Eztabaida gogorra aurretik

'Brexit'-aren bigarren atzerapena negoziatuko dute gaur estatu kideek. Tusk Europar Kontseiluko presidenteak urtebetekoa proposatu du. Gobernuak eta laboristek bihar jarraituko dute hizketan

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, atzo, Berlinen, bien arteko bilera hasi aurretik. CLEMENS BILAN / EFE.
ander perez zala
2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Gaurko Europar Kontseiluaren ezohiko bilerarako gonbita helarazteko eskutitzean, Donald Tusk Europar Kontseiluaren presidenteak argi utzi die 27 estatu kideetako estatuburu eta gobernuburuei bere jarrera: Erresuma Batuaren eskariari baiezkoa eman behar diote, baina oraingoan brexit-aren atzerapenak luzeagoa izan behar du, «gehienez urtebetekoa». Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak Tuski irteera data bigarrenez atzeratzeko eskaria helarazi zionean, «luzapen malgu baten» kontzeptuak indarra hartu zuen, eta Europar Kontseiluko presidenteak atzo baieztatu zuen hori dela haren formula gustukoena: 2020ko apirilaren 12a baino lehen Komunen Ganberak onartuko balu brexit-erako akordioa, Erresuma Batua berehala aterako litzateke Europako Batasunetik (EB), eta ez luke zertan bete urtebeteko epe berri hori.

Proposamen hori izango da gaurko eztabaidaren oinarria. Europar Kontseiluak ezohiko goi bilera du 18:00etatik aurrera, eta han eztabaidatuko dute Mayren eskaria: brexit-a ekainaren 30era atzeratzea. Egunotako adierazpenek eta Tusken atzoko eskutitzak, baina, beste norabide bat iradoki dute: oraingoan bai, 27 estatuburu eta gobernuburuek atzerapen luzeago bat eskainiko diotela Erresuma Batuko lehen ministroari. Ikusteko dago, ordea, luzapen hori zenbatekoa izango den, batzuek urte amaierara artekoa nahi dutelako, eta beste batzuek, hamabi hilabetekoa.

Gaur-gaurkoz, honako egoera honetan dago brexit-a: May behartuta dago gaurko goi bileratik aterako den proposamena onartzera, Erresuma Batuko Parlamentuak atzoko ordu txikietan onartu baitzuen akordiorik eza eragozteko eta, beraz, irteera data atzeratzeko lege proposamena. Eta, beste aldean, EBk Erresuma Batuko Gobernuaren eta oposizioko Alderdi Laboristaren arteko negoziazioetan jarriko du egoera bideratzeko geratzen zaion itxaropena, nahiz eta laboristek ez duten baikortasun handirik transmititu —bihar jarraituko dute negoziazioek—. Halere, laboristek ekainaren 30az haratago doan atzerapen «sinesgarri bat» babestuko lukete, Matthew Pennycook alderdiko kideak atzo adierazi zuenez.

Bigarren atzerapenak, bada, baldintza batzuk izango ditu, eta atzo Tuskek esandakoaren arabera eta gaurko goi bileraren ondorioen zirriborroan adosturikoaren arabera, honako hauek izango dira: soilik etorkizuneko harremanari buruzko Deklarazio Politikoa negoziatu ahalko luketela berriz —gobernuaren eta laboristen arteko elkarrizketen emaitzak hor sartuko lirateke—; Londresek ez luke EBren lana oztopatu behar, aurrerantzean ere estatu kide izango litzatekeelako; eta Erresuma Batuak parte hartu beharko lukeela maiatzaren 23a eta 26a bitartean egitekoak diren Europako Parlamenturako bozetan, bere parlamentuak ez badu akordioa maiatzaren 22rako onartzen.

Horrez gain, gaurko ondorioen zirriborroan beste ideia bat txertatu zuten, martxoaren 21ekoei konparatuz gero: brexit-a gelditzeko aukera aipatzen du testuak, Tuskek atzoko eskutitzean egin bezala: «Edozein unetan, Erresuma Batuak [Lisboako Ituneko] 50. artikulua eten dezake, Europako Justizia Auzitegiak adierazi bezala».

Herrialdeen jarrerak

Frantzia, Espainia eta Austria dira atzerapen luze bat eszeptizismo handiz ikusten duten herrialdeetako batzuk, eta, beraz, ez dira Tusken urtebeteko proposamenaren alde agertuko. Izan ere, kezka eragin du Jacob Rees-Mogg diputatu kontserbadore euroeszeptikoaren asteotako esan batek: «Atzerapen luze bat onartuko balitz, Erresuma Batuak EBren lana aztoratu beharko luke barrutik». Alemaniak, aldiz, jarrera malguagoa du, eta urtebetekoaren alde agertuko da.

Horri begira, May Alemaniako kantziler Angela Merkelekin eta Frantziako presidente Emmanuel Macronekin batzartu zen atzo, baina bi bilera horietako xehetasunei buruzko informaziorik ez zuten eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.