Herritarren %8,8, lanik gabe

INEren eta Eustaten inkestek datu kontrajarriak eman dituzte, baina, baten zein bestearen arabera, langabezia tasa bera du Euskal Herriak. Enplegu galerarik handiena emakumeei dagokiela dio INEk

Iker Aranburu.
2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Gauza bakar batean egiten dute bat biztanleria aktiboaren gaineko inkestek: langabezia tasa %8,8 da Euskal Herrian. Kopuru horretara nola iritsi diren, hori beste kontu bat da. Izan ere, INEren datutan, azken lau hiruhilekoan langabezia tasa puntu erdia baino gehiago handitu da (+0,56), baina Eustatek emandakoak erabiliz gero, hamarren bat jaitsi da(-0,11).

Bilakaera kontrajarria izanagatik, ondorioa praktikoki berbera da: INEk Hego Euskal Herrirako emandako datuak eta INSEEk Pirinio Atlantikoetarako ematen dituenak uztartuz, Gaindegiak kalkulatu du 130.400 langabe daudela zazpi lurraldeetan, biztanleria aktiboaren %8,82. Ehunen bat txikiagoa da tasa (%8,81) Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako Eustatek emandakoak aintzat hartuz gero (132.600).

Nola azal daiteke hori? Aurreko inkestei begiratu behar zaie. 2019ko bigarren hiruhilekoan langabeziaren jaitsiera ikusgarria ikusi zuen INEk (-11.900), eta neurritsuagoa Eustatek (-5.300). Hau da, neurri batean, INEk bere datuak zuzendu ditu oraingoan.

Gorakada handia Araban

INEren datuak dira berrienak, atzo argitaratu baitzituen Espainiako estatistika institutuak. Horien arabera, langabe kopuruak igoera nabarmena izan du Araban (+3.200) eta Bizkaian (+5.800), eta txikiagoa Nafarroan (+1.800). Arabakoa, portzentualki %25eko igoera da; oso handia, ezinezkoa ez esateagatik, baina nahiko ohikoa, INEren inkestan gorabehera handiak ematen baititu Arabak.

Gipuzkoan, berriz, 3.400 langabe gutxiago daudela dio INEk. Lurralde horrek du langabezia tasarik txikiena (%6,19), eta ondoren ditu Nafarroa (%8,19), Araba (%10,23) eta Bizkaia (%10,87).

Gaindegiak INSEEren datuekin egindako kalkuluek diote Ipar Euskal Herrian ere pixka bat behera egin duela langabeen kopuruak (-200); guztira, 9.600 lagun daude lanik gabe.

2018koak dira Gaindegiak Ipar Euskal Herriko lurraldeei buruz ematen dituen azken datu xehatuak. Horien arabera, Zuberoan biztanle aktiboen %4,42 daude lanik gabe, Nafarroa Beherean %4,49, eta Lapurdin, berriz, %8,38.

Joan den astean eman zituen bere datuak Eustatek. Horien arabera, urteko bigarren hiruhilekoan baino 3.200 langabe gutxiago zeuden Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan.

Eustatek biztanleria aktiboaren inkestak eman zuen uztail-irailetan 7.200 okupatu gehiago zeudela apiril-ekainetan baino Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Justu kontrakoa esaten du INErenak: 15.200 landun gutxiago zenbatu ditu hiru lurralde horietan, eta 3.400 gutxiago Nafarroan.

Enpleguaren galerak batez ere emakumeei egin die kalte: 15.800 okupatu gutxiago. Gizonen artean 2.500 langile gutxiago daudela dio INEk. Alde horrek sakondu egin du sexuen arteko arrakala: gizonen artean %7,86 daude lanik gabe Hego Euskal Herrian, eta emakumeen artean, berriz, %10,25.

Aurreko hiruhilekoko inkestatik, aldeak oso nabarmenak dira: puntu bat jaitsi da gizonen langabezia, eta ia 2,5 puntu igo emakumeena. Langabeziaren bilakaera historikoari erreparatuz gero, oraingo inkestaren datuak sinesgarriagoak dira. Izan ere, bigarren hiruhilekoak esaten zuen emakumeen langabezia tasa pixka bat txikiagoa zela gizonezkoena baino, eta hori ez da ohikoa ez INEren inkestetan, ez Eustaten inkestetan, ezta langabezia erregistratuaren hileroko datuetan ere.

Prekaritatearekin kezka

Sexu arrakala nabarmendu dute sindikatuek. «Euskal lan merkatu prekarioak emakume aurpegia du. [...] Emakumeak zaurgarriagoak dira lan merkatuaren bilakaera txarra denean», azaldu du EAEko CCOOk.

ELAk, berriz, gogorarazi du emakumeen %25,3k dituztela lanaldi partzialeko kontratuak, eta gizonen artean %6,3 direla. «Datuak modu negatiboan baino ezin ditu baloratu ELAk, ez soilik azken hiruhilekoko datuak txarrak direlako, baizik eta azken urteko bilakaerak desazelerazio handia erakusten duelako».

Udaren amaierarekin lotu ditu LABek INEren inkestaren «datu ezkorrak». «Ziklo baten amaiera» ikusi du sindikatuak, «eta baliteke enplegu suntsiketa eta langabezia handiagoa ekartzea berekin».

Nafarroako UGTk irtenbide bat badu prekaritatearen aurka: «Enpleguaren kalitatea hobetzeko derrigorrezko baldintza da lan erreforma bertan behera uztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.