Herri mugimenduak okupatua

Errekaleorreko egitasmoak milaka pertsonaren babesa jaso du, manifestazio koloretsu batean

Errekaleor auzo okupatuaren aldeko manifestazio zutabeek Gasteizko hainbat kale zeharkatu zitzuten, atzo. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2017ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Errekaleor berriz okupatu dute. 2013an egin zuen lehenengoz gazte talde batek. Orduan, Euskal Herriko proiektu autogestionatu handienetako baten hazia erein zuten. Herri mugimenduak okupatu zuen atzo, orduan ereindako proiektua babesteko. Antolatzaileen arabera, 10.000 pertsonak egin zuten Gasteizko hirigunetik urtetan bakartua egon den auzo horretara arteko bidea. Milaka pertsonak okupatu zuten auzoa, manifestazioaren leloa babestuz: Guk argi daukagu, herria bizirik, Errekaleor defenda dezagun.

Ezohiko bidea egin zuen manifestazioak. Andre Maria Zuriaren plazan hasi zen; hain zuzen ere, mobilizazioak amaitu ohi diren lekuan. Atzokoan, ordea, Gasteizko hirigunea Errekaleorren aldeko ekinbide guztien topalekua baino ez zen izan. Gero, guztiek batera, auzo okupatura arteko bidea egin zuten. Hala, manifestazioa hasi baino ordu batzuk lehenago, hamaika herri mugimenduk eta gizabanakok hasia zuten haien aldarrikapena beste leku batzuetan. Hiriko hainbat txokotatik ateratako zutabeek irudikatu zuten hori.

Zutabeak bainoago, manifestazioak izan ziren Gasteizko bazterretatik atera zirenak, Andre Maria Zuriaren plazara iristeko. Langileen zutabea izan zen lehena ateratzen. Babesgabetasunaren aurka, justizia zen pankartako leloa, 1976ko martxoaren 3an hildako langileak gogora ekarriz. Bilbo plazan, Lurra bizirik lelodun pankarta zabaldu zuen lurraren defentsaren aldeko zutabeak. Herria pizteko, gazte boterea zen gazteen zutabearena. Horrela, aldarrikapenak gehituz elkartu zen Errekaleorrera arteko bidea egin zuen jendetza.

Zenbakiek ezin dute islatu Gasteizko kaleetan bizi izan zena. Bost eta erdietarako, Andre Maria Zuriaren plaza hamaika kolorerekin jantzita zegoen: mugimendu feministaren morea, zutabe libertarioaren gorria eta beltza... Horiek guztiek uholde koloretsua osatu zuten, Errekaleorrerako bidean. Pankarta bera zen aniztasun horren isla: auzo okupatuko kideek ez baizik herri mugimenduko ordezkariek eraman zuten hasierako pankarta.

«Okupazioa», «Errekaleor bizirik», «Hau da herri boterea», «Errekaleor, jo eta eman gogor»... Bildutakoek etengabe oihukatu zituzten auzo proiektu autogestionatuaren aldeko aldarriak. Ez zen erronka makala izan. Hiru kilometroko bidea egin zuten Gasteizko hirigunetik auzo okupatura heldu arte, ia bi ordu eta erdian. Bidean lagun izan zuten manifestazioari bide egiten zioten joaldunen soinua, baita musika ere.

«Utopia eraiki»

Errekaleor auzoko errepide bakarra txiki geratu zen jendea heldu ahala. Orduan ezagutu zuten askok auzo okupatua. «Gaur, hemen, Errekaleor auzoan, 2013an amestutako utopia hori eraikitzen ari gara», gogorarazi zuen Errekaleor Bizirik-eko kide batek amaierako ekitaldian. Aurreko bidea ahaztu gabe, auzoak aurrera begirako hamaika proiektu dituela gaineratu zuen. Horien artean, energetikoki buruaskia izatea «gertu» dutela nabarmendu zuen.

Etorkizuneko asmo horiek lortzeko «amesten» jarraitzeko eskatu zien Errekaleor Bizirik-ek atzo bertan bildu ziren pertsona guztiei. Halaber, lan hori ez zailtzeko eskatu zioten Gorka Urtaran Gasteizko alkateari. «Atzoko eszeptikoak isildu genituen moduan, gaur Errekaleorren suntsipenaz hitz egiten dutenak ere isilduko ditugu», azpimarratu zuen.

Ekitaldia amaitzean musikak hartu zuen txanda. Berri Txarrak taldearen musikak hartu zuen auzoa. Hasierako oihuak dantza bihurtu ziren, baina aldarrikapena ez zen gelditu, eta 2013an hasitako proiektuari emandako bultzada ere ez: bertako bizilagunek egunez egun irudikatzen duten auzo eredua babesteko, bertan bizi diren 150 pertsona horiena ez ezik, Errekaleor herri mugimenduarena dela aldarrikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.