Garai berria, ideia berriak

Aspeko eta Baikoko zortzi bikote mistok jokatuko dute uda osoan Caixabank Mastersa. Hamalau jardunaldiko ligaxka, finalerdiak eta finala izango dira. Irribarria Urrutikoetxearen atzelari gisa ariko da

Julen Martija, Iker Irribarria eta Mikel Urrutikoetxea, maskara jantzita, atzo, aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Iritsia da normaltasun berria, eta hartara egokitu beharra dago aurrera egiteko. Horixe egin du esku pilota profesionalak. Koronabirusa dela eta, ilunpean egon da denbora luzean, baina badira aste batzuk argi izpi batzuk ikusten hasia zela. Eta atzo argitara atera zen. Aspe eta Baiko Pilota enpresek udako binakako torneoa aurkeztu zuten Bilbon, Bizkaia frontoian: Caixabank Mastersa. Txapelketa berri horrek amaiaraziko du hiru hilabete pasatxoko etenaldia.

Ofizialki atzo aurkeztu zuten, baina jakinak ziren zenbait xehetasun: batetik, Aspeko eta Baikoko pilotariek osatutako zortzi bikote mistok hartuko zutela parte; eta, bestetik, zer lau tokitan jokatuko zen lehen jardunaldia: gaur, Eibarren (Gipuzkoa); etzi, Zeanurin (Bizkaia); larunbatean, Bilbon; eta gaur zortzi, Irunen (Gipuzkoa).

Hori jakinda, garrantzitsuena falta zen: lehian ariko ziren bikoteen berri izatea. Eta atzo jakinarazi zuten Aspek eta Baikok pilotarien banaketa. Hauek dira zortzi bikoteak: Altuna III.a-Imaz; Artola-Rezusta; Bengoetxea VI.a-Martija; Elezkano II.a-Aretxabaleta; Ezkurdia-Aranguren; Jaka-Albisu; Olaizola II.a-Zabaleta; eta Urrutikoetxea-Irribarria. Binakako Txapelketarekin konparatuta, zenbait berritasun daude: batetik, Elezkano II.a, Aretxabaleta eta Aranguren ariko dira; bestetik, ez dira ariko Unai Laso, Jon Mariezkurrena eta Ladis Galarza; eta, azkenik, Irribarriak atzelari postuan jokatuko du, Urrutikoetxearekin bikotea osatuz; beraz, pilotari zaratamoarrak atzetik aurrera egingo du.

Azken Binakako Txapelketan egin bezala, hamalau jardunaldiko ligaxka bat jokatuko dute; beraz, bikote guztiek bitan jokatuko dute elkarren aurka. Gero datoz berritasunak. Izan ere, aurreneko lau bikoteak finalerdietarako sailkatuko dira —lehena laugarrenaren aurka ariko da, eta bigarrena, hirugarrenaren aurka—, eta bi lehia horietako irabazleek finala jokatuko dute, ondo bidean, irailaren 27an, Logroñon (Espainia). Enpresetako ordezkariek azaldu zutenez, ondoren jokatuko lirateke bertan behera geratu zen binakakoa, banakakoa eta lau eta erdikoa. Azken bi horiek, hala ere, laburragoak izango lirateke. Asmoa da urtebetean orekatzea egutegia.

Gaur, Eibarren

Gaur hasiko da lehia, Astelenan, 17:00etan (ETB1): 593 ikusle sartu ahal izango dira. Han itzuliko dira lehiara Altuna III.a-Imaz eta Ezkurdia-Aranguren. Jokatzeko irrikan da Altuna III.a. «Zuriz janzteko gogoz gaude. Denbora asko daramagu jokatu gabe. Horregatik, hasieran inportanteena minik ez hartzea izango da». Gustatzen zaio txapelketa. «Uda betetzeko era aproposa da. Asko jokatu ahal izango dugu, eta pilotariok eskertu egiten dugu hori». «Pozik» zegoen, Imazekin jokatuta. «Laguna dut, eta azkenaldian oso ondo ari da. Bikote polita osatzen dugu. Ahal den lanik onena egiten ahaleginduko gara».

Aranguren ere gaur ariko da. «Zoriontsu» zegoen aiarra, berritu egin baitu, eta enpresak saritu egin baitio binakakoan ordezko lanetan egindako lan ona. Hain zuzen, berak eta Olaizola II.ak 22-10 irabazi zieten Laso-Albisuri azken partidan. «Oso pozik nago; gainera, Ezkurdiarekin jokatuko dut, eta binakakoan erakutsi zuen oso indartsu zegoela. Saiatuko naiz ahal den gehien laguntzen». Txapelketa «polita eta entretenigarria» izango dela uste du.

Arangurenek baino oroitzapen okerragoa du Irribarriak binakakoaz, Aspek Elezkanorekin ordezkatu baitzuen ligaxkako azken partidan. Baina bueltan da, eta, estreinakoz, atzelari gisa ariko da, Urrutikoetxearekin. «Berez, zaila da hiru hilabete eta gero itzultzea; are gehiago atzelari gisa», esan zuen.

Urrutikoetxea izan zen, hain justu, Olaizola II.aren azken bikotea, baina, oraingoan, goizuetarrak atzelari peto-petoa izango du, eta ez nolanahikoa: Zabaleta. «Oso pozik gaude, itzuli baikara, eta, gainera, txapelketa berria eta polita jokatuta. Zabaletak erakutsi du gaur-gaurkoz onena dela atzelarien artean. Gozamena da hura ikustea. Oso pozik nago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.