Pilota. Binakako Txapelketako finala

Abian da atzerako kontaketa

Binakako finala jokatuko duten bi bikoteak konforme agertu dira pilotekin, nahiz eta Baikokoek «biziagoak» nahi zituzten. Lau pilotariek nabarmendu dute «gakoa» izan daitekeela lehiaren hasiera

Ander Imaz, Unai Laso, Jokin Altuna eta Julen Martija, igandeko finaleran erabiliko dituzten pilotekin, atzo, Miribilla Bilboko frontoian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jon eskudero
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Azken lanak soilik falta zituen Binakako Txapelketako finalak iganderako guztia prest izateko, eta lan horiek «gustura» eginda geratu dira lau protagonistak. Altuna III.a-Martija eta Laso-Imaz bikoteek atzo egin zuten piloten aukeraketa Bilbon, Miribilla pilotalekuan, eta ez zuten aitzakia handirik izan. Lanak egiten lehenak Aspekoak izan ziren, eta hiruzpalau minutu aski izan zituzten hiru pilota saskian sartzeko. Denbora gehiago behar izan zuten Baikokoek, baina konforme geratu zirela aitortu zuten, nahiz eta aurpegian irribarre handirik nabaritu ez: «Pilota guztiak oso antzekoak ziren, eta guk bizixeagoak topatu nahi genituen, baina ezin izan dugu. Halere, ez dugu aitzakiarik, pilota guztiak onak baitira», aitortu zuen Lasok.

Garai batean ez bezala, aspaldiko pilota hautaketetan bakea nagusitu izan da, eta atzo ere ez zen protesta handirik izan. Giro ona nabaritu zen lau pilotarien artean, eta nabarmentzekoa izan zen soilik Martija azaldu zela esku batean takoak jarrita. Hura aritu zen lehenik pilotak hormaren kontra probatzen, eta hark eta Altuna III.ak pilota astunagoen alde egin zuten: «Txapelketa osoan oso pilota onak egon dira, eta finalean ere halaxe izango da. Sei pilotak dira jokatzeko egokiak. Ez dira biziegiak, baina bai azkarrak. Gustura geratu gara», esan zuen Altuna III.ak. Lasok eta Imazek ez zuten eskuetan takoak ipini beharrik ere izan materiala aukeratzeko, baina kosta zitzaien erabakia hartzea: «Final bati begira detaileak ongi zaindu behar dira, eta nahiago izan dugu erabakiak lasai hartu. Eskertuko genuen pilota biziagoren bat, batez ere frontoiak horretarako aukera ematen duelako. Baina tira, gustura gaude», azaldu zuen Lasok.

Piloten inguruan aldea erakutsi zuten bi bikoteek, baina finalari begira iritzi bera plazaratu zuten: hasierak izango duela aparteko garrantzia. Martijaren esanetan, izerdi tantatan ekin beharko diote partidari: «Oso ongi berotu beharko dugu, eta kontzentratuta egon. Ikusi besterik ez dago duela bi aste zer gertatu zitzaigun euren kontra. Hotz hasi, eta ohartzerako 22-6 galdu genuen».

Kritika ugari piztu du partida hark, besteak beste, Aspekoek lanak eginda zituztenez, euren onena eman ez zutela argudiatuta. Neurketa haren antz gutxi izango du finalak, ordea, Imazen esanetan: «Oso bestelakoa izango da. Bi bikoteak itsu-itsuan kantxaratuko gara lehen tantotik, eta fisikoki gogor egotea ezinbestekoa izango da. Pentsatzen dut oso final gogorra izango dela».

Halako egunetan ohikoa denez, urduritasunak eta tentsioak zeresana izan dezakete. Altuna III.ak eta Martijak eskarmentu handiagoa dute finaletan, eta hori lagungarri izan daiteke. Dena den, amezketarrak ez du txapelik binaka, baina ez du datu horrek itsutuko: «Ilusio handia egingo lidake txapel hau irabazteak. Banaka final asko jokatu ditut, baina binaka ere nahi nuke podiumaren gorenera igo». Hiru modalitatetan txapeldun izatera iritsi nahi luke, izen handiekin elkartzeko: Retegi II.a, Arretxe, Olaizola II.a, Martinez de Irujo, Barriola, Urrutikoetxea eta Bengoetxea VI.arekin: «Latza litzateke zerrenda horretara gehitzea, baina igandean tanto bakar bat bera ere ez dut jokatuko horretan pentsatzen. Nire lana ongi egiten saiatuko naiz, eta etorriko da etorri beharrekoa». Martijak, berriz, bigarren finala izango du, orain bi urte txapeldun izan baitzen, Joseba Ezkurdiarekin: «Orduan publikorik gabe jokatu genuen, eta orain harmailak gainezka daudela ariko gara. Normalean nahiko pertsona lasaia naiz, eta espero dut urduritasunari eustea».

Altuna saihestea xede

Baikoko bikoteak, berriz, presio gehigarri bat izan dezake, euri asko egin baitu euren enpresak azken titulua lortu zuenetik: 2017an Bengoetxea VI.ak buruz burukoa irabazi zuenetik. Horri begira egoterik ez dute, Imazen ustez: «Irabazten badugu, datu txar hori apurtuko dugu, baina gure helburua ez dago horri lotuta. Gure lana serio egitera kantxaratu behar dugu. Estrategiak zein izan behar duen ondo baino hobeto dakigu». Lasoren ustez, ez dago oso bizkorra izan beharrik estrategia zein den jakiteko: «Gure artean ez dago sekreturik. Batez ere, bion artean jokoa atzean kargatzen saiatu beharko dugu, eta aurrean, aukera dugunean tantoa bukatzen. Altuna III.a jokoan gutxi sartzea gakoa izango da».

Finalak ikusmin handia sortu du, eta ehun sarrera baino gutxiago gelditzen dira saltzeko, guztiak kantxakoak. Apustuak Altuna eta Martijaren alde daude gaur-gaurkoz, nahiko garbi: 100-75i.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.