Sendotasuna da bidea

Osasunak defentsako lan onari heldu dio Lehen Mailarako itzuleran. Itxura sendoa eman du lehen bi partidetan, eta ez diote golik sartu. Ildo horri eusten saiatuko da gaur, Bartzelonaren aurka. Zaila da erronka.

Pervis Estupiñan, Fabian Orellanari baloia kendu nahian, joan den larunbatean Sadarren jokatutako derbian. JESUS DIGES / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Behar bezala ekin dio Osasunak gorengo mailan irauteko erronkari. Lau puntu ditu jada zakuan, Leganesen zelaian irabazi eta Sadarren Eibarrekin berdindu ostean. Badu meritua liga hasiera horrek, igo berrien artean galdu ez duen bakarra baita. Erasoan distira falta izan zaio; iragan sasoian bere ezaugarririk behinena izan zen hori. Oraindik, bistan da, egokitu beharra du eliteko erritmo bizi-bizira. Edonola, erakutsi du dagoeneko gai dela onenekin lehiatzeko. Batik bat, defentsan oso sendo aritu delako. Ez diote golik sartu, eta, horri esker, puntu oso baliotsuak lortu ditu bi aurkari zuzenen kontra.

Jagoba Arrasatek pragmatismoari heldu dio: Lehen Mailako jokoari neurria hartu bitartean sendotasuna lehenestea deliberatu du. Iritsiko da joko landu eta ikusgarriagoa egiteko garaia. Liga hasi besterik egin ez den honetan, lehiatzea eta pixkanaka puntuak batuz joatea da garrantzitsuena, gerora, erasoko jokoa fintzeko tenorea iristen denean, nahikoa segurtasun eta konfiantza edukitzeko. Arrakasta behetik gora eraikitzen hasi dira gorritxoak, aurrena zimenduei erreparatuz. Eta, oraingoz, apenas izan duten pitzadurarik. Apur bat sufritu zuten Leganesen (Espainia), eta VARari eta Rubenen geldiketa erabakigarriei esker irabazi zuen. Azken lehian, berriz, Eibarri ez zioten behin ere atera jaurtitzen utzi.

Hala, Osasunaren defentsako sistemak zalantza guztiak uxatu ditu. Hutsune garrantzitsuak izan ditu lehen bi norgehiagoketan, baina, piezaz aldatuta ere, makineriak bikain lan egiten jarraitu du. Aridanek kolpea eman du mahai gainean. Unai Garcia luzerako min hartuta egonik, eta Raul Navas eta Roncaglia oraindik egokitu beharrean direla, aurrerapauso bat eman du Aridanek. Kritika ugari jaso du azken bi denboraldietan; besteak beste, zelaian arretari eusteko izandako arazoengatik. Ordezkoa zen Bigarren Mailan, baina, orain, Lehen Mailan, titular izateko gauza dela ari da erakusten. Erakustaldia egin zuen Eibarren aurka, gorritxoen areara iritsi ziren erdiraketa gehienak nagusitasunez urrunduta.

Harekin batera, David Garciak, Nacho Vidalek eta Pervis Estupiñanek osatu dute Osasunaren atzeko lerroa. Ezker hegaleko ekuadortarrak oso itxura hauskorra eman zuen Leganesen aurka, erasoan agerraldi onen bat egin arren. Eta Eibarren kontra, alderantziz: hobera egin zuen defentsan, baina apenas egin zuen aurrerantz. Patxada apur bat behar du. Jon Moncayolak jada baduen hori. Harrobiko jokalaria euskarrian aritu da aurreneko bi partidetan, eraiste lanen ardura hartuta. Estreinakoan, Darko Brasanac eta Oier Sanjurjo izan zituen alboan, eta, Eibarren aurka, serbiarrarekin batera jardun zuen zelai erdian, min hartutako kapitainaren tokian. Bada, 21 urte izanagatik, beterano baten sosegua erakutsi du bi neurketetan.

Iraganaren ispilua

Joan zen sasoiko boladari ari zaio eusten Osasuna: 35 gol besterik ez zizkioten sartu 42 partidatan, eta hemeretzi aldiz utzi zuen bere atea hutsean; neurketen %45ean. Kasik ezinezkoa izango da halakorik errepikatzea, areago Lehen Mailan. Ispilu hobea da 2016-17ko denboraldia, elitean jokatu zuen azkena. Gorritxoek maila galdu zuten, defentsan kalbario handia jasanda: 94 gol jaso zituzten, ia 2,5 lehiako. Bitan baino ez ziren gauza izan atea hutsean uzteko. Bada, Arrasateren taldeak bi norgehiagoka besterik ez du behar izan marka hori berdintzeko.

Proba gogorra izango du harresi gorritxoak gaur, Bartzelonaren aurka. Katalanek Lionel Messi eta Luis Suarez falta dituzte. Zernahi ere, badute nahikoa dinamita, azken partidan erakutsi zutenez: 5-2 irabazi zioten Betisi.

OSASUNA-BARTZELONA

Osasuna. Ruben; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Estupiñan; Oier, Fran Merida; Torres, Brasanac, Rober Ibañez; eta Chimy Avila.

Bartzelona. Ter Stegen; Semedo, Pique, Lenglet, Alba; Busquets, De

Jong, Sergi Roberto; Rafinha, Griezmann eta Carles Perez.

Epailea. Martinez Munuera.

Lekua. Sadar (18.375 ikusle).

Ordua. 17:00etan (Mov. La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.