Irauten jarraitzeko erabakia

Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea erabiltzen hasi dira hainbat kirol talde, bideragarri izaten segitzeko. Agintari eta kirolariek diote neurri «ulergarri eta baliagarria» dela egoerari buru egiteko

Amorebietaren eta Athleticen arteko denboraldi-aurreko partida, Urritxe zelaian, 2018ko uztailean. MIGUEL TOÑA/ EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Diruz eskas dabiltzan kirol taldeak bete-betean astindu ditu koronabirusari aurre egiteko hartutako hainbat erabakik; batez ere, lehiaketak bertan behera utzi beharrak, diru sarrerarik gabe utzi dituelako ia erabat. Baina legeak eman die aukera lepoan jarri zaien sokaren presioa arintzeko: enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak. Aukera horri heldu diote Euskal Herriko hainbat klubek: futbolean, Amorebietak, Real Unionek, Leioak, Izarrak eta Tudelanok [2.B Mailako taldeak denak]; eskubaloian, Anaitasunak aurkeztu egin du eskaera, eta areto futbolean beste horrenbeste egin du Osasuna Magnak.

Lege horren arabera, Espainiako Gobernua egiten da oinarrizko soldataren %70aren kargu, eta bere gain hartzen ditu gizarte segurantzako gastuak ere. Langileari dena kobratzeko falta zaion zatia ordaindu edo ez, enpresak erabakitzen du; kasu honetan, kirol taldeek. Gainera, espedientea amaitutzat ematean, lanpostua bermatuta izango dute langileek.

Jon Larrea Amorebietako presidenteak azaldu du zergatik sartu den kluba ABEE horretan: «Diru laguntza bat da azkenean, eta guretzat aukera ona, egoera kaltegarri honi aurre egiteko». Klubak 53 langile dauzka orain, denak kontratupean, «baita kimu mailetako entrenatzailea ere», eta espedienteak babesten ez duen kopurua klubak ordainduko duela esan du: «Gure asmoa da aurre egitea kopuru horiei».

Partidarik ez dagoenez alarma egoeragatik, diru sarrerak ia hutsean geratu zaizkio Amorebietari: «Sarreren dirurik ez daukagu. Telebistatik jasotzen genuena zertan geratzen den ikusteko dago [Footers plataforma dago atzean, eta haren irabazien erdiak klubei ematen dizkie]. babesle batzuk hor geratu dira, Urritxe futbol zelaiko tabernako diru sarrerak ere ez ditugu orain, eta nola egingo diegu aurre gastuei?». Hori guztia gutxi ez, eta klubaren zorra ere gehitu egin behar: «Ekainean bi urte beteko dira gure zuzendaritza sartu zenetik, eta kontu ikuskatze baten bidez jakin genuen 361.000 euroko zorra zegoela».

Jokalariek klubaren erabakia ondo hartu zutela azaldu du: «Ez zaie azalpen handirik eman behar, koronabirusak eragindako guztiaren berri ondo dakitelako. Hori bai, zehatz asko azaldu genien zer den ABEE bat». Jokalaria ez, entrenatzailea da Iñigo Velez de Mendizabal, eta egoera ulertzen duela esan du: «Lan espediente horretan sartu behar izan du klubak bideragarri izaten segitzeko, eta ulergarria da erabakia». Lar rearen zuzendaritzarekin erabateko konfiantza duela gaineratu du: «Badakit zer lan ari diren egiten».

Bide beretik jo du Asier Goiria kirol zuzendariak ere: «Azkenean konturatu behar gara horrelako klub batean ezinbestekoa dela halako laguntza bati heltzea». Amorebietaren bereizgarrietako batek egoera honetan asko lagunduko diela gehitu du: «Klubean oso sartuta gaude denok, eta harremana ona da zuzendaritzarekin».

Goiriak hau guztia pasatu ondorengo egoeran ere badauka burua, eta oso garbi dauka garai zailak datozela: «2.B Mailan ere badira klub handiak, eta haiek ere larri ibiliko dira gero. Beheko mailako futbolean, hainbat klub desagertzeko zorian geratuko direla iruditzen zait». Epe ertain edo luzerako begirada horretan, diru laguntzei ere heldu nahi izan die: «Ez daitezela izan agindu eta handik denbora askora kobratzekoak. Berehala beharko dugu dirua».

Susperraldian, etena agian

Gorka Etxeberria Real Unioneko kirol zuzendari eta talde nagusiko entrenatzaileak ere ondo hartu du enplegu erregulazioarena: «Gozamena da legeak horrelako aukera ematea, bermatzen baitu enpresaren jarraipena parentesi hau ixten denean, eta lanpostuak ezgaltzea ere bai». Talde nagusiko jokalariek erabakia «ondo hartu» dutela gehitu du, eta, Amorebietak bezala, hileko soldatara heltzeko laguntzak emango ez diena klubak jarriko diela azaldu du: «Hori agindu digu zuzendaritzak».

Real Union eta diru kontu bideragarriak ez dira uztarri berean izan azken urteetan, zor handi bat tarteko, baina egoera hobetu dela esan du Etxeberriak: «Aurten egunean ari zen ordaintzen kluba, zorrik gabe. ABEEari esker, ez du atzera egingo horretan, baina diru sarrerarik gabe... Denok egin beharko dugu ahalegina».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.