Lekua duela erakutsi nahi du

Hiru urteren ondoren, Baiona Top 14an ariko da berriro. Larunbat honetan ekingo dio lehiari, mailari eusteko helburuarekin. Partida zaila du hasteko: Parisen ariko da, Racingen aurka
Baionako jokalariak, elkar besarkatuta, joan den ostiralean Perpinyaren aurka jokatutako lagunarteko partidan.
Baionako jokalariak, elkar besarkatuta, joan den ostiralean Perpinyaren aurka jokatutako lagunarteko partidan. JULES LAVEAU

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko abuztuak 22
Top 14an irautea ez da lan erraza izaten. Sasoia joan eta sasoia etorri, ez da arraroa Pro D2tik igotako bi taldeetako batek maila galtzea. Urrunago joan gabe, hori pasatu zitzaion Baionari 2016-17ko denboraldian. Eliterako itzulera sasoi bakarrerako kontua izan zen, eta hori eragoztea du helburu sasoi honetan Lapurdiko taldeak. «Maila honetan tokia dugula erakutsi nahi dugu. Jarrera erakustea da, lehiakorrak garela erakustea. Umilak izateak ez du esan nahi anbiziorik ez dugunik». Yannick Bru taldearen managerrak denboraldi-aurre honetan zabalduriko mezua da. Bide luzea izango du maila horretan mantentzeko, eta larunbat honetan ekingo dio, Parisen, Racing 92ren etxean (18:00). Frantziako hiriburuko taldea zazpigarren izan zen iragan sasoian.

Bru da taldeko izarra, eta aulkian dago. Iragan sasoian iritsi zen Baionara, hiru urterako plana besapean hartuta, eta aurrenekoan lortu zuen arrakasta. Entrenamendu fisiko gogorra eta gazteen aldeko apustua dira haren makuluak. Udan, Philippe Tayeb taldeko presidenteak esan zuen talde askotako eskaintzak jaso dituela, baina Baionan jarraituko du.

Bi sasoirako luzatu du kontratua Bruk, eta uda honetan osatu du lehen denboraldirako saskia. Zumitz xumeak izan ditu. Zenbait hedabidek argitaratu dutenez, Baionak hamasei milioi euroko aurrekontua izango du, eta zazpi bat milioi soldatetan gastatzeko. Iragan sasoian, 11,5 eta 3,8 ziren. Jauzi handia da, hein handi batean ligaren diru sariaren eta telebista eskubideen eraginez. Baina mailako aurrekontu xumeenetako bat da. Iragan sasoian, Top 14ko batez besteko aurrekontua 25 milioi ingurukoa zen.

Alde handia da, Pro D2tik Top 14ra dagoen jauzia bezala. Bruk inork baino hobeto azaldu du. «Intentsitatean eta abiaduran aldea ez da sekulakoa. Kolpe eta bultzadetan, aldiz, aldea benetakoa da. Talka egiteko garaian ezberdina da. Partidak kateatzen direnean ere aldea dago; jokalari gehiago behar dira. Pro D2ko kanporaketak ez daude Top14ko mailatik urrun, baina partida bakarra da halakoa. Gure erronka egokitzea izango da». Managerrak, hala ere, ez du iraultzarik egingo, ez, behintzat, bere joko estiloan. «Aurreko sasoian eginiko jokoari fidelak izango gatzaizkio: eskura, irudimenaz... Aurrean egongo da aldea. Arerioa hobea izango da».

Bruren arabera, aldea talketan dago. Bada, horri aurre egiteko konponbideen bila aritu da merkatuan. Eta, errugbian, non dago indarra? Polinesian. Sei polinesiar fitxatu ditu: Matta Luamanu samoar erraldoia —1,91 metro eta 130 kilo— Harlequinsetik etorri da. Haren herrikide Villiamu Afatia eta Alofa Alofa ere berriak dira. Tongarrak dira, berriz, Edwin Maka Tolosatik etorritako aurrelaria —1,96 metro eta 146 kilo— eta Malietoa Hingando uztartze erdilaria. Iragan sasoitik beste bi tongarrek jarraitzen dute: Latu Latunipuluk eta Toma Taufak. Berrien artean ezagunena, baina, Census Johnston da. 1,91 metro, 137 kilo eta 38 urteko harroina da. Miarritzen, Saracensen, Racingen eta Tolosan ibilitakoa da, eta hiru Munduko Kopa jokatu ditu. Mito bat da Samoan, eta funtsezkoa izango da taldeko polinesiar aurrelari multzoa gidatzeko orduan.

Munduko Kopa jokatuko dute irailaren 20tik azaroaren 2ra, Japonian, eta, horren ondorioz, kontraturik gabeko jokalari frantziarrak garestitu egin dira. Hala, «apustuak» egin behar izan dituztela onartu du Bruk.

Apustua da, esaterako, Djibril Camara. Ondo bidean, Baionak ezingo luke fitxatu, baina Stadek «falta larri» batengatik eten zion kontratua. Bruk ezagutzen du, bere aginduetara izan baitzuen Frantziako selekzioan. Yoan Monribot ere Baionan da berriz, «etxean», aurkezpenean esan zuenez. Ez dira fitxaketa bakarrak, baina bai esanguratsuenak —guztira hamazazpi jokalari berri ditu—. Iragan sasoian mailaz igotzea lortu zuen multzoaren zati handi batek segituko du, baina badaude hutsuneak ere, hainbat kutunak: Martin Bustos Moyano Paueko finaleko heroiak eta Abdelatiff Boutaty tigre maitatuak taldea utzi dute.

Munduko Koparen eragina

Lehen itzulia arraroa izango da, Japoniako Munduko Koparekin batera jokatuko baita. Asko dira bertan ariko diren Top 14ko jokalariak, gehienak garrantzitsuak euren taldeetan, eta hutsune handiak utziko dituzte. Ezustekoak emateko aukera ona izan daiteke. Baionak jokalari bakarra galduko du: Hingando. Taldeek, baina, haiek ordezkatzeko, jokalariak fitxa ditzakete, eta Bruk Callum Wilson ingelesa deitu du. Hingandoren deia ere ezustekoa izan da, Tongako eta Fidjiko federazioek salatu dutenez, Top 14an ari diren talde batzuek euren jokalariak presionatu baitituzte Munduko Kopari uko egin diezaioten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: