Mayren ituna ez da aukera bat

Londresek eta Bruselak 'backstop'-ean aldaketa batzuk adostu arren, 'brexit'-erako akordioaren aurka bozkatu du, berriro, Komunen Ganberak. Lehen ministroak ez du bigarren galdeketa baztertzen

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, atzo, Komunen Ganberan egindako osoko bilkuran. EFE.
Igor Susaeta.
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Brexit-erako akordioari azken orduan egindako aldaketen berri eman zuten Theresa Mayk eta Jean Claude Junckerrek, atzo goizaldean, Estrasburgon. Elkarrekin agertu ziren prentsaren aurrean. David Davisek ordu bakan batzuk geroago irrati batean emandako elkarrizketan adierazi zuen «onargarria» iruditzen zitzaiola bi aldeek joan den azaroan adostutako itunean Irlandako mugarako ezarritako backstop izeneko protokoloaz Londresko eta Bruselako liderrek egindako planteamendu osatua. 2016ko eta 2018ko uztail artean Erresuma Batuaren brexit-erako ministroa izan zenak gehitu zuen, ordea, Geoffrey Coxen hitzen zain egongo zela. Erresuma Batuko fiskal nagusiak, azken bizpahiru asteotan Londresen negoziatzailea izan denak, eguerdi aldera hartu zuen hitza Komunen Ganberan, eta nabarmendu zuen aldaketek ez dutela 2020 amaieran, trantsizio epea amaitu eta gero, backstop-ak bere horretan jarraitzeko «arrisku legala» murrizten. Hori entzunda, Mayren alderdikide euroeszeptikoenek eta DUPeko unionistek ondorioztatu zuten Erresuma Batua aduana batasunean jarraitzera kondenatuta egongo dela hurrengo urteetan, eta Irlandan ez dela muga gogorrik egongo. Horrenbestez, Mayk ez zuen nahikoa babesik lortu, eta, joan den urtarrilaren 15ean bezala, Erresuma Batuko Parlamentuak brexit-erako akordioaren aurka bozkatu zuen, nabarmen berriro, atzo gauean.

391 diputatuk bozkatu zuten akordioaren kontra, eta 242k alde: Alderdi Kontserbadoreko 235k, Alderdi Laboristako hiruk, eta lau independentek. Bestalde, kontuan hartzekoa da 75 tory-k aurka bozkatu zutela; urtarrileko bozketan 43 gehiago izan ziren. Duela bi hilabeteko bozketan 230 botorena izan zen bi aukeren arteko aldea, eta atzo 149koa. Etxean beste zaplazteko bat eman diote, beraz, Mayri.

Bozketaren ondoren hitza hartzen aurrenekoa izan zen, eta, ahotsa urratua zuela, harrigarria gerta daitekeen adierazpen bat egin zuen. Esan zuen EB Europako Batasunak gauza bat jakin nahi duela: «Erresuma Batuak Lisboako Itunaren 50. artikukua luzatzea eskatzen duen [brexit-aren data atzeratzea ekarriko luke horrek], edo bigarren erreferenduma nahi duen». Bigarren galdeketa egitearen aurka azaldu izan da orain arte, eta 2016ko ekainean herriak emandako agindua legitimatu izan du.

Orain dela bi aste aurkeztu zuen egutegia mantendu du, halere, eta, hortaz, gaur, 20:00etan, Komunen Ganberan bozkatuko dute ea brexit gogorra nahi duten, hau da, akordiorik gabekoa. May ez da aukera horren aldekoa.

Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako liderra ere ez. Haren alderdiak bigarren galdeketa egitea aldarrikatu du, baina, atzo, Corbynek ez zuen aukera hori aipatu. Bozketaren emaitzak eskuan, «hauteskundeetara deitzeko ordua» dela esan zion Mayri.

Lehen ministroarentzat, dibortzioaren data atzeratzeak ez du auzia «konponduko». Horren harira, Europar Kontseiluak adierazpen bat kaleratu zuen bozketaren ondoren, adieraziz «ahal duen guztia» egin duela, eta «irtenbidea» Londresen bilatu behar dela. Nabarmendu nahi izan zuen, gainera, bi aste pasa baino ez direla gelditzen irteera datarako, martxoaren 29rako, eta atzoko emaitzak akordiorik gabeko brexit-aren aukera handitu duela «modu nabarmenean».

Bozkatu baino ordu batzuk lehenago, Mayk ohartarazpen bat egin zien parlamentariei: «Akordio hau ez bada onartua izaten, brexit-a gal daiteke». Ez dirudi gaurko bozketan irteera gogorraren aukera gailenduko denik: brexiter-ek ez dute bat egiten hautu hori babesteko orduan. Beraz, programatutako bozketez haratago, beste aukera batzuk daude mahai gainean: hauteskundeetara deitzea, auziari buruzko bigarren erreferenduma antolatzea... Gaur akordiorik gabeko irteera baztertzen badute, Lisboako Itunaren 50. artikulua luzatzeko eskaera onartzeko aukera edukiko du, bihar, parlamentuak. Hala gertatuz gero, EBko 27 estatu kideek onartu beharko lukete.

Irteera data atzeratuta, dibortzioaren baldintzak adostutakoak baino leunagoak izango direla adierazi izan diete Mayren sokakoek brexiter-ei. Estrasburgon egindako agerraldian Junckerrek azpimarratu zuenez, ez da «hirugarren aukerarik» izango. Lehen ministroak noizbait esan duenez, luzapenak «laburra» izan behar du; eta Bruselako buruarentzat, Europako hauteskundeak egin artekoa gehienez, maiatz amaiera artekoa, alegia.

Baztertutako puntuak

Horrek zer ekarriko duen jakin gabe, auziak bide hori har dezake, aurrez bestelako erabakirik hartzen ez badute. Izan ere, diputatuek ez dituzte onartu backstop-ari dagozkion Bruselak egindako kontzesioak. Hiru dira, nagusiki. Lehenik, «bermatzea» protokoloa ez dagoela diseinatuta «iraunkorra» izateko. Bigarrenik, trantsizio epearen ondorengo balizko harreman komertzialaren negoziazioa azkartzeko Londresek eta Bruselak hartutako konpromisoa. Eta hirugarrenik, Erresuma Batuaren «aldebakarreko adierazpena», zeinaren arabera burujabea den mugarako protokolotik bere kabuz ateratzeko.

Protokoloari egindako aldaketak «juridikoki lotesleak» direla adierazi zuen Mayk Junckerren aurrean. Coxek azpimarratu zuenez, aldiz, backstop-ean kateatuta gelditzeko «arrisku legalean» ez da «aldaketarik» izan jatorrizko testuarekin alderatuta. Hau da, EBren oniritzia eduki gabe Erresuma Batua ezingo litzatekeela protokolotik irten. Dena dela, akordioari zentzu «politikoa» emateko eta haren alde bozkatzeko eskatu zien diputatuei.

Euroeszeptikoen iritziz, urteak pasatu daitezke bi aldeek etorkizuneko itun komertziala adostu arte, eta horrek, gainera, beste herrialde batzuekin akordioak egitea zailduko lioke Erresuma Batuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.