Zigorgabetasunaren jakitun

Barrionuevoren adierazpenek erreakzio soka luzea eragin dute. Eragile askok uste dute «estatuaren indarkeria terrorista» justifikatzen dutela. Foro Sozial Iraunkorrak gutun bat igorriko dio Sanchezi

Jose Barrionuevo (erdian), Josep Borrellek eta Felipe Gonzalezek lagunduta, espetxera sartu aurretik egin zioten omenaldian, 1998ko irailean. BERRIA.
gotzon hermosilla
2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako Barne ministro ohi Jose Barrionuevok El País egunkariari egindako adierazpenek hautsak harrotu dituzte, eta Felipe Gonzalezen garaiko gerra zikina plazara ekarri dute berriro ere. Elkarrizketak badu berritasunik, Barrionuevok aitortu baitu berak agindu zuela Jose Maria Larretxea errefuxiatua Hendaian (Lapurdi) bahitzea, eta hori ez dator bat bere garaian adierazi zuenarekin. Baina, horrek baino gehiago, berriro ere GALen ekintzak justifikatu izanak eta haren hitzei darien inpunitate itzalak puztu dute polemika.

«ETAkoek gerra bat zela zioten. Nik ezin nuen nire lubakikoen aurka egin, tiroren bat oker jotzen bazuten ere». Halaxe justifikatu ditu Barrionuevok gerra zikinaren ingurumarian egindakoak. Ez da lehenengo aldia: Barrionuevok eta Estatuaren Segurtasun idazkari izandako Rafael Verak GALen jardueraz hitz egin duten guztietan, justifikatu egin dute hura, gehienez ere «okerrak» egin zirela aitortuta: «Haiek [ETAkoek] hil egiten zuten, eta guk geure burua defendatzen genuen. Defendatzeko modu asko daude», esan zuen Verak 2021ean La Sexta telebista kateari emandako elkarrizketa batean.

Barrionuevoren adierazpenek mina eragin dute estatuaren indarkeriaren biktimen artean. Egiari Zor fundazioak indarkeria horren erantzuleen «zigorgabetasuna» nabarmendu du: «Gatazkaren testuinguruan ezarritako justizia eredua erabat desorekatuta egon da. Batzuentzat, zigorgabetasuna; besteentzat, legearen pisu guztia».

GALek hildako Santiago Brouarden alaba Edurne Brouardek, berriz, Euskadi Irratiari esan dio inpunitate horrek «amorru itzela» sorrarazten duela: «Adierazpen horien asmoa da Espainiako gizarteari jakinaraztea egindakoak oinarri bat zuela eta hori ez dagoela txarto. Orain zurikeria ez da esatea 'ez genuen egin'; orain esan nahi dute 'egin genuen beste erremediorik ez genuelako, eta ongi egina zegoen'».

Maider Garciak, GALek hildako Juan Carlos Garcia Goenaren alabak, adierazi du hitzak sobran daudela. «Berriz ere, estatuaren terrorismoaren biktimak umiliatzen dituzten egitateen aurrean gaude. Noiz arte jasan beharko dugu hau?».

Eragileen erreakzioak

Eragile politiko eta instituzionalek ere hitz egin dute aferaz. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak esan du adierazpenok«ETA justifikatzeko egindakoak» ekarri dizkiotela gogora: «Barrionuevok iradoki du bazirela estatuaren indarkeria terroristaren jakitun. Biktimen lekuan jarrita, umiliazioa da senti daitekeen bakarra».

PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak «gaitzetsi» egin ditu esandakoak: «Adierazpen onartezinak dira, demokraziaren eta zuzenbide estatuaren aurkako gertakari larriak eta nazkagarriak justifikatu nahi dituztelako. Bidegabeak dira, biktimei min ematen dietelako».

Sare sozialetan hedatutako mezu baten bidez, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eskatu du Espainiako Estatuak ere egin dezala bere «urriaren 18ko adierazpena», ezker abertzaleak egindakoa gogoan.

Gaia Nafarroako Parlamentura ere iritsi da, baina alderdi politikoak ez dira ados jarri adierazpenaren edukietan, eta PSNk, Geroa Baik eta Ezkerrak aurkeztutakoa eta EH Bilduk proposatutakoa ez dira aurrera atera.

Foro Sozial Iraunkorrak iragarri du gutun bat bidaliko diola Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezi, eta eskatuko diola onar dezala «egia sozial ukaezina dena: Espainiako Estatuak giza eskubideen urraketa larriak egin zituela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.