Aspaldian gertu ibili ondoren, LAPKE Lazkaoko (Gipuzkoa) pilota elkarteak joan den igandean irabazi zuen estreinakoz Berria Txapelketa, haren hamazazpigarren ekitaldian, Hernaniko Udal pilotalekuan (Gipuzkoa). Erraz irabazi ere. Pronostikoak estu egonagatik, lazkaotarrek hiru partidak irabazi zizkioten Tolosari, eta lehen aldiz jantzi zuten txapela. Urteak daramatzate harrobiarekin lan bikaina egiten, eta, gaur-gaurkoz, zilegi litzateke esatea hura dela Euskal Herriko pilota klubik indartsuena. Besteak beste, Berria Txapelketa baliagarria baita elkarte baten diagnosi zehatza egiteko. Txapelketa osoan partida bakarra galdu dute lazkaotarrek, eta etorkizunean ere aintzat hartzeko moduko taldea izango da.
Hain justu, pilota afizionatuaren egutegian «gehien» maite duten txapelketa da BERRIArena, Jabi Gelbentzu LAPKEko koordinatzailearen esanetan. «Ilusio handia genuen txapelketa hau irabazteko, eta oso pozik gaude. Kluba bere osoan hartuta, lehiaketa honek adierazten du elkarte bakoitza non kokatuta dagoen Euskal Herrian, eta onenak gu garela ikusteak sekulako poza ematen du». Orain urte batzuk, ez zuen pentsatuko halako zerbait lortuko zutenik. «1997an hasi nintzen elkartean lanean, eta 2010ean urrats sendoagoa egin genuen: profesionalizatu egin genuen kluba, eta eguneroko lanak ekarri gaitu onenak izatera».
Orduak eta orduak daude txapelaren atzean. Astelehenetik igandera bitarteko lana eskatzen du pilotak, eta Gelbentzu langile aritu da, Asier Mintegi entrenatzailearekin batera. «Garbi genuen entrenamendu onak egitea zela gakoa, eta horretan saiatu gara. Lan saio bikainak antolatuz gero, eta kudeaketa egoki bat izanez gero, funtzionatu egiten du elkarteak, eta guk lortu dugu pilotariak erakartzea».
Pilotari gehienak goierritarrak dituzte, baina kanpotik ere hurbiltzen zaizkie. «Guztien jarrera oso ona da, eta eskertuta gaude. Adibidez, Beñat Garmendiak, nagusien mailako pilotariak, bazituen konpromiso gehiago, baina finala jokatu nahi izan du, klubarentzat oso garrantzitsua zelako».
Aurrez pentsatua zuten gidoia ezin hobeto bete zen finalean. Kadeteen mailan, Izagirre-Ibarluzeak 22-4 irabazi zieten Tolosa-Castrori. Gazte mailan, 22-19 nagusitu ziren Zubizarreta-Telleria Amondarain-Gabirondoren aurka. Eta, nagusietan, Senar-Garmendiak 22-5 menderatu zituzten Elola-Aizpuru. Argi dute helburua: «Aurrera begira, txapelari eustea izango da gure erronka».
Estreinakoz eta nagusitasunez
LAPKE Lazkaoko klubak nagusitasunez irabazi du XVII. Berria Txapelketa: finaleko hiru partidak irabazi dizkio Tolosari. Jabi Gelbentzu LAPKEko ordezkariaren iritziz, «eguneroko lana» dago aurreneko txapel horren atzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu