Militarizazioaren «balioak»

Brasilgo presidente karguaren zina egin du Jair Bolsonarok, eta adierazi du «lotura ideologikoetatik» eta «sozialismotik» askatuko duela herrialdea. Ustelkeriaren aurkako borroka jarri du erdigunean

Jair Bolsonaro Brasilgo presidente berria, atzo, Planaltoko jauregiaren aurrean bildutako herritarren aurrean Brasilgo bandera bat astintzen. MARCELO SAYÃO / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Rolls Royce luxuzko etxearen auto batean iritsi zen Jair Bolsonaro Brasilgo Kongresuaren eraikinera, atzo Brasilian. Presidente karguaren zina egitekoa zen. Bidean, ezker-eskuin, milaka jarraitzaile zituen zain. Presidente berriaren jatorri militarra gogoan hartuz, «iritsi da kapitaina!» oihu egin zuten horietako batzuek. Joan den urriaren 28an hauteskundeak irabazi zituenetik, brasildar guztientzako gobernatuko duela esan eta esan ari da, ez duela bereizketarik egingo, baina izaera militar hori herrialdearen egunerokoan txertatzeko asmoa erakutsi zuen kanpainan. Atzoko zeremoniarako hartutako segurtasun neurri muturrekoek horren berri ematen dute —segurtasun indarretako 12.000 kide egon ziren —, eta gobernu berriko 22 ministroetatik zazpi, gutxienez, zerbaitegatik dira heziketa militarra jasotakoak. Eskuin muturreko presidenteak, baina, tonua apur bat baretu du azkenaldian —lehen, eskuetan metraileta bat izango balu bezala eta tiro egiten ari denaren keinuarekin agertzen zen argazkietan, eta, orain, aldiz, arropa zintzilikatzen—, eta atzo bakarrik esan zuen «ideologiaren lokarrietatik» askatu nahi duela herrialdea, ustelkeriaren eta delinkuentziaren aurka egingo duela, eta «balioak» sustatuko dituela; balio kontserbadoreak, «progresista» iruditzen zaion oro gorroto baitu.

Balio horiek sustatzen dituzte herrialdeko sektore kontserbadoreenek, eliteek, baita Eliza ebanjelikoak ere, eta, hain zuzen, horiek eraman dute boterera presidente misoginoa, homofoboa eta arrazista.

Bolsonarorentzat, sozialismoa da Brasilek azken urteotan pairatu duen atzeraldi ekonomikoaren erantzulea, eta hori izan zuen ahotan atzoko bigarren diskurtsoan, Planaltoko jauregian herritarren aurrean emandakoan. «Gaur da herria sozialismotik askatzen hasi den eguna». Ez zuen aipatu PT Langileen Alderdia, 2003 eta 2015 artean Brasilen agindu zuena, baina hari buruz ari zen. PTrekiko sentitzen duen ezinikusia nabarmendu zuen bere hitzekin: «Gure bandera inoiz gehiago ez da gorria izango». Presidente ultraeskuindarrak PTk txiroenen zein gutxiengoen alde martxan jarritako programa sozialak erauzi nahi ditu jokabide neoliberalen mesedetan, nahiz eta aipatu duen konstituzioaren «esklabo» izango dela.

Donald Trump parafraseatu zuen atzo, eta AEBetako presidentearen «America first» beharrean «Brasil edozeren gainetik» adierazi zuen. Harreman ona du Etxe Zuriko maizterrarekin, eta, diskurtsoen artean Twitterren idatzitako mezu batean azpimarratu zuenez, «elkarrekin» lan eginez «joritasuna» emango diete Brasilgo eta AEBetako herritarrei.

Txile, Bolivia, Honduras, Paraguai eta Uruguaiko presidenteek parte hartu zuten zeremonian—Kubakoa, Nikaraguakoa eta Venezuelakoa ez zituen gonbidatu, «diktadoreak» direla iritzita—, baita Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, eta Viktor Orban Hungariakoak. Horrek argi asko erakusten du zein bide ibili nahi duen Bolsonarok.

Semea, ikerketapean

Atzo egin bezala, ustelkeria Brasilgo instituzioetatik erauziko zuela zin egin zuen Bolsonarok kanpainan. Eta kontuan hartuta ustelkeriak Brasilgo politikagintza goitik behera zeharkatu duela azken urteotan, neurri batean promesa horrek berak eraman du presidentetzara. Hala ere, etxe barruan bertan eztanda egin dio ustelkeria kasu batek. Flavio Bolsonaro haren semeetako bat, joan den urrian PSL alderditik senatari aukeratutakoa, ikerketapean dago. COAF Brasilgo Finantza Jardueren Kontrolerako Kontseiluak joan den abendu hasieran zabaldutako informazioaren arabera, Flavio Bolsonarok 262.000 euroko zerga iruzurra egin zuen 2016 eta 2017 artean.

Luiz Inazio da Silva Lula 2003 eta 2010 artean Brasilgo presidente izandakoa, PTren liderra, ustelkeria eta diru garbiketa leporatuta ari da hamabi urteko kartzela zigorra betetzen, joan den apiriletik. Hauteskundeak irabazteko faborito argia zen, baina bigarren instantzian zigortua izan zenez, ez zuten aske utzi. Duela bi aste, ordea, Auzitegi Goreneko epaile batek kautelazko neurri bat hartu zuen, zeinaren arabera zigor bat ezarria izan daiteke helegiteen bidea guztiz agortua dagoenean soilik. Horri heldu zion PTk Lularen askatasuna eskatzeko, baina Jose Antonio Dias Toffoli Goreneko presidenteak bertan behera utzi zuen neurria hurrengo egunean, eta Bolsonarok zoriondu egin zuen.

Horrekin guztiarekin lotuta, Fernando Haddad azkeneko bozetan PTren hautagaia izan zena joan den azaroaren 20an auzipetu zuten, ustelkeriagatik. Eta Michel Temer ere, azken bi urteotan Brasilgo presidentea izan dena, atzo Bolsonarori lekukoa eman ziona, ikerketapean dago arrazoi beragatik, eta, behin forudun izateari utzita, auzipetua izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.