Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa

Biolentzia azaltzeko saiakera

Millo Espainiako Gobernuak Katalunian zuen ordezkariak esan du «giro gatazkatsua» nagusitu zela Katalunian 2017ko irailean. Perez de los Cobos poliziak Trapero mossoen maiorra jarri du jopuntuan

Enric Millo Espainiako Gobernuak Katalunian zuen ordezkaria, atzo, Espainiako Auzitegi Gorenean lekuko gisa deklaratzen. EFE.
Igor Susaeta.
2019ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Gertatutakoa kontatu zuten nazioarteko hedabideek azpimarratu zutenez, Espainiako segurtasun indarren agenteek modu biolentoan egin zuten herritarren aurka, 2017ko urriaren 1eko erreferendumean. Hor daude oldarraldien irudiak, hor dago zauritu kopurua. Baina egun hartako polizia operatiboarekin zerikusi zuzena eduki zutenek kontrakoa diote. Enric Millo Espainiako Gobernuaren Kataluniako ordezkaria zenak eta Diego Perez de los Cobos operatiboa koordinatu zuen guardia zibilak lekuko gisa deklaratu zuten, atzo, Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketan, Auzitegi Gorenean, eta herritarren aldetik biolentzia egon zela azaltzeko saiakera izan zen biena. Badakite akusatuak matxinadagatik zigortzeko beharrezkoa dela biolentzia egon dela frogatzea. Bide batez, Juan Ignacio Zoido Barne ministroak ostegunean egin bezala, eta Jose Antonio Nieto haren bigarrenak herenegun, Mossos d'Esquadraren «pasibotasuna» salatu zuten.

Fiskalak biolentziaren erabileraz egindako kontakizuna goitik behera babestu zuen Millok. Haren esanetan, «giro gatazkatsu bat» nagusitu zen Katalunian 2017ko irailean. «Jazarpen kasu asko» egon zirela nabarmendu zuen — «100-150 ekintza biolento zenbatu nituen hainbat udalerritan»—. Defentsen abokatuek horiei buruzko informazio gehiago eduki nahi izan zutenean, adierazi zuen ahoz eman ziotela gertaera horien berri, ez idatziz. Xavier Melero legelariak galdetu zion ea U-1ean soilik bost atxilotu egotea bat zetorren atzo emandako lekukotzan deskribatutako giroarekin. «Hori mossoei galdetu beharko zenieke», erantzun zion Millok.

Eta Zoidok eta Nietok bezala, jopuntuan jarri zuen Kataluniako Polizia autonomikoa. «Profesionaltasunaren ildoa gailendu beharrean, ildo politikoa gailendu zen mossoetan». Madrilek Katalunian zuen ordezkaria zenarentzat, ez zuten bete Kataluniako Auzitegi Nagusiak erreferenduma eragozteko emandako agindua.

U-1eko gertakariei helduz, Milloren esanetan herritarrez osatutako «giza harresiekin» topo egin zuten poliziek. Haiek «legearekin bat eginez, proportzionaltasunez eta profesionaltasunez» jokatu zutela adierazi zuen, atzo. 2017ko urriaren 6an egindako adierazpenetan Generalitatearen jarrera kritikatu zuen, baina galdeketa eguneko indarkeria zela-eta barkamena eskatu zuen.

Biolentzia justifikatzeko baliatu zuen, atzo, agenteetako batek kontatu ziona. «Agente batek azaldu zidanez, Fairy xaboia isuri zuten hauteslekuen sarreretan, erori eta buruan ostikoak jotzeko».

Milloren hitzen harira mintzatu zen, atzo, Elsa Artadi Generalitateko bozeramailea, eta Madrilen ordezkari ohiari «erridikulua» egitea leporatu zion. «Biolentzia bakarra hori da [poliziena]. Hori epaitzen egon beharko zuten».

Lekukotza oso luzeak

Luze jo zuen Milloren deklarazioak —lau ordu pasatxo, goizean—, eta Perez de los Cobosekin gaur jarraituko dute. Hiru bat orduz aritu zen deklaratzen Guardia Zibileko koronela, 20:30 arte, harik eta Manuel Marchena epaimahaiburuak saioa etetea erabaki zuen arte. Berez, ordu erdiko tartea aurreikusita zeukan lekuko bakoitzarentzat...

Perez de los Cobosek behin baino gehiagotan azpimarratu nahi izan zuen hasieratik eduki zuela harreman «zaila» Josep Lluis Trapero mossoen maiorrarekin. Kataluniako Auzitegi Nagusiak galdeketa eragozteko emandako agindua izan zuen gogoan.Horren arabera, erreferenduma eragotzi behar zen, baina «herritarren elkarbizitza normalari eragin gabe». Perez de los Cobosen esanetan, Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetuak hori aipatu zuen U-1eko dispositiboa diseinatzeko hiru egun lehenago egindako batzarrean. «Puigdemonti esan nion ez zezala substantiboa adjektiboarekin nahastu. Tematuta zegoen magistratuak [Mercedes Armas] elkarbizitzaz esandakoekin». Guardia Zibilarentzat, poliziek «gogortasun handiari» egin behar izan zioten aurre, hauteslekuetara heltzeko. «Jende multzoak zeuden, indar fisikoa erabiliz agenteei sarrera eragotzi nahi zietenak». Hori bai, esan zuen polizien jokabidea «guztiz fina» eta «neurritsua» izan zela. Consuelo Madrigal fiskalak galdetu zion ea zergatik eten zituzten oldarraldiak arratsaldean. «Goizean baino polizia oldarraldi gutxiago izan ziren arratsaldean, baina hori planeatuta zegoen. [...].Inork ez zigun agindurik eman». Haren ustez, «etsaikeria» giroak «ziztu bizian» egin zuen gora irailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.