Hauteskundeak Alemanian. Eskuin muturra

Izuaren uzta jasotzear da AfD

Alemania garaikidean estreinakoz, parlamentura egingo du eskuin muturreko indar batek. Bi krisi igaro ditu duela lau urte sortu zenetik; are gehiago erradikalizatuz gainditu ditu

Frauke Petry alderdiburua alboratu, eta afixetan bi hautagai nagusi paratu ditu AfDk: irudian ageri diren Alexander Gauland eta Alice Weidel. CLEMES BILAN / EFE.
Danel Agirre.
Berlin
2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun
2013 hasieran Alemaniarentzako Alternatiba (AfD) alderdia hutsetik zirriborratu zuen pentsalarietako batek, zuzendaritzaren lehenbiziko bozeramaile izan zen Bernd Lucke ekonomialariak, Erreformatzaile Liberal-Kontserbadoreak (LKR) ezezagunarentzat eskatu du boza gaurko hauteskunde federaletarako. Damu da Lucke AfDk lau urte eskasean izan duen bilakaeraz. Bi krisi sakon igaro, eta Eurogunearekiko subiranotasun ekonomikoa aldarrikatzetik islamofobiarako txangoa osatu du mugimenduak. Eskuin muturreraino iristearekin batera, jatorrizko buruzagi batzuk galdu ditu, baina hautesle mordoa irabazi.

2015ean utzi zuten AfD Bernd Luckek eta sortzaileetako beste batzuek, errefuxiatuen iritsiera zela-eta alderdian lelo xenofoboak orokortu eta gailendu zirenean. Joan den apirilean, gaurko bozetarako programa zehazteko Kolonian egin zen batzar nagusian, bilkurara etsaituta iritsi ziren bi fakzioen artean aukeratzea tokatu zitzaien militanteei. AfDko presidenteak, Frauke Petryk, nazismoaren apologiara jostalari hurbildu ohi den Turingiako liderra, Bjorn Hocke, kaleratzea proposatu zuen. Analisten aburuz, alderdiari apurka itxura adeitsuagoa emanez joatea zen Petryren xedea, demokristauekin eta liberalekin egun pentsaezinak diren koalizioak epe ertainera osatu ahal izateko. AfDko sektore muturrenekoekin talka egin zuen, ordea, Kolonian, eta galtzaile irten. Bozetarako zerrendaburu segurua zirudien Petry fotogenikoa alboratu zuten militanteek, eta bizefalia bitxi batekin liskarra itxitzat eman. Afixetan paratu dituzten bi hautagaiak Alice Weidel eta Alexander Gauland dira. Suitzan bizi den ekonomialaria da bat. AfDren sortzaileetakoa bestea, 76 urtekoa.

Sorreraz geroztik eutsi ezinezko hazkundean bizi eta gero, bigarren krisiarekin euforiaren olatutik jausi zen alderdia lehen aldiz. Inkestetan bospasei puntu galdu zituen supituki, eta ehuneko hamarraren azpitik kokatu, urte eta erdian lehenbizikoz. Irailera arte ez da berriz suspertu. Baliteke Bundestageko hirugarren indarra izatea datorren legealdian; Alderdi Naziaz geroztik ez zuen eskuin muturrak ordezkaritzarik erdietsi parlamentuan.

'Fake news' alemaniar erara

Hocke alboratu ez, eta haren diskurtso errebisionista bere egin du azkenaldian AfDk. Gauland hautagaiak zalantzan ipini berri ditu Alemania modernoaren zimenduak berak, ukiezinak diren hainbat taburi hautsa kenduta. «Alemaniar soldaduek bi Mundu Gerretan egindakoaz harro behar genuke», aldarrikatu zuen aste honetan, memoria historikoari buruzko gogoeta exijituz. «Gure nortasunaren zati bat dira gertakari haiek; gure iragana berreskuratu behar dugu».

Zenbatezinak dira Gaulanden adierazpenek asaldatutako eragile politiko eta sozialak, eta prentsaren gaitzespena ere aho batekoa izan da. AfDk atzetik duen mugimendua oilartzea eragin ohi du horrek, ordea. Donald Trump Etxe Zurira eraman zuen erretorikaren gisakoa darabilte AfDk eta haren jarraitzaileek. Alemaniako komunikabideak fake newsiturburutzat dituzte. Alderdiaren kanpainako souvenir kutunena Make Germany safe again dioen bisera gorria izan da, Trumpenaren diseinu berberarekin.

Weidelek ere fake news-aren defentsa mekanismoa baliatu du asteotan jasotako salaketa larri bat uxatzeko. Hautagaia Alemaniaren gotortzearen alde azaldu da mitinetan: «Hesiek baino ez dute askatasuna bermatzen. Europak bere mugak babestu ezin baditu, guri dagokigu lan hori». Bere Suitzako bizilekua muga porotsu horietan barrena iritsitako kontraturik gabeko errefuxiatu batek garbitzen zuela argitara eman du, ordea, Die Zeit agerkariak. Gezurtatu egin du halakorik Weidelek, aipatutako errefuxiatua «etxera bisitan bakarrik etortzen zen familiako laguna» dela argudiatuta. Kanpainako irudi deigarriena ere hari zor zaio. ZDF kateko sei alderdi nagusien ordezkarien arteko eztabaida baten erdian, bere atrila utzi eta hanka egin zuen estudiotik. Marietta Slomka moderatzailearen eta oro har telebista publikoaren jarrera alderdikoia deitoratu zituen Weidelek biharamunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.