Bi norabideko hazkundea

Emakumeen futbolak gero eta jarraitzaile gehiago eta ikusgaitasun handiagoa izan arren, hori ez da nahi beste islatzen ari jokalarien baldintzetan. Gehienak lan hitzarmenik gabe daude, eta borrokan ari dira beren lan baldintzak aitortuak izateko: gutxieneko soldata bat, lanaldi osoko kontratuak...

Herbeheeretako jokalariak, aurtengo Munduko Kopako finalerako sailkatu zirela ospatzen. SEBASTIAN NOGIER / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Emakumeen futbolak hazkunde esanguratsua izan du azken urtean. Hori agerian uzten duten datu ugari daude; azkena, hauxe: Ingalaterrak eta Alemaniak larunbatean Wembley berrian jokatuko duten adiskidantzazko partida ikusteko 90.000 sarrerak duela bi aste saldu ziren. Harmailetan ikusle gehien bilduko duten partidetan bigarrena izango da, 1999ko Munduko Kopako finalaren atzetik. Orduan, 90.125 ikusle bildu ziren Los Angelesko Rose Bowl futbol zelaian (AEB), AEBek eta Txinak jokatutako norgehiagoka ikustera.

Baina hazkunde hori mantsoago islatzen ari da futbolarien lan eskubideetan eta baldintzetan. Soldatak, kontratuen partzialtasuna, haurdunaldi kasuetarako protokoloa... Espainiako Ligakoen greba mugagaberako deialdia da horren isla. Azaroaren 16tik aurrera ekingo diote, nahiz eta Espainiako Federazioa eta Mediapro ekoiztetxea ahaleginak egiten ari diren hala ez izateko. Mediapro, adibidez, prest azaldu da Kluben Elkarteari 1,5 milioi euro emateko, greba egiten ez bada eta jardunaldi oro bi partida zuzenean eskaintzeko aukera ematen badio. «Guk ez dugu oztopo izan nahi». Bestalde, Federazioa jokalarien ordezkaritza batekin bilduko da bihar.

Espainiako ligakoa adibide bat besterik ez da. Herbeheeretan jokatzen du Eli Sarasolak (Donostia, 1991), PSV Eindhovenen; Frantzian, berriz, Irene Paredesek (Legazpia, Gipuzkoa, 1991), Paris Saint Germainen. Bien ustez, «une erabakigarria» da eskubide horiek lortzeko. «Orain arte, emakumeen futbolak ikuskizunik sortzen ez zuen aitzakiarekin, isilarazi egin gaituzte. Baina jada ikusi da hori ez dela horrela, eta aprobetxatu egin behar dugu inflexio puntu hau», dio Sarasolak. Bat dator horrekin Paredes. «Bidezkoa den zerbait baino ez da eskatzen, eta ez ematea errespetu falta da futbolarientzat».

Ajaxekoak izan ziren udan klubarekin lan hitzarmen bat adostu zuten Herbeheeretako lehen jokalariak. «Horrek ahalbidetu die lanaldi osoko kontratu bat izatea, eta gutxieneko soldata gordin bat hilean», azaldu du Sarasolak. Berrogei orduko kontratuak dituzte, eta 21 urtetik gorako futbolarientzako gutxieneko soldata 1.600 euro da.

Orain ari dira hori negoziatzen PSVko jokalariak zuzendaritzarekin. Haien eskari nagusia partzialtasunarena da; izan ere, lanaldi erdiko kontratuak dituzte. «Soldata jardun erdiko kontratuetarako ezarrita dagoen gutxienekotik gora dago, 800 eurotik gora. Baina guk jardun osokoak behar ditugu. Ez diru kontuagatik bakarrik, baita eskubide kontuagatik ere. Kotizazio urteei begira, lanaldi erdiko kontratuek kalte egiten digute, baita gaixoaldi bat hartzerakoan ere, oso soldata txikiarekin geratzen baikara min hartuta gauden bitartean».

Haurdun geratzen diren jokalarien kasuetarako protokolo bat ere ezarri du Ajaxek. Horren arabera, haurdun geratzen den jokalariari beste urtebetez luzatuko diote kontratua. Horrenbestez, jada praktikan egiten zutena hitzarmen batean jaso dute. Izan ere, 2018an Chantal de Ridder jokalaria haurdun geratu zen, eta berritu egin zioten kontratua. «Zuzendaritzarekin hitz egin nahi dugun gai garrantzitsuenetako bat da, ez baita bidezkoa amatasunak gure kirol ibilbidea baldintzatzea, eta alderantziz. Ezin gara beldurrez egon haurdun geratu eta kanporatuak izateko».

Gutxieneko soldata bat, lanaldi osoko kontratuak eta haurdunaldi kasuetarako protokolo bat lortuz gero, «aurrerapauso handia» emango litzatekeela uste du. «Abiapuntu sendoa litzateke gure lan eskubideen aitortza garatuz joateko». Izan ere, gainontzean baldintzak onak direla nabarmendu du. «Azpiegiturak, bidaiak... Arlo horretan ondo zainduta gaude».

AEBetan ere jokatu zuen Sarasolak, unibertsitateen arteko ligan. Hain zuzen ere, 2013 eta 2015 artean Carolina Rush taldeko jokalaria izan zen. «Bitxia bada ere, baldintzak hobeak dira bertan, unibertsitateetan diru asko jartzen delako kirolerako. Askoz profesionalizatuago dago liga nagusia baino. Azken horretan, orain gutxi arte taldeetako askok ez zuten ezta entrenatzeko zelai propiorik ere».

Liga nagusian, sasoi honetan klubek soldatetarako izan dezaketen gehienezko aurrekontua 421.500 dolar da (377.889 euro), eta jokalarien hilabeteko batez besteko soldata, 2.000 dolar (1.793,23 euro). «Kopuru oso txikia da, AEBetan dagoen bizi maila kontuan hartuta. Izarrek askotan gehiago jasotzen dute AEBetako selekzioarekin jokatzeagatik edo kirol marka jakin bat eramateagatik». Alex Morgan, Hope Solo eta Megan Rapinoe dira horren adibide. Gainera, nabarmendu du jokalariek ez dutela «lan ziurtasunik». «NBAn gertatu bezala, zu ados egon arren, klubak agente libre izendatu eta beste edozein taldera bidal zaitzake».

Kluben arteko aldea

Frantzian ere borroka horretan daudela nabarmendu du Paredesek. «Baina ez da erraza: batetik,klub batetik bestera alde handia dagoelako, eta, bestetik, hemengo ligan atzerritar asko gaudelako. Ondorioz, klub bakoitzak bere baldintzak adosten ditu jokalariekin. Futbolarien sindikatuak, gainera, ez du indar handirik».

Bera, PSGn egonda, «toki pribilejiatu batean» dagoela onartu du. «Gure klubean diru asko inbertitzen da emakumeen futbolean, eta ondo egiten da, gainera». Dirutik harago doa kontua. «Lanaldi osoko kontratuak ditugu, eta ni iritsi nintzenetik beste urrats bat egin da azpiegituretan, gu zaintzen gaituzten osasun profesionaletan... Are profesionalizatuago dago dena. Adibidez, otorduak kirol hirian egiten ditugu, eta masaje emaile eta errekuperatzaile gehiago dauzkagu. Hori prestakuntzan antzeman egiten da». Hala, argi du. «Baliabideak jartzen hasi diren momentutik urratsak egin dira, baina arazoa da jartzen diren baliabideak oraindik gutxienekotik urruti daudela klub gehienetan».

Horri lotuta, zera azaldu du. «Frantziako ligako sailkapen erdialdetik behera dauden taldeak amaeturrak dira. Lyon, Montpellier eta Girondins gara ondoen gauden klubak». Gainerako taldeetako jokalari gehienek ez dute gutxieneko soldata bat, eta dituzten kontratuak lanaldi partzialekoak dira.

Italian ere oihartzuna izaten ari dira emakume futbolarien aldarrikapenak. Han, emakume futbolariak amateurrak dira. 1981etik indarrean dagoen lege batean jasotzen da hori, eta araudia aldatzeko borrokari ekin diote jokalariek. Izan ere, liga profesionala ez izateak hainbat muga dakartza. Esanguratsuena da jokalariek ezin dutela izan urteko 30.000 euroko soldata gordina baino handiagoa: «Gure helburua ez da gizonek adina kobratzea, baizik eta gure jardunaren arabera baldintzak eta eskubideak izatea», aldarrikatu zuen Barbara Bonansea jokalariak.

Horrekin batera, futbolariek jasaten duten sexismoa eta homofobia eragozteko neurriak hartzea da haien beste lan ildo nagusia. Hizkuntzatik hasi, eta ikusgaitasunera eman nahi dituzte pausoak. «Guk izan behar dugu eredu horretan». Duela egun batzuk Elena Linari Italiako lehen emakume futbolaria izan zen lesbiana zela aitortzen. Egun, Atletico Madrilen jokatzen du: «Nire amona poztu egin zen, baina baita beldurtu ere, zaleek nirekin izan zezaketen jarrerarengatik. Baina bada garaia beldurrak alde batera uzteko. Etorkizuneko emakume futbolariei zor diegu».

Lan baldintzen borroka horretan aitzindari izan ziren Danimarka eta Norvegia. 2017an, Danimarkako selekzioko jokalariek uko egin zioten aurtengo Munduko Koparako sailkatzeko Suediaren aurkako norgehiagoka jokatzeari. Kontraktu profesionalik ez zuten selekzioko jokalarientzat hilean 1.000 euroko soldata gordina eskatzen zuten, egonaldiak, partidak eta bidaiak tarteko urtean ia 100 egun igarotzen baitzituzten selekzioarekin. Gizonen selekzioko jokalariak prest agertu ziren 75.000 euroko diru sari bati uko egiteko hori lortzeko, eta azkenean akordio bat lortu zuten.

Norvegiaren kasuan, selekzioko izarrak, Ada Hegerbergek, uko egin zion aurtengo Munduko Kopan egoteari, nahiz eta federazioak berdindu egin zuen gizonenen eta emakumeen selekzioetarako diru saria: 640.000 euro. «Baldintzez ere ari gara: entrenamendu orduak, osasun arreta...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.