NBEk ohartarazi du Myanmar ustez «gerra krimenak» egiten ari dela berriro ere

Lee Yanghee erakundeko giza eskubideen adituak eskatu du ikerketa bat abiatzeko : «Armada sufrimendu handia eragiten ari da komunitate etnikoetan»

Polizia bat Rakhine eskualdeko herri batean, artxiboko irudi batean. NYEIN CHAN NAING / EFE.
ander perez zala
2020ko apirilaren 30a
00:00
Entzun

Nazio Batuen Erakundea (NBE) Myanmarrera begira jarri da berriz ere, gutxiengo etnikoen egoeraz ohartarazteko. Ez da lehen aldia herrialde horretako gobernuaren eta armadaren jarrera ikerketa baten erdigunean jartzen duela, baina, oraingoan, Lee Yanghee erakundearen giza eskubideen aditu eta Myanmarrerako kontalariak jakitera eman du herrialde horretako militarrak berriro ere delituak egiten ari direla Rakhune eta Chin eskualdeetan. Zehazki, Leek «gerra krimen posibleez eta gizateriaren kontrako delituez» ohartarazi zuen atzo ezagutarazitako ohar batean.

Eskualde horietan armadak rohingyak izaten ditu jomugan, baina asteotan, Leeren arabera, gutxiengo etniko guztien kontra ari da: «Armada sufrimendu handia eragiten ari da gutxiengo etnikoetan. Mundua COVID-19 pandemiarekin okupatuta dagoen bitartean, Myanmarko armadak Rhakine eskualdeko erasoaldia handitzen segitzen du, zibilak helburu bilakatuz». Testuinguru horretan, NBEren adituak dei egin zuen ikerketa bat abiatzera, «2017ko huts egiteak ez errepikatzeko»; urte hartako abuztuan, rohingyen aurka izandako jarreragatik —700.000k ihes egin behar izan zuten—, nazioarteko erakundeak genozidioa egotzi zion, eta Gambiak auzitara eraman zuen herrialdea, gehiengo musulmana duten 56 estaturen izenean.

Horren harira, Nazioarteko Justizia Auzitegiak kautela neurriak hartzea erabaki zuen iragan urtarrilean, eta Myanmarri agindu zion neurriak har zitzala gutxiengo musulmana genozidiotik babesteko. Abdulqawi Ahmed Yusuf auzitegiko presidenteak adierazi zuenez, rohingyak «genozidioa jasateko arrisku larrian» daude. Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridun eta herrialde horretako «itzaleko presidenteak» epaileei egotzi zien «sostengurik gabeko kontaketa bat» sortu izana, iheslariek kontakizuna «puztu» zutelakoan.

NBEren kontalariaren arabera, Aung San Suu Kyi buru duen gobernuak ez ditu kautela neurri horiek bete, eta rohingyen eta gainontzeko gutxiengo etnikoen aurkako jazarpenari eutsi dio, ez diotelako aurre egin behar izan «euren ardurari».

Koronabirusak sorturiko osasun larrialdia dela eta, NBEk eta nazioarteko hainbat erakundek su-etenerako deia egin dute Rakhune eskualderako, baina Myanmarko armadak Arakan Armada taldearen aurka segitzen du borrokan; Arakan Armadak autonomia handiagoa nahi du bere eremurako, eta independentziaren aldeko jarrera ere erakutsi du.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.