Bozen atariko odoltsua

Talibanek gutxienez 48 lagun hil dituzte Afganistanen, bi atentatutan. Gani presidenteak mitin bat eman behar zuen gunetik gertu egin dute erasoetako bat. 28rako daude deituta hauteskundeak

Polizia bat auto suntsitu baten ondoan, atzo, Txarikar hirian. Kartelekoa Amrullah Saleh da, Ganirekin presideorde izateko hautagaia. HEDAYATULLAH AMID / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Iazko urrian abiatutako bideari jarraituz, talibanak eta AEBak bake akordio baterako zirriborro bat negoziatzen ari ziren abuztuko aurreneko egunetan, 2001az geroztik luzatutako gerra amaitzeko. Bi aldeek adierazten zuten, gainera, elkarrizketak ondo zihoazela. Baina su-etenik ez zegoen adostuta, eta, horrenbestez, muturreko islamistek abuztuaren 6an iragarri zuten boikotatu egingo zituztela Afganistanen irailaren 28rako deitutako presidentetzarako hauteskunde «faltsuak», iritzita «atzerritarrek» antolatzen eta finantzatzen dituztela. Herritarrei ohartarazi zieten hautagaien mitinak haien «helburuak» izan zitezkeela, eta, beraz, mitin horietan ez parte hartzeko gomendatu zieten.

Bi aldeek akordioaren zirriborro bat adostu eta zenbait egun geroago, joan den irailaren 8an, Donald Trump AEBetako presidenteak bertan behera utzi zituen negoziazioak —halere, ez dago argi elkarrizketekin jarraituko duten ala ez—, eta bozetarako hautagaiak kanpaina egiten hasi ziren. Atzo, talibanek eraso egin zioten Axraf Ganiren kanpaina ekitaldi bati. Atentatu bat egin zuten Txarikar hirian, Kabul hiriburuaren iparraldean, herrialdeko presidenteak mitin bat eman behar zuen gunetik gertu. Afganistango Barne Ministerioko bozeramaile Nasrat Rahimik azaldu zuen erasoan 26 lagun hil zirela gutxienez, eta 42 zauritu. Ordu batzuk geroago, talibanek beste atentatu bat egin zuten hiriburuan, Defentsa Ministerioaren egoitzaren ondoan, AEBetako enbaxadatik 300 bat metrora, eta gutxienez 22 pertsona hil eta 38 zauritu zituzten. Ganik Twitter bidez erreakzionatu zuen, eta talibanei «etsai koldarra» izatea egotzi zien zibilei eraso egiteagatik.

Erasoak gertatu eta gutxira, Zabihullah Mujahid muturreko islamisten bozeramaileak atentatuen egiletza baieztatu zuen, komunikatu baten bidez. Nabarmendu zuen, gainera, herritarrak «abisatuta» zeudela. «Ez parte hartu administrazio txotxongiloaren hauteskunde ekitaldietan, horiek guztiak gure helburu militarrak dira eta. Ohartarazita ere norbait zauritu badute, haiena da errua».

Talibanak Ganiren ekitaldia boikotatzen ahalegindu ziren, baina, atentatu bat jasan arren, presidenteak ez zuen mitina bertan behera utzi. «Normaltasunez egin da», azpimarratu zuen presidentearen kanpaina taldeko kide batek. «Kide guztiak, Gani presidentea barne, ondo daude».

Beste hamasei hautagairekin lehiatuko da Gani, 2014ko irailean izendatutakoa, hamar egun barru egingo dituzten bozetan. Abdullah Abdullah azken bost urteotan gobernuburu izandakoa izango da presidentearen kontrario nagusietako bat.

Berez, aurtengo apirilaren 20an ziren hauteskundeak; horixe jakinarazi zuen Hauteskunde Batzordeak iazko uztailean. Baina batzordeak argudiatu zuen «arazo tekniko batzuk» konpondu behar zituztela, «gardentasuna» bermatzearren, eta eguna bi aldiz atzeratu du. Joan den abenduan, uztailerako deitu zituen; baina martxoan, azkenean, irailaren 28ko data ezarri zuen. Iazko urrian parlamenturako hauteskundeak egin zituzten Afganistanen, eta iruzur salaketak ugariak izan ziren.

Azkenean, halere, hamar egun barru dira egitekoak, talibanen mehatxua argia den arren, atzo ikusi zen moduan. Ganiren aurkako atentatuan, Txarikarreko Poliziak argitu zuen moto baten gainean zihoan pertsona batek bere burua leherrarazi zuela, eta eztanda horrek eragin zituela hildakoak. Kabulgo erasoa ere taliban batek bere burua leherrarazita gertatu zen.

Mitinen, manifestazioen eta hauteslekuen kontrako atentatuak egiteko asmoa adierazi dute talibanek. Ez dira izango Afganistanen biolentziak baldintzatuta egingo dituzten aurreneko hauteskundeak, baina oraingoan agintariek segurtasun neurriak areagotu dituzte.

Bai Zalmay Khalilzad AEBen Afganistanerako ordezkari bereziak —negoziazioak bertatik bertara jarraitu ditu—, bai beste presidentegai batzuek ere, denek esan dute herrialdea behin-behineko administrazio batek zuzentzea izango zela egokiena, bake akordio bat ezarri bitartean.

Gani ez dago ados. Gainera, ezin izan du AEBen eta talibanen arteko negoziazioetan parte hartu. Muturreko islamistek Ganirekin esertzeari uko egiten diote, uste baitute AEBen«gobernu txotxongilo bat» zuzentzen duela.

Hilaren hasieran, itunaren zirriborroaren berri eman zuten bi aldeek. Horren arabera, AEBetako tropak Afganistandik aterako dira, talibanek bermatzen baldin badute herrialdea «terroristen» babesleku bat ez bihurtzea. Ganik xehetasun gehiago eskatu zituen, eta Trumpek, bestalde, bertan behera utzi zituen negoziazioak, aitzakia gisa esanda talibanek AEBetako soldadu bat hil zutela.

Unama Nazio Batuen Erakundeak 2009tik Afganistanen duen misioak joan den uztailean emandako datuen arabera, aurtengo lehen sei hilabeteetan Kabulgo indarrek eta atzerriko tropek 717 zibil hil zituzten, eta talibanek, 531.

Hildakoak abuztuan

BBC hedabideak egindako zenbaketa baten arabera, joan den abuztuan batez beste 74 pertsona hil zituzten egunero Afganistanen—gehienak soldaduak eta talibanak ziren—. Afganistango Gobernuak eta talibanek zalantzan jarri dituzte zenbaki horiek. Egunik odoltsuena abuztuaren 18a izan zen: 112 hildako.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.