Mikel Linazisoro. Eskalatzailea

«Zaila izan da bi mailatan batera lehiatzea, baina asko ikasi dut»

Munduko eskalatzailerik onenen artean egotearekin batera, Medikuntza ikasten ari da Mikel Linazisoro. Badaki zail duela Olinpiar Jokoetara iristea, baina gaztea da, eta argi du etorkizunean izango dituela horretarako aukera gehiago.

Unai Ugartemendia.
Bilbo
2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Txinako selekzioko kideekin ari da hizketan Mikel Linazisoro eskalatzailea (Bergara, Gipuzkoa, 2000). Piu Gaz (Bilbo) rokodromoan dago, bere entrenatzeko ohiko lekuan. Urte guztian aurkari izan duen eskalatzaileetako batekin dago solasean, patxadan. Argazkilariak horman zintzilikatzeko esaterako, goialderaino igo da ziztu bizian.

Denboraldia amaituta, zer balantze egiten duzu urteaz?

Egia esan, oso pozik nago egindako denboraldiarekin. Azken bi edo hiru txapelketak ez ziren uste bezain ondo joan. Min hartuta egon nintzen, eta ez nuen nahi beste aukera izan entrenatzeko. Hala ere, uda arteko txapelketak ondo joan ziren. Gazte mailan, Europako hirugarren izan naiz; Munduko Txapelketan, berriz, ezbehar bat izan nuen xafla batekin. Bestela, hor ere hirugarren amaituko nuen.

Seniorretan ere lehiatu zara. Zer moduz?

Bai, eta oso pozik nago. Finalerdietan izan naiz pare bat proba tan, lehen 25en artean amaitu nuelako. Boulderrean 23. gelditu nintzen. Urte hasierako helburuak bete ditut horrekin.

Lehiaketa asko jokatu dituzu aurten bi mailetan. Nola kudeatu duzu dena?

Nahiko zaila izan da bi mailetan lehiatzea. Ia asteburuero txapelketaren bat geneukan, eta hori entrenamenduekin uztartzea ez da batere erraza.

Nahiko lan izango zenuen orduan egutegia osatzen, ezta?

Bai. Pentsa: 30 txapelketa inguru jokatu ditut denera. Gainera, lehiaketa egunak gehiago izango ziren, sailkapen faseak, finalerdiak eta finalak jokatzen ditugulako. Urtea nahiko nekatuta amaitu dut, baina esperientzia oso polita izan da, eta ikaragarri ikasi dut. Seniorretan lehen urtea izan da, eta proba guztietan parte hartzeko aukera izan dut. Azken batean, munduko onenekin lehiatzen ibili naiz.

Bi mailen arteko alde handia antzeman al duzu?

Aldea dago, bai. Gazte mailan, txapelketa kaxkar bat eginda ere,bosgarren eta hamargarren postuen artean gelditu zaitezke. Gauzak ondo ateraz gero, nik, normalean, podiumean amaitzen dut. Seniorretan, berriz, gauzak oso ondoegin behar dituzu finalerdietan sartzeko. Zerbait gaizki eginez gero, ordea, erraz gal ditzakezu hogei postu. Hanka sartze txikiena ere garesti ordaintzen da.

Zeintzuk ziren aurtengorako zenituen helburu nagusiak?

Neronek ere ez nekien zein ziren aurtengorako helburuak [barrezka]. Hainbeste txapelketa izanda, ez da erraza helburuak zehaztea. Ahal nuen txapelketa guztietan parte hartu nahi nuen. Gazte mailan azken urtea izanda, ahalik eta ondoen amaitu nahi nuen; eta, egia esan, nahiko ondo irten zitzaizkidan gauzak. Pena izan zen azken proban nahiko eskas aritu nintzela, eta txapeldun izateko aukera guztiak galdu nituela. Munduko Txapelketan ere antzekoa gertatu zitzaidan. Xafla batekin gorabeherak izan nituen, eta, japoniarren erreklamazio bat tarteko, zazpigarren amaitu nuen. Orokorrean, gustura amaitu dut.

Urri amaieran, behintzat, arantza atera zenuen Espainiako Txapelketan. Pozik al zaude?

Egia esan, lehen egunetan ez nuen asko gozatu. Japoniatik etorri berria nintzen, etajet-lag-a ere nabaritu nuen. Baina niretzat azken eguna zen garrantzitsuena, overall eran lehiatu bainitzen[boulderra, abiadura eta zailtasuna batzen ditu], eta hor gauzak ondo atera zitzaizkidan.

Bertan Alberto Ginesekin egin zenuen topo beste behin, 17 urteko eskalatzaile espainiarrarekin. Lehia polita duzue, ezta?

Bai. Urte osoan harekin lehiatzen ibili naiz, eta oso indartsu dago. Erresistentzia izugarria dauka. Haren bizitza eskalada da, eta horren inguruan antolatzen du egunerokoa. Prestatzaile propioa dauka, David Macia, eta Bartzelonan bizi da, goi errendimenduko zentro batean. Azkenean lortu du bere helburu nagusia: datorren urteko Olinpiar Jokoetan egotea.

Zuri ez al zaizu inoiz burutik pasatu urteren batean eskalatzen bakarrik ibiltzea?

Egia esan, ez. Ikasketak eta eskalada uztartzeko ez dut arazorik izan inoiz. Ez ditut ikasketak albo batera utzi nahi, oraingoz. Agian, 2024ko Olinpiar Jokoei begira, eta zerbait nagusiagoa izanda, probatuko nuke.

Zail duzu, dena den, datorren urteko Olinpiar Jokoetarako sailkatzea.

Ahaleginak egingo ditut, baina oso zaila izango da han egotea. Hogei eskalatzailerentzat bakarrik izango da lekua. Japoniarren artean, goi mailako lau edo bost eskalatzaile geldituko dira kanpoan. Denak Jokoei begira daude,eta Tokion bakarrik 130 rokodromo inguru daude.

Tokiorako sailkatzeko azken aukera Europako Txapelketan izango duzu. Jarri zara horri begira?

Oraindik ez dute esan non jokatuko den. Apirilean izango dela baino ez dakigu. Txapelketa gogorra izango da, ordura arte sailkatu ez den lehen eskalatzailea Olinpiar Jokoetan izango baita.

Sailkatzea lortuko ez bazenu ere,19 urte besterik ez duzu.2024ko Pariseko Olinpiar Jokoei begira beste aurreikuspen batzuk izango dituzu, ezta?

Nire ametsetako bat Olinpiar Joko batzuetan egotea izan da beti. Iaz Gazteen Jokoetan izan nintzen Argentinan, eta izugarria iruditu zitzaidan. Dena berdin-berdin antolatzen dute, olinpiar hiria barne. Izugarrizko esperientzia izan zen, eta, bai noski, gustatuko litzaidake errepikatzea.

Eskalada asko aldatu da azken urteetan. Gaur egun, talde guztiek psikologo baten laguntza dute. Hainbesteko beharra ikusten al duzue?

Baietz esango nuke. Mendian eskalatzeko ez da behar, baina gurea beste gauza bat da, beste modalitate bat. Eskaladan, txapelketa guztiak ezberdinak dira, oso denbora gutxian gauza asko egin behar dituzu, eta ezin duzu hutsik egin. Kontzentrazioa eta motibazioa ezinbestekoak dira.

Zuk izan al duzu laguntzarik?

Orain arte ez, baina hemendik gutxira hasiko naiz psikologo batekin lanean. Batzuetan, bide bat ez bazait ondo ateratzen, pentsatzen jartzen naiz:«ez nago batere indartsu», «hainbeste entrenatu naiz, eta gaur ez nago batere ondo»... Orain arte ez nuen laguntzaren beharrik ikusten, baina aurtengo denboraldi amaieran txakalaldi batzuk izan ditut, eta laguntza falta antzeman dut.

Oso gaztetatik emaitza onak lortu dituzu. Askok Patxi Usobiagaren ondorengoa zinela ere esan zuten. Nola bizi izan duzu presio hori?

Ingurukoenpresiorikez dut antzeman. Ni egin izan diot presio gehiago neure buruari. Asko entrenatzen gara, eta gauza asko uzten ditugu albo batera eskaladarengatik. Horregatik gustatzen zait nire onena ematea txapelketa guztietan.

Eta txapelketetako presioa nola daramazu?

Ahal dudan moduan. Batzuetan ez da erraza hori kudeatzea, baina lehiaren parte da. Jende asko dago guri begira. Iaz, adibidez, Espainiako Kopako proba batean laugarren amaitu nuen. Niretzat ez zen postu txarra, ez nengoelako nahi bezain ondo. Bidean zehar erori egin nintzen, eta epaile baten aurrean igaro nintzenean, honela esan zidan: «Nik uste nuen Mikel Linazisoro ez zela inoiz erortzen!». Horrelako batzuk entzutea tokatzen zaigu noizean behin.

Presioa ondo kudeatzen ez jakiteagatik bidean gelditu diren eskalatzaile asko ezagutzen al dituzu?

Batzuk bai. Ezagutzen ditut txapelketetan euren onena ematea kostatzen zitzaienak baina eskalatzen jarraitzen dutenak, nahiz eta ez lehiatu.

Euskal selekzioarekin ere lehiatzen zara. Azken urteetako selekziorik osoena zuen belaunaldikoa dela diote. Ados zaude?

Ez dakit. Gaztea naiz, eta ez dut asko ezagutzen aurrekoek egin zutena. Baina gure belaunaldia asko ibili da txapelketetan: Eneko Carretero, Esparta anaiak… Euskal Herrian gaur egun maila oso handia dugu: txapelketetan ikusi besterik ez dago. Indartsuenak beti izan dira euskal selekzioa eta Kataluniakoa.

Zuek baino gazteagoak nola ikusten dituzu?

Badatoz, eta indartsu, gainera. Aretxabaletako taldea ezagutzen dut gehien, eta hor jada antzematen da etorkizuneko jendea: talde polita dute.

Medikuntza ikasketak ari zaraegiten. Zaila da goi mailako kirola eta ikasketak uztartzea?

Bai, zaila da. Aurten bigarren ikasturtea dut, eta oraingoz nahiko ondo doa. Ordu asko pasatzen ditut ikasten, baina egia da egun asko kanpoan pasatzen ditudala. Alde horretatik, laguntza handia dut. Azterketak egunez aldatzeko ez dut arazorik izaten. Bi gauzak pasioz bizi ditut.

Nondik datorkizu medikuntzarako zaletasuna?

Izeba eta osaba medikuak ditut, eta txikitatik asko gustatu zait medikuntza. Oso umetan jada esaten nuen mediku izan nahi nuela, eta orain dela bi urte ez nuen pentsatu ere egin. Orain arte, hiru ebakuntza ikusteko aukera izan dut, Andoni Ormazabal fisioterapeutari esker. Azkena Isaac Estevezena izan zen. Hura ere eskalatzailea da, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan.

Gaur egun, hala ere, eskalatzetik bizitzeko aukera ba al duzu?

Diru laguntza batzuk ditut: BAT Basque Teamena, Becas Podiumena, Trangoworldena, La Sportivarena, Fixena, Oceanena... Oraingoz bizi naiteke eskaladatik, baina badaezpada ere dirua aurrezten noa [barrezka]. Esan bezala, 2024ko Jokoei begira gustatuko litzaidake urtebete soilik eskaladari eskaintzea, eta ondo etorriko zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.