Finaletarako prest eta gogoz

Lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketako finalak igandean jokatuko dituzte, Barakaldon. Pilota goxoarekin Espinar eta Etxaniz ariko dira lehian, eta mistoarekin, Arrillaga eta Larrarte

Patri Espinar, Miren Larrarte, Leire Etxaniz eta Miriam Arrillaga, atzo, Barkaldon egindako aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Barakaldo
2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun

Barakaldoko udal frontoian (Bizkaia) jokatuko dira, igandean, lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketako finalak (12:00). Lehenbizikoz pilota mistoa erabili dute aurtengo txapelketan, eta hori izango da berritasuna, bi final jokatuko baitira: pilota bigunarekin bata, eta mistorekin bestea. Lehenbizikoan Patri Espinar eta Leire Etxaniz ariko dira nor baino nor gehiago, eta bestean, Miren Larrarte eta Miriam Arrillaga. Laurak prest dira txapela janzteko. Sarrera doan izango da, eta ETB1ek zuzenean emango ditu bi partidak.

[Youtube]https://youtu.be/45I07DpLqFQ[/Youtube]

Espinarrek txapela jantzi zuen iaz, baina Etxaniz aurkari gaiztoa da. Izan ere, aurreko txapelketan mailarik onenean aritu ez zen arren, lau txapel jantzi ditu azken hiru urteetan. Biek eskarmentu handia dute, eta hori kontuan hartuta aztertu dute igandeko finala. Etxanizen arabera, aurkari gogorra da Espinar: «Orain arte jokatu ditudan partiden aldean, Patriren aurkakoa oso ezberdina izango da. Nire helburua partida luzatzea izango da, fisikoki oso ondo nagoelako. Hori da nire indargunea». Behin finalera helduta, bosgarren aldiz txapela janztea gustatuko litzaioke Etxanizi.

Duela bi aste Olatz Arrizabalagaren aurka Galdakaon jokatutako finalaurrekoa ekarri zuen gogora Espinarrek: «Irabazi arren, tentsio handiz jokatu nuen. Izan ere, eskuko atzamar bat minduta eduki dut. Baina oso lan ona egin nuen, eta pozik amaitu nuen». Espinarrek fisikoki ondo ikusten du orain bere burua, eta indartuta atera da. «Ikusi beharko da igandean zer gertatzen den. Batzuetan zalantzekin joaten zara eta partida ikaragarria jokatzen duzu; beste batzuetan, berriz, konfiantza eta gogo askoz kantxaratzen zara, eta azkenean ez duzu esperotakoa lortzen», azaldu zuen txapeldunak. Elkarren aurka jokatu zuten aurreko lau eta erdiko ligaxkan, eta, Espinarren ustez, «txapelketako partidarik gogorrena» izan zen.

Pilota mistoa erabiltzea izan da aurtengo txapelketako berrikuntza, eta Miren Larrartek eta Miriam Arrillagak jokatuko dute pilota mota horri dagokion finala. Gipuzkoakoak dira biak. Aginagakoa da Arrillaga, eta Bidania-Goiatzekoa Larrarte. Arrillagak 17 urte ditu, eta Larrartek, 19; lehenengo urtea da mistoarekin saiatzen direla. Ondo ezagutzen dute elkar, elkarrekin entrenatzen baitute.

Horrek gauza onak eta txarrak dituela azaldu zuen Arrillagak: «Talde berean jokatzen dugu, eta asko ezagutzen dugu elkar. Baina finaleko partidak beti izaten dira diferenteak». Larrartek ez ditu guztiz ondo eduki eskuak, baina osatzeko denbora izan du, eta azken entrenamenduetan indartsu ikusi du bere burua. «Aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta nik uste dut finala parekatua izango dela. Errestoan ondo aritzen banaiz, aukera asko dauzkat irabazteko», nabarmendu zuen Larrartek.

Oso gutxitan ibili da pilota mistoarekin jokatzen, txikitatik bigunarekin jokatu baitu. «Orain datozen gaztetxoak ni baino ohituago daude pilota mota horrekin jokatzera. Halere, etorkizuna hori da, eta denborarekin hartuko diot neurria». Pilota mistoarekin jokatzearen abantailak eta zailtasunak nabarmendu zituen: «Alde batetik, jokoa biziagoa eta politagoa da. Tanto ikusgarriagoak lortzen ditugu pilota mistoarekin. Bestetik, eskuek askoz gehiago sufritzen dute, eta gehiego entrenatu behar da pilota mota horrekin».

Aldaketa prozesua

Aurten hogei emakumek erabaki dute pilota mistoarekin jokatzea. «Publikoak gehiago gozatzen du joko mota honekin. Uste dut etorkizuna dela, zalantza barik», berretsi zuen Arrillagak.

Espinar ere mintzatu zen horretaz. «Prozesu bat beharko dugu pilota aldaketa behar bezala eta lesio barik egiteko». Onartu zuen zalantzak eduki zituela zeinekin jokatuko zuen erabakitzerakoan.Oso bestelako da Etxanizen iritzia. Pilota bigunarekin txapel gehien dituena da, eta argi du ez duela pilota mistoarekin jokatuko. «Pilota mistoan jokatzeko urte osoan ibili behar duzu: nik, ordea, urtean zehar palan jokatzen dut».

Antolakuntzak bi txapelketekin jarraitzeko asmoa azaldu du: «Pilotari guztien eskuak material horretara erabat ohituta ez daudenez, pilota bigunekoa mantenduko dugu», esan zuen Iker Amarikak. Parte-hartze marka hautsi du aurten, 92 pilotari izan baitira lehian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.