Mandataria errenditu zaio

Trumpek bazekien Wikileaksek Alderdi Demokrataren mezu elektronikoak filtratuko zituela, haren abokatu ohiak dioenez. Errusiarekiko harremanaz, Cohenek esan du ez duela «zuzeneko frogarik»

ander perez zala
2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Oraingoan, bai. Hala dio, behintzat. Oraingoan egia esan omen du Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Kongresuan Michael Cohenek, hamar urtez Donald Trump herrialdeko presidentearen abokatu eta hori baino gehiago izan zenak. Eta haren buruzagi ohia ez du toki onean utzi mandataria zenak: Cohenen arabera, Trumpek bazekien Wikileaksek, sekretupeko dokumentuak sareratzen dituen guneak, argitara aterako zituela Alderdi Demokratari lapurturiko mezu elektronikoak. «Hemen nago, zinpean, esandakoa zuzentzeko, eta amerikar herriari eskaintzeko Trump presidenteari buruz dakidana», adierazi zuen atzo abokatuak. Iazko azaroaren 29an aitortu zuen gezurra esan ziola atzo parean zuen batzorde berari, eta hori zuzentzeko asmoz zegoela Kongresuan; bi deklarazio horien artean, abenduaren 12an, hiru urteko espetxe zigorra jarri zioten, Trumpek bi emakumerekin izandako harremana isilean gorde zuelako 2016ko presidentetzarako bozen kanpainak iraun bitartean —maiatzaren 6an sartuko da kartzelan—.

Berebiziko deklarazioa zen atzokoa Cohenentzat, eta haren keinuetan sumatu zen hori. Urduri zegoen, deseroso, eta sentimendu bati eusten ari zitzaion; horren adierazle, eskuko behatzak korapilatuta zituela, eta behatz potolo bat noizbehinka mugitzen zuela, ezin kontrola harturik. Izan ere, Kongresuan egindako lehen deklarazioan gezurra esan izana —«Trump defendatzeko izan zen»— pisu handiegia zen harentzat: «Konturatu naiz zuetako askok [batzordeko kideek] ezbaian jarriko duzuela, eta eraso egingo diozuela nire sinesgarritasunari. Horregatik gehitu dizkiot nire deklarazioari esango dudana frogatzen duten dokumentuak».

Trumpek Coheni idatzitako txeke baten kopia bat, frogatzen duena dirua itzuli ziola, abokatuak bi emakumerekin izandako sexu harremanak isilarazteko beharrezko ordainketak egin zituelako; Trumpek ikasi zuen eskola eta lizeoetara bidalitako mezuen kopiak, AEBetako presidentearen nota publiko ez egiteko mehatxua eginez; eta beste hainbat gertakari frogatzen dituzten hainbat dokumentu helarazi zizkion atzo Cohenek Kongresuko batzordeari, esandakoa frogatzeko, sinesgarritasuna berreskuratzeko. «Hamar urte baino gehiagoz egin dut lan harekin. Oso ondo ezagutzen dut: Trump arrazista da, iruzurgilea eta gezurtia».

Galderei erantzun aurreko deklarazioan eman zuen ia xehetasun guztien berri Cohenek: «Askok galdetu didate Trumpek aurrez ba ote zekien Batzorde Demokratiko Nazionalaren posta elektronikoak publiko egingo zituztela. Erantzuna baiezkoa da». Abokatuaren arabera, AEBetako presidenteak 2016ko uztailean jakin zuen hori, garai hartan haren aholkulari zen Roger Stonen bitartez; aholkulariak hori jakinarazi zion unean, Trump eta Cohen gela berean zeuden, eta Stoneren deia ozen entzuteko moduan jarri zuen: «Hori ez al litzateke ona izango?», erantzun omen zion AEBetako presidenteak.

Ordainketak

Abokatuak xehetasun guztiekin azaldu zuen Trumpek eskatu ziona: «Eskatu zidan harremana izan zuen helduen filmen izar bati ordaintzeko, eta haren emazteari gezurra esateko». Stephanie Clifford aktore pornoaz ari zen Cohen; 114.000 euro ordaindu zizkion AEBetako presidentearen aginduz, elkarrekin izandako sexu harremanak ez azaleratzearen truke. «Hor duzue diru transferentziaren kopia bat», gehitu zuen atzo abokatuak.

Ez hori bakarrik. Cohenen arabera, 2017an, Trump presidente zela, 30.800 euroko txeke bat jaso zuen haren partetik, sexu harremanen azaleratzeak eragozten jarraitzeko. Are: «Urte horretan 11 txeke sinatu zituen». Trumpen 2016ko hauteskunde kanpainaren eta Errusiaren arteko ustezko harremanaz, adierazi zuen ez duela «zuzeneko frogarik», baina badituela «susmoak».

AEBetako presidenteak Twitter sare sozialaren bidez eman zuen haren iritziaren berri, Vietnamen baitago goi bilera batean: «Gezurra esaten ari da, espetxe zigorra jaisteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.