Jose Luis Lopez Gil. FVEM Bizkaiko metalgintza enpresen federazioko presidentea

«Guztiok pixka bat amore eman dugulako lortu da akordioa»

Metalgintzako lan ituna «alde guztientzat» ona dela argi du Lopez Gilek, eta bakea eta egonkortasuna ekarriko dizkiola sektoreari. Are gehiago, uste du hain lan gatazka luzea konpondu izanak erraztu egin ditzakeela beste lurralde batzuetako akordioak.

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Industria ingeniaria da ikasketaz, eta enpresari gisa bide luzea eginikoa; azken zortzi urteetan, berriz, FVEM Bizkaiko metalgintza enpresen federazioko presidenteaere izan da Jose Luis Lopez Gil (Getxo, Bizkaia, 1952). Martxoan kargua utziko du, ezin delako berriz hautatua izan. Pozik dago, eta uste du sektoreko lan hitzarmenaren bidez «ginga» jarri diola bere agintaldiari.

Bi aste dira lan hitzarmena adostu zenutela sindikatuekin. Hobetu al da giroa sektorean?

Kideak gustura daude, pozik akordioarekin. Baina ez bakarrik enpresak; nik uste dut langileak ere pozik egon daitezkeela. Akordio ona da, bakea eta egonkortasuna ekarriko du, eta, ikusgaitasuna izan duenez, epe ertainean ere mesedegarria izango da.

Enpresa txikietan bereziki garrantzitsua da giro ona egotea.

Hainbat enpresak zioten akordioa garrantzitsua zela giroa gaiztotu ez zedin. Bakea eta egonkortasuna nahi zuten, baina ezin zara horretan bakarrik oinarritu edonolako akordio bat sinatzeko.

Akordioa lortzeak harritu al zaitu? Mahai gainean zortzi greba egun zeuden.

Guk beti izan dugu akordioa lortzeko itxaropena. Sindikatuek hainbeste greba egunetara eta mobilizaziotara deitu bazuten ere, zerbaitengatik izan da, zerbait nahi zuten seinale. Hori bai, nire ustez, arbuiagarria da greba egun horietara deitu izana negoziazioaren erdian, egon ziren intimidazio ekintza asko bezala.

Sindikatuek diote borrokari esker lorturiko akordio bat dela.

Akordioa lortu bada, guztiok pixka bat amore eman dugulako lortu da. Maiatzaren 10eko plataformako hasierako eskaerak ezin genituen sinatu. Sindikatuak euren jarrera pixka bat leuntzen hasi ziren arte, ez zegoen ezer sinatzerik.

Zergatik luzatu da hainbeste negoziazioa? 35 bilera asko dira.

Ñabardura asko daude hor. Guretzat, benetako negoziazioa maiatzaren 10ean hasi zen. Zergatik? Bada, ordura arte lau sindikatutako lau plataforma zeudelako. Batzuek lehentasun batzuk zituzten, besteek beste batzuk: lanaldia, soldatak...

Bateratzeak erraztu egin zuen negoziazioa, beraz?

Are gehiago, plataforma bateratu hori egon izan ez balitz, ezinezkoa zatekeen akordioa lortzea.

2012an, kargua hartu zenuenean, esan zenuen erronka handietako bat zela.

Bitxia da, baina garai haietan, krisiaren eraginez, sindikatuek ez zuten mugimendurik egin lan hitzarmena negoziatzeko. Eta krisitik irteten ari ginela zirudienean, berriz aktibatu zuten. Guri beti iruditu zitzaigun garrantzitsua sektoreko lan hitzarmena adostea, baina, bestalde, ez genuen interesik ikusten duela oso gutxi arte. Mahaia UGTk ireki zuen, eta horrela hasi zen.

ELAk salatu du beste sindikatuekin bildu zinetela Lan Harremanen Kontseilutik kanpo. Horrela izan al zen?

Lehen bost greba egunak izan zirenean [aurtengo maiatzean eta ekainean], kudeatzaile zuzendaria eta ni lau sindikatuekin bilduta egon ginen uda hasieran.

Eta uda ondoren? Azken negoziazio txandan?

Sindikatu guztiekin hitz egin dugu. Proposamenak negoziazio mahaian egin ditugu, eta bertan esan zigun sindikatuen gehiengoak ados zegoela.

Zehaztearren, uda ostean ELArekin ere hitz egin duzue?

Bai, noiz edo noiz bai.

Enpresariek intimidazioak jasan dituztela salatu duzue.

Enpresa batzuetan, onargarriak eta bidezkoak ez diren egoerak egon dira. Nire ustez, norbaitek jabetu behar du horrek ez duela ezertarako balio. Are gehiago, guztiz kaltegarria izan daitekeela negoziatzen jarraitzeko. Bere garaian, eta egoera ikusita, zalantza izan genuen ea hitz egiten jarraitu behar genuen, baina azkenean negoziazioari eustea erabaki genuen. Zorionez, badirudi asmatu egin genuela, baina intimidazioa eta indarkeria ezin dira onartu.

Ekintza bereziki larriren bat egon al zen?

Enpresa batzuek beste batzuk baino kalte handiagoak jasan zituzten. Baina batez ere automozio enpresak izan ziren kaltetuenak, eta Durangaldekoak. Liskar handienak bertan egon ziren.

Sindikatuek salatu zuten enpresa handiek negoziazioa baldintzatu zutela. Jarrera oso ezberdinak al zeuden FVEMen barruan?

Ez. Gehien eragin digun gauzetako bat intimidazioarengatik sufritzen ari ziren enpresen kexak ziren, eta interes handiagoz jarraitu nahi zuten hitzarmenaren negoziazioa. Euren eguneroko bizikidetzan eragiten zien. Hemen 900 enpresa daude, gehienak ertainak eta txikiak dira, eta guztien eskaerak asetzen saiatu gara.

Zer onartzea kostatu zaizue gehien?

Akordioa osotasun moduan ikusten dugu guk. Gauza batzuetan gehiago eman behar duzu amore, eta beste batzuetan, gutxiago. Gai eztabaidagarri batzuk egon dira; esaterako, subrogazioa, ABLEen erabilera...

Subrogazioa nola garatu da?

Kontratu publikoetara eta kontratu pribatuetako mantenura murrizten da. Modu errazean azaltze aldera, garbiketaren kontua bezalakoa da. Beste enpresa batek azpikontratu hori bere gain hartzen badu, aurrekoaren langileak mantendu behar ditu. Baldintza berdinetan.

Sindikatuek ABLEen inguruko eskaerak leundu zituzten. Orain ez dago erabilera mugarik.

Gai garrantzitsua da, muga batzuen barruan, noski. Enpresa batzuei ez die eragiten, eta beste batzuei asko, urtean zehar lan askoko lanaldi motzak izaten dituztelako, eta malgutasun hori izatea komeni zaielako. Enpresek hor arreta jartzeko eskatu ziguten.

Osasun arloari dagokionez, enpresa txikietan kanpoko eragile bat egotea adostu duzue.

Batzorde bat egongo da, arauak aplikatuko direla baieztatuko duena. Lan osasuna guretzat ere garrantzitsua da, badirudielako istripu bat dagoen bakoitzean patronala dela erruduna; batzuetan horrela izango da, baina beste batzuetan, ez. Guretzat garrantzitsua da, mundu guztiaren osasunarengatik, eta, ikuspuntu berekoi batetik, langileak osasuntsu egotea komeni zaigulako.

Langileen %17 baino ez dira emakumeak. Berdintasun planek ezinbestekoak dirudite.

Norbaitek emakumeak sektorera erakartzeko interesa badu, guk dugu. %17 zergatik? Nik uste dut arrazoi kulturalak handiak direla. Iruditzen zait ez direla asko bere etorkizuna industrian dagoela pentsatzen duten emakumeak, arrazoia edozein dela. Aurrejuzguak, agian? Industria lanbide oso femeninoa ez den uste orokor bat dagoela dirudi, eta ni ez naiz iritzi horretakoa.

Soldatak eguneratzeko akordioa lortzea zaila izan al da?

Ez oso. Hasieratik iruditu zitzaigun soldaten kontua ez zela izango oztopo nagusietako bat.

Zuk esana da soldatak eguneratzeko indizea produktibitateak izan behar duela, eta ez KPIak.

Tira, hori esaten dugu, baina azkenean KPIaren arabera ituntzen dugu. Sindikatuek nahiago dute KPIa; enpresariek, aldiz, produktibitatea, badirudielako produktibitateak gora egin ahala errazagoa dela ordaintzea.

Ez zineten ausartu hori mahai gainean jartzen?

Okurritu ere ez zitzaigun egin. Etorkizun gutxi izango zuen.

Metalgintzako akordioa Gipuzkoara eta Arabara zabal daitekeela uste al duzu?

Gure akordioa garrantzitsua da, Bizkaian metala oso garrantzitsua delako, baina badago harago doan zerbait: enpresek eta sindikatuek akordioak lortu ditzaketelako seinaleak bidaltzea berez da gustura egoteko arrazoia. Nik uste dut mesede egin diezaiokeela beste lurralde batzuetan gerta daitekeenari. Bizilagunak dira, badakite zer egin behar duten, baina egia da bidea marraztuta dagoela, eta erraztu dezakeela.

Martxoan utziko duzu kargua. Hartu zenuenean baino hobeto dago sektorea.

Ados nago. 2012an enpresa askok utzi zuten elkartea. Asko hobetu da hartaz geroztik. Oker ez banago, 2017a urte bikaina izan zen. 2018an indar pixka bat galdu genuen, baina sektorea eta federazioa hobeto daude. Karguan egon naizen zortzi urte hauei ginga jartzea izan da lan ituna.

Errekuperazioa arriskuan al dago 2020rako?

Zalantza asko daude, baina handienetako bat kendu dugu, hitzarmenarena. Ez dut uste 2020a urte txarra izango denik. Gihar pixka bat galtzen ari gara, baina, Txinak eta AEBek aberia handirik ez badute egiten, eta brexit-aren eragina handiegia ez bada, nik uste dut 2020a ere urte ona izan daitekeela. Ez aurreko batzuk bezain ona, baina bai nahiko ona.

Urte hasieran esan zenuten 1.500 lanpostu inguru sortzea espero zenutela.

Guk ditugun Gizarte Segurantzako azken afiliazio datuak duela bi hilabetekoak dira, eta orduan 900 lanpostu berri generamatzan. Uda ostean gehiago sortuak genituen, eta gutxi batzuk desagertu dira behin-behinekotasunaren eraginez. Iraila ez zen ona izan. Ezer arrarorik gertatu ezean, 1.500etik gertu ibiliko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.