Pello Osoro eta Enara Oronoz. Triatletak

«Proba gogorra izan da Txinakoa, baina asko ikasita itzuli gara»

Harbinen jokatutako neguko triatloian parte hartu berri dute Pello Osorok eta Enara Oronozek. Biek nabarmendu dute hotzak asko zaildu ziela jarduna, baina pozik daude.
Pello Osoro eta Enara Oronoz, ikurrinarekin, Harbineko proba amaitu ostean.
Pello Osoro eta Enara Oronoz, ikurrinarekin, Harbineko proba amaitu ostean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2020ko urtarrilak 14

Egun gutxi dira Enara Oronoz (Otsagabia, Nafarroa, 1991) eta Pello Osoro (Eibar, Gipuzkoa, 1992) Harbindik (Txina) bueltatu direla. Iaz, otsailean, neguko triatloiko Espainiako txapelketa irabazi zuten, Vinuesan (Espainia), eta Txinan jokatzen den Munduko Kopako proba horretan parte hartzeko gonbita jaso zuten. Ondo prestatzeko tarte gutxi izan zuten, eta denboraldi hasiera zen, baina biak oso txukun lehiatu ziren. Osoro zortzigarren izan zen gizonezkoetan (1.28.00); Oronoz, berriz, bederatzigarren emakumezkoetan (2.05.56). Pavel Andreev (1.22.51) eta Daria Rogozina (1.34.27) errusiarrek lortu zuten garaipena. Lehenbiziko nazioarteko proba izan zen Oronozentzat; Osoro, berriz, kanpoan lehiatutakoa da.

Nolako bidaia izan da Txinakoa?

ENARA ORONOZ: Motza, baina oso bizia. Hegaldiak, materiala, lasterketa kanpoan izatearen urduritasuna... Ezjakintasuna eta ilusioa nahastu ziren bidaian. Izan ere, ez zen bakarrik lasterketa, baita Txinan edukiko genituen tenperaturak eta formatu aldaketa ere. Orokorrean, asko ikasi eta disfrutatu dugu.

PELLO OSORO: Niretzat ere esperientzia aberasgarria izan da. Asko ikasi dut, baina, aldi berean, oso gogorra egin zait. Neguko triatloi batek, berez, antolakuntza handia eskatzen du, eta, Txinan izatea gehitzen badiogu, oso gogorra bihur daiteke. Ez daukat esperientziarik halako bidaietan, eta antolakuntza aldetik zaila egin zitzaidan.

Gustura geratu al zarete azken emaitzarekin?

E.O.: Emaitzarekin baino gehiago, sentsazioekin gustura geratu naizen galdetu diot nire buruari, eta erantzuna ezetz dela esango nuke. Lasterketan zehar gorabehera asko izan nituen.

P.O.: Hasi aurretik emaitza hori izango zela esan balidate, zalantzarik gabe sinatuko nuen. Baina trantsizioetan akats larriak egin nituen, eta bukaerako emaitzan eragin zuzena izan zuten. Beraz, ondo ibili arren, badut zapore gazi-gozo bat emaitzarekin, posible ikusi nuelako aurrerago bukatzea.

Lehen hamarren artean sartzea, hala ere, bada zerbait, ezta?

P.O.: Badakit espezialista asko falta zirela, eta hankak lurrean eduki behar ditut. Hala ere, nik beti esaten dut lasterketak irteeran daudenen artean lehiatzen direla. 30 lagunen arteko lasterketa izan, edo 50en artekoa izan, ez dago nire esku. Beraz, postuarekin pozik nago.

E.O.: Bai, ni ere oso pozik nago. Errusiarra koska bat gorago dago beste guztiekin alderatuz. Argi ikusten da denboretan.

Nolako lasterketa izan zen?

E.O.: Lasterketa elur gaineko korrika saioarekin hasi zen; ondoren, mendiko bizikletara pasatu ginen; eta, azkenik, iraupen eskiko saioa izan zen. Korrika ez nintzen oso ondo sentitu, ez naizelako inoiz entrenatzen. Bizikleta hartu, eta lehen bihurgunean izotzarengatik lurrera jausi nintzen. Denbora dezente galdu nuen, baina jarraitzea erabaki nuen. Iraupen eskian, izugarri gozatu nuen, baina burua lasterketatik kanpo bezala sentitu nuen.

P.O.: Zirkuituak oso errazak iruditu zitzaizkidan. Neguko triatloia izateko, teknikoki ez zen maila handia behar, eta bizkorra zen. Hori alde nuen. Baina bazegoen beste faktore bat: hotza. Lasterketa hasieran, kartel bat ipini zuten, aireko tenperatura zero azpitik hamasei gradu zela esanez. Horrek asko gogortzen du lasterketa, batez ere ohituta ez bazaude.

Hemengo probekin alderatuta, zein izan ziren aldaketa nagusiak?

P.O.: Aldaketa nagusia da hemen egiten ditugun triatloietan asfaltoan aritzen garela korrika eta bizikletan. Aldiz, hemendik ateratakoan, dena elurretan egitea tokatzen zaigu, eta ez dauka zerikusirik. Euskaldun batentzat, horrelako lasterketa bat ondo prestatzea ez da batere lan erraza. Eskiatzeko baditugu aukerak, baina bizikletako zatia zehatz prestatzea oso zaila da. Gainera, Munduko Kopan, kirolarien maila askoz parekatuagoa da, eta akatsak garesti ordaintzen dira.

E.O.: Pellok esan bezala, korrikako eta bizikletako diziplinak elur gainean egin ditugu. Hortxe konturatu naiz nolako garrantzia daukan sektore bakoitza bere inguru zehatzean entrenatzeak.

Errusiarrak izan ziren nagusi proban. Hainbesteko aldea al dago haien eta zuen artean?

E.O.: Bai, alde handia dago, batez ere iraupen eskiko diziplinan.

P.O.: Ni ere uste berekoa naiz. Azken urteetan, errusiarrak dira modalitate horretan ondoen aritu direnak. Hala ere, duela urtebete baino gertuago ikusi dut neure burua, eta horrek lanean jarraitzeko gogoa areagotu dit. Poliki-poliki, gerturatuz joan nahiko nuke.

Zein izan zen hiru diziplinetan gogorrena?

E.O.: Niretzat, bizikleta. Ez nago ohituta elur gainean bizikletan ibiltzera, eta postu asko galdu nituen.

P.O.: Batetik besterako aldaketak [barrezka]. Hiru sekzioetan nahiko lehiakor ikusi nuen neure burua, baina, hotzaren ondorioz, trantsizioetan dena pikutara bidali izanaren sentsazioa daukat. Halere, hiruretako bat esan beharko banu, Enarak bezala, nik ere bizikletakoa esango nuke. Teknika gehien behar diren zatietan oraindik gabezia asko ditut, eta momentu batzuetan sufritzea tokatu zitzaidan.

Zuk, Oronoz, korrikako sektorean jada galdu zenituen lehen bostetan sartzeko aukera guztiak. Zer gertatu zen?

E.O.: Lehen esan bezala, korrikako saioan ez nintzen gustura sentitu. Nahiz eta gorputzak eta bihotzak gehiago emateko gogoa izan, hanketan ez neukan aurrera egiteko teknikarik eta indarrik, eta buruak ere ez zidan laguntzen.

Osoro, zuk, berriz, korrika saio ona egin zenuen.

P.O.: Korrikako sektorean ez nituen galdu aurrekoak: bertan ikusten nituen. Laukote bat elkartu ginen bizikletako zatirako. Oso aukera ona zen. Aldaketa egitean, ordea, talde osoa galdu nuen, eta atzekoekin konformatu behar izan nuen. Hor galdu nuen lehen bosten artean sartzeko aukera.

Zer asmorekin irten zineten?

P.O.: Esperientzia pilatu eta ikastea zen helburu nagusia. Baina oso lehiakorra naiz, eta neure burua ahalik eta aurreen ikusi nahi nuen. Nazioarteko neguko bigarren triatloia nuen, eta ezinezkoa zen emaitza bat aurreikustea.

E.O.: Lehiatzeko mentalitatearekin irteten naiz beti, eta ahal dudan guztia emateko asmoarekin. Baina, batzuetan, buruaren eta gorputzaren arteko sinkronizazioa ez da gauzatzen.

Denbora gutxi izanda, zer-nolako prestakuntza egin zenuten Harbinera begira?

E.O.: Nik Etiopian pasatu nituen azken asteak, eta korrikaldi saioak altueran egiteko aprobetxatu nuen. Baina, nahiko zaila egin zitzaidan han entrenatzea, burua beste egoera eta pentsamendu batzuetan nuelako une horretan.

P.O.: Nire helburu nagusiak neguko triatloiak dira, eta, Txinako gonbidapena jaso nuenean, horiek prestatzen nengoen buru belarri. Argi nuen, lehena izateagatik eta esperientzia faltagatik, Txinakoa ezin zela izan helburu nagusia. Beraz, aurreikusita neukan neguko prestaketarekin jarraitu nuen, eta Txinakoa ikasketa moduan hartu nuen.

Zer -nolako proba zen ikusita, ez al zineten gutxiegi entrenatuta joan Txinara?

P.O.: Ni ezin naiz kexatu, egia esan. Negua oso goiz etorri da gurera aurten, eta horrek beste urteetan baino gehiago eskiatzeko aukera eman dit. Arazoa hemendik aurrera etor daiteke. Elurra goiz etorri zen, baina, oraingoz, aurreikuspenak ez dira onak. Prestakuntza bide onetik jarraitzea gustatuko litzaidake.

Zaletasunik ba al dago Txinan neguko triatloiarekin?

P.O.: Joan aurretik galdetuz gero, ziurrenik ezezkoa esango nizun. Baina lasterketan baziren bertako triatleta dezente.

E.O.: Pellok esan bezala, bazen hango jendea. Hango selekzioa ere lehiatu zen. Ez dakit zaletasun handia dagoen, baina argi dago izugarrizko lasterketa osatu eta aurrera eraman dutela.

Txinakoaren ondoren, aurtengo denboraldirako zer asmorekin zabiltzate?

E.O.: Neguko triatloiak egin nahi ditut. Aurten, gainera, mendiko bizikletan ibiltzeko gogo handia dut. Baliteke nire aurtengo denboraldia apurtxo bat aldakorra izatea, kirolak tartekatuz. Udako triatloiren bat ere buruan dut.

P.O.: Nik ere, oraingoz, urteko lehen zati honetan neguko triatloiak egiten jarraituko dut. Lesiorik ez badut, denboraldi osoa egin nahi dut. Espainiako, Munduko eta Europako txapelketetan egotea da asmoa, eta hori prestatzen nabil. Negua pasatu eta gero, ikusiko dut nola antolatu udako denboraldia. Baina dena bere bidetik badoa, distantzia erdi eta luzean zentratuta jarraitzea espero dut.

Hemendik gutxira jokatuko da Espainiako Txapelketa, otsailaren 2an, Anson (Aragoi, Espainia). Zer helburu duzue?

P.O.: Nire helburu nagusietako bat da. Atzeratu egin dute, eta egokitu beharra izan dut. Baina bide onetik noalakoan nago, eta sasoi onean egoteko esperantza dut.

E.O.: Niretzat nahiko berezia da triatloi hori, Anson jokatuko delako.

Beste proba jakinik baduzue buruan?

E.O.: Lehen esan bezala, orain, neguko triatloiak dira nire helburua. Beste guztia martxaren arabera etorriko da. Baina mendiko lasterketetan ere lehiatuko naiz noizbehinka.

P.O.: Munduko eta Europako Txapelketez gain —Italian eta Errumanian jokatuko dira— Soulorren [Pirinioak, Frantzia] neguko beste triatloi bat egingo dut, eta, azkenik, Pauen [Frantzia] egiten duten Pyrenea Triathlonen ere egoteko asmoa daukat. Ondoren hasiko naiz udako egutegia pentsatzen eta erabakitzen. Azken urteetan bezala, Euskal Herriko distantzia erdiko triatloiak egitea espero dut.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Adineko batzuk paseoan, Bizkaiko zahar etxe batean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Beste 499 kasu Hegoaldean: arduraz jokatzeko eskatu dute agintariek

Olatz Esteban Ezkati

Jaurlaritzako agintariek eta hiriburuetako alkateek iragarri dute neurri zorrotzagoak hartzeko prest daudela. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan ostegunean baino 30 gaixo gehiago daude

Santos Indurain kontseilaria prentaurreko batean, artxiboko irudian. ©Jesus Diges/EFE

59 kasu atzeman dituzte Nafarroan

Berria

Pertsona bat hil da azken orduetan Tuterako osasun eremuan.

Nafarroako osasun langileak PCR probak egiteko prest, artxiboko irudi batean. ©Jagoba Manterola/FOKU

Oldarraldi bat atzeman dute Murillo el Fruto eta Zarrakaztelu inguruan

Berria

25 bat positibo detektatu dituzte; gehienak sasoikako langileen artean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna