Philippe Vangeel. Avere

«Auto elektrikoek hiru urtean iritsiko dute prezio parekotasuna»

Gaur bukatuko da Go Mobility azoka Ficoba erakustazokan, 800dik gora profesional bertaratuta; horietako batzuk inbertitzeko asmoz datozenak, gainera. Avereko buruak elkarlanari buruzko hitzaldia eman zuen atzo.

BERRIA.
Irune Lasa.
Irun
2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Philippe Vangeel ingeniari flandiarra idazkari nagusia da Avere Elektromugikortasunerako Europako Elkartean, zeinak helburu dituen mugikortasun elektrikoaren inguruko industria sendoa, hiri garbiagoak, mugikortasun efizienteagoa eta erregai fosilekiko menpekotasunaren murrizketa. Vangeel hizlari jardun da Go Mobility azokan.

Lehen galdera zaila da, agian: elektrikoa da zure autoa? Noiztik?

Bai. Orain dela bi urte eta erdi erosi nuen.

Zergatik orduan eta ez lehenago?

Aurretik ere banuen auto elektriko bat erosteko interesa, baina eskaintza handiagoaren falta sumatzen nuen. Hori nabarmen aldatuko da orain. Ni, azkenean, oso pozik nago egindako aukerarekin, nire berlina elektrikoarekin. Bidaiatu nuen azken aldian beste auto bat utzi zidaten, gasolinarekin zebilena, eta orduan konturatu nintzen aldeaz.

Auto elektrikoen autonomia txikia oztopoa omen da oraindik, haien arrakastarako. Ari al da industria hori eta beste arazoak, kargak eta abarrak konpontzen?

Bai, jakina. Gauza asko ari dira aldatzen sektorean, eta oso bizkor, gainera. Auto elektrikoek gero eta autonomia handiagoa dute, eta maila gorenekoek jada 600-700 kilometroak iristeko gai dira. Dena den, konturatu behar dugu oraindik ere jende gehienak ez dituela distantzia horiek egiten egunero. Estatistikek argi eta garbi erakusten dute egunero batez beste gehienera 50 bat kilometro egiten dituela jendeak, lanerako joan-etorrietan, haurren bila eskolara joaten direnean edo saltokietara, ezer gutxi gehiagorako.

Kargarako azpiegiturak ere beste muga bat dira? Kargaleku publikoen kopurua txikia dela oraindik?

Konbinazio bat dago hor. Kargaleku publiko gehiago behar dira, hori argi dago, baina karga aukera bultzatu behar dugu. Sakelakoekin bezala, kargarako aukera guztiak baliatu behar ditugu, dela autoa gauez aparkatuta dagoela, dela lantokian zaudenean edo erosketak egiten ari zaren bitartean —gero eta gehiago dira hori eskaintzen duten saltoki handiak—. Oraindik horrelako aukeren kopurua hazi egin beharko da, baina hori izango da arrakastarako bidea.

Baina gauzak nahikoa azkar doaz aurrera, edo oraindik mantsoegi?

Arrautzaren eta oiloaren eztabaida hor dago beti, nik uste dut jada aukera egin dela. Europako automobil egile gehienek behin betiko apustua egin dute mugikortasun elektrikoaren alde. Europako araudiek ere bide hori hartu dute, eta, bestela ere, ez da egongo askoz aukera gehiago.

Ikusi dut noizbait aipatu duzula auto elektrikoen arrakastarako beste arazo bat aukera desberdinen falta izan dela, oso marka eta eredu gutxi daudela.

Azken urteetan bost-hamar auto modelo egongo ziren aukeran? Baina laster eredu kopurua modu esponentzialean haziko da. Hurrengo bi urteetan 210 modelo berri izango dira merkatuan, jendeak izango du aukeratzeko modua. Ohikoa da; lehenago ere ikusi dugu, auto elektrikoa garestia da oraindik, baina gero eta merkeagoa izango da —bateriaren prezioaren mende dago hori—, eta prognosi ariketa bat eginez, espero dugu auto elektrikoek hiru urtetan iritsiko dutela prezio parekotasuna.

Dena dela, hor gauza bat azpimarratu nahiko nuke. Jendeak jada ordaintzen du gehiago energia gutxiago kontsumitzen duten hozkailuetan, badakitelako kontsumo handiagoak bukaeran kostu handiagoa duela. Gauza bera gertatzen da auto elektrikoarekin. Jendeak oraindik ere hori ez du aintzat hartzen.

Gipuzkoan autobus elektrikoen ekoizleak badira. Baduzu sektorearen berri? Autobus elektrikoak aitzindariak dira mugikortasun berrian?

Garraio publikoa elektrifikatzea lorpen handi bat dela, aurrerapen handia dela ikusten ari dira gero eta industria asko. Kostu aurrezpenaren adibide dira autobusak, baina baita ferryak ere. Herrialde nordikoetan garrantzitsuak dira ferryak eta haiek elektrifikatzean konturatu dira %80ko aurreztea lortzen ari direla. %80 oso zenbaki handia da. Autobusetan, hasieran zalantza asko zeuden, eta Europan azterketa hamar edo hamabost autobusekin egin erabakitzen ari ginen bitartean, Txinako hiri erraldoietan sistema osoak jarri dituzte martxan. Nire ustez, Shenzhen hiria da adibide on bat. Milioika biztanle ditu [hamabi milioi] eta 13.000 autobuseko garraio flota bat dauka, guztiak elektrikoak. Eta hori aukera bat izan da. Jakina, hango sistema politikoak erraztu egiten ditu horrelako aukera politikoak. Baina aukera horrek balio duela erakusten du, eta hemen gauzak errazten baditugu, Europarentzat ere lortzeko modukoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.