Reala penaltietan geratu da Espainiako Kopatik kanpo

Leire Baños, baloiarekin, atzo, Madrilen aurkako partidan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Hazteko moduko egunak izan dira azkeneko laurak Realarentzat: joan den igandean, Bartzelonak astindu latza eman zion Salamancan (Espainia), Superkopako finalean (10-1), eta, atzo, Madrilek Espainiako Kopatik kanpo utzi zuen final-zortzirenetan. Bi taldeek hutsean berdindu zuten, Zubietan, eta penaltietan Espainiako taldea nagusitu zen. Ez zuen penaltirik huts egin; bai, ordea, Realak, bi: Leire Bañosek eta Kiana Palaciosek. Horrek kondenatu zuen Gonzalo Arkonadak entrenatutako taldea. Luzea eta zinez ederra izan zen Realak aurreko denboraldian Kopan egin zuen bidea. Granadan (Espainia), txapeldun izanda amaitu zen. Sasoi honetan, aldiz, bide labur eta tristea egin du, aurreneko kanporaketan esan baitu agur.

Realak 5-0 irabazi zion Madrili duela hilabete eta erdi, baina Espainiako taldea ez da orduko arerio samurra. Dirua du, eta sei jokalari fitxatu berri ditu. Horri esker, gora egin du, eta aurkari indartsua da. Hori bazekiten Realeko jokalariek, baina, hala ere, ezin izan zuten mendean hartu. Txuri-urdinek izan zituzten aukerak golen bat sartzeko; Bañosek, adibidez, langara bota zuen baloia. Madrilek ere izan zituen, baina hura ere ez zen fin aritu erasoan. Horregatik amaitu zen hutsean partida, eta penaltietan ebatzi. Eta hor, ez zuten huts egin bisitariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.