizkiola dio. «Batetik, sinesgarritasuna galtzen ari da, eta, bestetik, jendeari jada berdin dio ETAk zer dioen. Hori oso problematikoa izan daiteke».

Beraz, «txipa» aldatzen ez badu egoera «okertu» egingo dela uste du EHUko irakasleak. «Jendea, baita ezker abertzalearen barruan kokatzen direnak ere, gero eta aldenduago dago ETAtik». Indarra galtzen ari dela uste du, beraz; prozesua azkar egiteak indar horri eustea ahalbidetuko liokeela, baina luzatzen jarraituz gero, «hutsala bihurtzeko arriskua» duela. Beraz, prozesua berehala azkartu ezean «fartsa» bat bihurtu daitekeela ohartarazi du. «Hanka sartuko luke».

BIXENTE SERRANO IZKO Idazlea eta historialaria

«Interes handien duenak mugitzen jakin behar du zubiak eraikitzeko»

Eragin politikoari heldu dio Serranok ETAk eginiko urratsen azterketa egiteko orduan. Azken agirian bere burua lan politikotik kanpo kokatu izana «ez da ezer berria», haren ustetan. «Beraiek ere aspalditik dakite arlo politikoan ez dutela ezer egitekorik». Areago, eragin politikorik izanez gero «zentzu negatiboan» duela dio. «Estatu eremuan interesatzen zaie zeregin politikoa hartu nahi duela adieraztea, mamu gisa, sistemaren beraren arazoak estaltzeko». Historialariaren ustez, gainera, horrela izango da ETA desegin arte. «Beraz, lehenbailehen komeniko litzaioke ETAri berari desegitea».

Presoen, iheslarien eta biktimei buruz,berriz, aritu behar dutela dio, «bitartekarien bidez edo». Baina, edozein modutan, prozesuaren «benetako bultzatzaileak» politikariek eta «herriak berak» izan behar dutela nabarmendu du.

Alderdiek, bitartekarien laguntzarekin, «isilpeko bilerak» egin beharko dituztela iruditzen zaio. «Baina oraingoz ez dut girorik ikusten hori egiteko, eta ez dut uste egiten ari denik serio». Horretarako prestasun handiena bitartekariei eta ETAri ikusi die, «baina oihartzunik lortu gabe gobernuan». Gainontzekoek «gehiago mugitu» behar dutela dio. Eta, «interes handiena» duen indar politikoak «jokatzen jakin» behar duela, «ez bera agertzeko mugimendu horietan nagusi, baizik gainontzekoekiko zubiak eraiki eta benetan aurrerapausoak egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.